HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Zer demontre dago aulkien azpian?'

Paradisua fantasian datza

Idazlea: Harkaitz Cano. Ilustratzailea: Lorena Martinez Oronoz. Argitaletxea: Pamiela.

Imanol Mercero -

2017ko otsailak 19
Tapa gogorreko liburua da, tamaina ertainekoa (17x22 cm), hogeita bost ilustraziorekin eta hogeita hiru narrazio laburrekin osatutakoa. Ilustrazioak narrazio bakoitzaren amaieran daude, eta orrialde osoa hartzen dute; zentratuak ageri dira, inguru zuri handiarekin. Testuek ere aire handia dute, kontakizunek arnasa larritasunik gabe hartzeko edo.

Irudi eta letren artean batasun bat dago motiboen agerpenean, bai eta tonuan ere: ukitu surrealista bat agertzen dute, bigarren esanahietara lerratzeko joera garbiarekin, irakurlearen irudimena kitzikatzen.

Halako ezaugarriekin ez da harritzekoa Karlos Linazasororen obra etortzea gogora —bereziki Bat-batean krispetak (testu mota desberdinak direla aintzat hartuta ere)—, gure Haur eta Gazte Literaturako (HGL) sortzaileen artean Linazasoro inor baino gehiago eta maizago lerratu baita irudimenaren eldarnioa dei daitekeen eremuan.

Haatik, hiru sortzaileek abiapuntua elkarrekin banatzen dute, baina ez formak, eta are gutxiago helmuga. Linazasoro beste baterako utzita, Martinezen irudiez esan liteke gag bisuala lortzen dutela, irakurlea bigarren irakurketa —are, irakurketa paraleloen mundua— bilatzera bultzatuz, baina ez dira hortik pasatzen, formatuaren eta obran duten zereginen ondorioz, suposatzen da.

Canoren testuak egunerokoan oinarritzen dira, eta hari ematen dioten irakurketa desberdin edo berriaren bidez eraikitzen dute dela ezustekoa, dela paradoxa, dela kontrastea; metafora higatu bat erabiltzea zilegi bazait, mundua ikusteko betaurrekoak aldatzea proposatzen digute. Hemen kokatzen dut HGLren ia betierekoa den asmo pedagogikoa, eta hemendik iruditzen zait abiatzen direla testu hauen ahaleginak.

Baina ezin da sinplifikazioan erori. Ipuinok lezio bat eduki dezaketela diot, baina irakaspena ez da esplizitua, Ruben Ruizen Anekdotak (edo Anjel Lertxundiren Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer?) irakurtzean bezala, irakurlearen eta testuaren arteko harremanak sor dezakeen emaitza baizik.

Irakurketak ugariak izanik, azalean doan mezuak beti du asmo batbedera, obrari izenburua eman dion ipuinak duena: Baina zer demontre dago aulkien azpian?, eta Canok atzeko azalean erantzuten duena, irakurlea xenda pedagogikora erakartzeko: Paradisua agian...

Ez da gaiztakerietan ibiltzen, ez du aldarrikapena kriptiko bihurtzen, baina oreka mantentzea lortzen du, moralina kutsuko testu moldeetatik urrun dabilelako. Horren ordez, Joseba Sarrionaindiak Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako lanean egin zuen bezala jokatzen du, edo guztien eredu izan daitekeen Gianni Rodariren Telefonozko ipuinak-en antzera, edo, zergatik ez, Ursula Wolfelen 29 ipuin zoro-n bezala. Eta sinisten ez badidazue, erka itzazue W├Âlfelen Belar-ilearen ipuina eta Canoren Bizarberde.

Izan ere, paradisua fantasian datza...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna