'Post-it bizitzak'

Puskak biziz

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Egilea: Iolanda Zuñiga. Itzultzailea: Iñigo Roque. Argitaletxea: Pasazaite.

Literatura galegoa da fikzioaren eskutik munduan zehar ibiltzera gonbidatzen gaituen Pasazaite argitaletxearen azken geralekua. Iñigo Roque Eguzkitza itzultzaile finari zor diogu Iolanda Zuñiga idazle errekonozituak 2007an kaleratutako ipuin laburren bilduma euskaraz irakurri ahal izatea.

Liburuko hamaika protagonistak beren baitako miserietan hondoratuta daude, batez ere porrot sentimentalek jota. Gabezia, galera eta sekula lortu ezingo duten horri iltzaturik bizi dira. Beren gogoeten bidez, bizitza puskatuak irudikatzen dituzte, batzuetan haserre eta besteetan axolagabe jasaten dituzten egoera bidegabeen berri emanez, irakurleokin bizitzaz duten ikuspegi originala partekatzearekin batera. Jarrera sumindua antzematen zaie eguneroko gertakari txikien aurrean.

Erresumin hori kontakizunari ere kutsatzen zaio, antza, diskurtsoa osatzen duten hausnarketek irakurleon begietara jaurtiak izateko idatziak dirudite eta. Aldi berean, unean uneko narratzaileak deskribapen adierazgarrien eremuan murgiltzen gaitu, non tonu iradokitzaileak emozioei deiadar egiten dien. Samurtasunik eta edertasunik gabeko hizkera darabil, bilatutako espontaneotasun baten isla. Narrazioari amorruz etabortizkeriaz heltzen dio, orain ironiaz, orain sarkasmoz. Gupidagabeki. Ez dago zuzenkeriarik haren hitzetan; kontzeptu zaharkitua eta jadanik zentzuz hustua ez balitz, autorea transgresioaz baliatzen dela esango nuke.

Testuak pausa gutxi ditu, tentsioak uneoro goiari eusten diola. Esaldi luze xamarrak maiz korapilatsuak suerta daitezke, bakoitzak hainbeste kontzeptu biltzen eta adierazi nahi ditu. Diskurtso iluna izatera iritsi gabe ere, hitz gutxitan ideia asko pilatzeko joera erakusten duen neurrian, dentsoa bada. Tarteka trinkotasun hori hautsiko lukeen arnasguneren bat eskertzekoa litzateke.

Ipuinen laburtasuna kontuan hartuta, bilakaera handirik ez dute; aldiz, bi estrategia txandakatzen dira: istorio batzuek abiapuntu edo planteamendu original bat eskaintzen duten bitartean, beste zenbaiten kasuan irakurleok ezustekoa hartuko dugu amaieran. Idurre Eskisabelen hitzaurreaz gain, liburuak 45 ipuinetik gora ditu baina, halere, bilduma bati dagokion batasuna erakusten du. Pertsonaia galtzaileak, eguneroko gaien inguruko hausnarketak, era guztietako porrot sentimenduak, amorruzko tonua, diskurtso desordenatua... alderdi horiek guztiak obran zehar behin etaberriro errepikatuko dira.

Idazleak, bestalde, ipuinei musika-mugimendu klasiko jakin bat adierazten duen izenburu bana ezarri die, italieraz, horien bitartez jolas moduko bat abiaraziz, non istorio bakoitzaren intentsitatea eta erritmoa izenburuak adierazitakoarekin bat datozen. Halere, bilduma bat izanik tentazioa handia izan arren, ez da komeni ipuintxoak bata bestearen atzetik irakurtzea. Irakurketa jarraituak ipuinek banaka eragiten duten tentsio-efektua zapuzten duelakoan nago; lana apurka-apurka dastatzearen esperientzia lausotzen duen heinean, monotonia-sentsazio faltsu bati bidea eman diezaioke.

Post-it bizitzak liburu berezia da, ez da drama ohikoa, ez argumentuari ez narrazioari dagokienez, eta bertan kontatzen dena eta kontatzeko moldearen artean erabateko oreka, egokitasun betea antzematen da. Zuñigak gizarte-giro zalapartatsuan apaldutako periferiako ahotsen garrasiak igorri nahi dizkigu eta, aldi berean, fikzioa emozioen pizgarri gisa ulertzen duen idazlearen literaturaren kontzepzio berezia aldarrikatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.