HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Tango iritsita, hiru dira'

Pinguino mutilen bikotea

Egilea: Justin Richardson & Peter Parnell. Ilustratzailea: Henry Cole. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela - Kalandraka.

2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Izenburuak okerreko irudia sor lezake eta garbi esan dezagun: hau ez da musika liburu bat, are gutxiago Argentinako kulturaren erakusleiho bat. Eta kito. Liburu atsegina da, dibertigarria ere bai, baina hemen amaitu dira bromak.

Egiazki, adin guztietarako egokia den obra hau jakintza liburu baten eta aldarrikapen sozialaren artean kokatu daiteke, bietarik ere badaukalako, ipuin baten jantziarekin bilduta.

Irudiz ongi horniturik eta tapa gogorretan babesturik dator, zabalduta 56 cm hartzen ditu, formatu etzanekoa baita. Azalean antzeman daitekeenez, irudiekin egiantzekotasuna bilatzen da, kolore eta forma naturalak direlarik nagusi, baina animaliak humanizatzeko joera antzeman daiteke, eta agertzen diren pertsonak karikaturizatzekoa.

Funtsean New York hiriko zoo batean izandako gertakari baten berri ematen da, fikzioaren muga inoiz igaro gabe, obraren amaieran dauden azalpen ohar mamitsuetan jakinarazten denez.

Antza, Central Parkeko zooko pinguinoen sailean bi arrez osatutako bikote bat sortu zen, era naturalean. Gainerako bikote heterosexualen portaera bera erakusten omen zuten —habia eraikitzeko orduan ere bai—, eta haien zaintzaileak aukera hori aprobetxatu omen zuen, ondoko habietako arrautza bat gurasorik gabe geratu zenean. Saiakera arrakastatsua suertatu zen. Bi pinguino arrek guraso arduratsuak zirela erakutsi zuten, prozesuaren amaiera arte. Liburuan esaten denez, bi aita hauek euren kumea bikain hazi eta hezi zuten. Gertakariak zabalkundea behar zuela iritzi zioten, eta eskuartean dugun obra horren adibide da.

Liburua osatzeko pinguinoen bizimoduaren azalpenak ematen dituzte, gertakariaren testuingurua eraikitzeko lanekin batera. Honegatik edo, testuak azalpen liburuen kutsu neutro eta zientifikoa du —balizko irakurleak adinez txikiak direnean pisuak gertatu daitezkeenak—, baina irakurketa errazki bihurtzen da interesgarri gertakariaren ezohikotasunaren hariari tira eginez.

Bestalde, bistan da familia ereduez egiten diren hausnarketak janzteko lagungarri suerta daitekeela, batik bat eredu bakarraren aldarrikatzaileei ikusarazteko naturan ere badirela aukera bat baino gehiago.

Ez dut amaitu nahi itzulpenak egin didan zimikoa aipatu gabe. Duen kalitatea zalantzan jarri nahi izan gabe, jatorrizkoarekin erkaturik testua astundu egin dela iruditu zait, itzultzailearen hautuengatik, eta ez hainbeste euskararen mugengatik. Adibide esanguratsu eta polemiko pare bat jarriko ditut mahai gainean, eztabaidarako: ingelesez «boy penguin» dioen lekuan euskaraz «pinguino ar» dio, pinguino mutil infantilago baten kaltetan; eta «They must be in love», «Elkar maite dute nonbait» itzuli da, maitemin hitzak darion gozotasunari heldu beharrean. Halako gehiago ere badaude, ingelesez ez dagoen zurruntasuna erantsiz lehendik ere aisiazko irakurketaren mugan dagoen testuaren kalterako, nik uste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.