'Errusiar diskoteka'

Errusiatik Alemaniara, umorea lagun

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Egilea: Wladimir Kaminer. Itzultzailea: Mari Jose Kerejeta. Argitaletxea: Pasazaite.

Euskal irakurleok zorte itzela dugu Pasazaite argitaletxearen eskaintza bereziaz gozatzeko aukera izateagatik. 2012an sortutako argitaletxe hau gaur egungo literatura itzulian espezializatuta dago. Nazioartean agian entzute handirik ez, baina, obraren kalitate ona dela eta, jatorrizko herrialdeetan ospea lortu duten liburu ezin originalagoak, itzultzaileari baldintzarik onenak bermatuz, mimo osoz euskarara ekartzen ditu. Aurkeztu berri duen azken lanak Errusiar diskoteka du izenburu, Wladimir Kaminerrek idatzia da, eta Xabier Queiruga editoreari esker izan ez balitz, bestela nekez ezagutuko genituzkeen testu bakar horietakotzat jo dezakegu.

Wladimir Kaminer 1967an Errusiako familia judu batean jaioa da; 23 urte zituela, Berlinera emigratu zuen, han alemana ikasi zuen, eta idazle arrakastatsu bihurtu zen. Egilearen biografiako datu horiek ezagututa, beraz, Errusiar diskoteka obran, protagonista narratzailea irudikatzeko behintzat, autofikziotik abiatu dela esan daiteke. Izan ere, Ekialdeko Berlinen juduak hartzen dituztela jakinik, Errusiatik hara mugitzen den mutil gazte baten testigantza zintzoak betetzen ditu liburuko 207 orrialdeak, 90eko hamarkada osoa hartuta. Egiaz, lana 50 narrazio labur inguruk osatzen dute, horietako gehienek hiru orrialde baizik ez baitituzte.

Inork ez dezala espero kritika soziopolitiko edo errealismo gordin agerikorik, ezta emigrazioaren dramarako tarterik ere; are gutxiago, giro ilun, pairamen larri edo tonu tristerik. Kaminerrek, berezkoa duen umore partikular hura arma bakartzat baliaturik, halako gai bat ikuspegi surrealista bezain original eta, batez ere, zeharo baikor batetik landu daitekeela erakusten digu. Errealitateari izkin eta sakontasunari uko egin gabe, bizitzako kontu transzendenteak anekdota alai bihurtzen ditu sarri. Hasierako narrazioek protagonistaren pausoen berri ematen badute ere, orrialdeak aurrera narratzaileak bizimodua nola edo hala ateratzeko borrokan ari diren pertsona konkretu askoren pasadizoak kontatzeari ekiten dio, xelebrekeria ugari tartean. Era horretan, Berlinera hainbat herrialdetatik iritsitako pertsonaia ugariren istorioetan oinarrituta, hiriari eta gizarteari argazki bitxia ateratzen die, ezagutzen dugunaz oso bestelakoa, baina zintzo-zintzoa, halere.

Hizkuntza-molde arin eta fresko xamarra erabiliz, Kaminerrek neurri txikiko kapituluetatik astun gerta daitekeen arrasto oro ezabatzen du; horren ordez, testuari ustezko espontaneotasuna dario, irakurketa zinez atsegina bultzatzen duena. Harrera goxo horretan Mari Jose Kerejetaren lan egokiak ere badu garrantzirik, jakina. Liburuaren dohain nagusietako bat idazleak, ume bihurrien antzera, nahieran darabiltzan ironia, anbiguotasuna eta umorearen baliabideak dira. Kontrazalean esaten zaigunez, halakoa omen da errusiar umorea: zenbaitetan garratza, bestetan zuriagoa, baina edozelan ere, pasarteei behar duten bizitasuna eransteko ezin aproposagoa. Errusiar diskoteka irakurleok entretenitu eta, paragrafoz paragrafo ia, gu ezustean harrapatzeko helburua eraginkorki betetzen duen literatura baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.