Donostiako 66. Zinemaldia. kritika. Perlak

Norberaren ametsei jarraitu

Borrokalariei buruzko filma egin du Panahik. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'3 Faces'

Zuzendaria: Jafar Panahi. Herrialdea: Iran.Iraupena: 100 minutu.

Marziyeh neska gazteak aktorea izan nahi du. Baina haren familiak eta bizilagunek ez dute onartu nahi erabaki hori, komediantea izatea oso gaizki ikusita baitago Marziyehren herrian. Etsita, bere buruaz beste egiteko asmoa duela erakusten duen bideo bat bidaliko dio Behnaz Jafari aktore ezagunari, bere egoera uler dezakeela pentsatuz. Jafari, Jafar Panahi beraren laguntzaz, neskari bila joango zaio jaioterrira, mendiarteko herri txiki batera. Gertatu dena ulertu nahian, herriko hainbat pertsonarekin gurutzatzen joango dira, pixkanaka misterioa argitzen doazen bitartean.

Lehen eszena indartsu batek irekitzen du filma; neska gazteak haren sakelakoarekin grabatzen du nola urkatuko den. Jafarik zer edo zer egin izan balu, egoera bestelakoa izan zitekeela adierazten du bideoan, eta, beraz, errudun sentituta, egoera argitzera joatea erabakitzen dute aktoreak eta zuzendariak. Baina hasieran bilaketa bati buruzko film bat badirudi ere, berehala bihurtuko da beste zerbait: norbere ametsak hautatu ahal izateko borrokatzen diren pertsonei buruzko kontakizun txiki baina indartsua.

Maisutasunez gidatuko gaitu Panahik herri txiki horretako pertsonaien ezagutzan. Plano luze bezain esanguratsuek, umorez beteriko elkarrizketa zentzugabeek eta detaile txikiz zertzelatutako pertsonaia hunkigarriek goxotasunez beteko dute istorioa. Mezu indartsu bat bidaltzeko giro egokia sortu du zuzendari irandarrak, konplizitatez beteriko uneek eta pertsonaia karismatikoek ez baitute apaltzen filmak egin nahi duen kritika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.