Albistea entzun

'Ehiztariaren isilaldia'

Ezkaba ezin ezabatu

Hasier Rekondo -

2016ko otsailak 21

Egilea: Luis Garde. Argitaletxea: Pamiela.

Euskal kritikagintzaren eta edizioaren eguneroko ajeen ondorioz, badira kasik ezkutuan igarotzen diren liburuak. Hala nola Luis Gardek (Iruñea, 1963) 2015aren azken hondarretan argitaratutako Ehiztariaren isilaldia (Pamiela, 2015). «Gorriak eskapatu egin dira, denak akabatu behar ditugu, kagoendios». Isiltasuna urratzen duten ehiztarien hitzokin ekiten dio Luis Garde idazle iruindarrak liburu mardul, sakon eta poliedriko honi, prosa poetikoaren bide zailduetan barrena, ahanzturaren aurkako orro isila.

Ezkaba mendiko kartzela frankistatik, 1938ko maiatzaren 22an, matxinatutako presoen talde batek ihesari ekin zion. Giza-ehizaldiaren ondoren gertaturiko sarraskiaz ari zaigu nobela poliedriko honetan orain arte nagusiki poesigintzan aritutako Luis Garde. Ihesaldiaren gaineko kronika historikoa izan nahi duen arren, liburuak baditu beste zenbait alderdi are erakargarriago egiten dituena: auto-fikzioaren itsasoetan barna idazlearen bizipenen gaineko sorkuntzaz eratu dietarioa, familia oroimenak eta isiltasun ezkutuei buruzko pasarteak (ene ustez liburuak duen alderdirik sakonena), bi iheslariren gaineko kronika beldurgarria, poemetan islatutako ihesaldia (bitxiki, egilea poeta izanda liburuko parterik ahulena, kontakizunak beste molde batean errepikatzeko arriskuak eraginda), gaizkiaren eta injustiziaren gaineko saiakera, besteak beste.

Idazleak lar urrun ikuskatzen baititu Iruñeko setioan gerra karlisten garaiko guda erromantikoagoa, horregatik ekiten dio erromantikotik ezer gutxi duen Guda Zibileko erailketa masiboaren zirrikituetan galderak egiteari, memoria galtzeko arriskuaren kontrako liburu terapeutikoa, barka hitza, eta testigantza pertsonala, memoria bera museo batean gorde edo ezkutatu nahi dutenen aurkako ukabilkada etikoa.

Gogoangarriak dira, esaterako, kontakizunaren protagonista ere baden Luis Garderen poetikaren gaineko hausnarketa, «hedapen urriko poemen idazle batek» nobelaren azalari kasu eginez gero, iruzkingile ospetsu batek haren poesia «epikotzat» jo baitzuen. Egileak iruzkingilearen xerkan abiatzeko gogoa adierazten du, ditxosozko epikotasun hori argitu guran. «Gaurko poema epiko bat, etikoki eta estetikoki faxista izanen ez bada, lirikoa baizik ezin da izan», Ezkabako ihesaldiaz eraiki nahi litezkeen epikotasun guztiak ezabatuko ditu, jende arrunt-ehiztarien arrazoiak ulertu ezinik, gaizkia bera entelegatzea arras nekeza baita.

Nobela handia benetan Ehiztariaren isiltasuna, ezinbestekoa memoria edulkoratu nahi dutenen aurrean. Istorio horrek idaztea eskatzen zuen, ez baitzen epikoa, jasanezina baino. Eta nor hobe Ezkaba mendiaren ehizaren hautsetatik hezitako Garde baino. Narrazioaren itsaso handietan barneratzeko pauso ausarta eta ederra eman du iruindarrak. Poesiaren altzoetatik eraikitako narrazio indartsua, gure historiaz lazgarri egiten zaigun guztia kontatuz soilik ezin baita irentsi, irensterik baldin badago, bestela isiltasunari gailenduko baita.

Ezkabako San Kristobaletik 1938ko maiatzaren 22an ihes egindako 795 presoetatik 585 atxilotu eta presondegi-infernura itzuli zituzten eta 207 erail. Hiruzpalauk besterik ahal izan zuten Frantziako muga zeharkatu. Ehiztariek memoria ezabatzen saiatu arren, Luis Gardek memoria berreskuratzeko artelana eraiki du, ehiztari bilakatutako pertsonen zioak aurkitu nahian. Infernuko ateetan, isiltasunaren zama eramangaitzagoa baita heriotzarena baino.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.

Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.