Obradoiro hartuko du gaur Bilbo Basketek, eta Baskoniak, Tenerife

ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Etxean ariko dira, gaur, ACB ligan jokatzen duten bi taldeak: Retabet Bilbo Basket eta Kirolbet Baskonia. Bizkaitarrak izango dira jokatzen aurrenak. Obradoiroren bisita jasoko dute (12:30). Iluntzean jokatuko du Baskoniak, 20:00etan, eta Iberostar Tenerife hartuko du.

Espainiako Koparen eta selekzioen arteko partiden ondorioz, ia hilabete da Bilbo Basketek Miribillan jokatzen ez duela. Alex Mumbru entrenatzaileak herenegun nabarmendu zuen «gogoz» daudela berriz etxean lehiatzeko.«Zaleen babesa behar dugu». Kanporaketak jokatzeko postuetan daude bizkaitarrak, baina teknikariak zuhurtzia eskatu du. «Gure helburua igandeko [gaurko] partida irabaztea da. Oker egingo dugu sailkapenari erreparatzen badiogu». Taldeak egin berri dituen bi fitxaketak —Tyler Haws eta Quentin Serron—«egokitzen» ari direla berretsi zuen. «Denbora apur bat behar dugu berriz ere talde gisa aritzeko, baina hori ezin da aitzakia izan». Obradoiroren inguruan ere mintzatu zen:«Moncho Fernandezen jokatzeko erarako jaurtitzaile oso aproposak ditu, eta uztaipean joko oso indartsua».

Sasoiko emaitza bolada onenean da, berriz, Baskonia. Dusko Ivanovicen taldeak lau garaipen daramatza errenkan, Euroligaren eta ACB ligaren artean. Baina ez du partida erraza izango, Tenerife laugarren baitago sailkapenean, Baskonia baino hiru garaipen gehiagorekin. Partida berezia izango da Marcelinho Huertasentzat, Buesa Arenara itzuliko baita, udan Gasteiz utzi eta gero.

Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu zuen herenegun, Euroligan, Alba Berlinen kontra (73-72), eta bete-betean dago zortzi onenen artean egoteko lehian. Baina ikusteko dago jokalariak nola osatzen diren egindako ahaleginetik. Zoran Dragic eta Shavon Shields zalantza dira, eta partida hasi baino minutu batzuk lehenago argituko da jokatzeko moduan diren. Dragicek bihurritua du orkatilan, eta giharretan arazoak ditu Shieldsek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.