Hezkuntza. Jaurlaritzaren txostena

Berritu beharra agerian

Hezkuntzari buruzko diagnostikoa egin du Jaurlaritzak: emaitzetan arazo batzuk sumatu ditu. Belaunaldi aldaketa dator: irakasleen erdiek 50 urtetik gora dituzte

Berritu beharra agerian.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Aldaketa premia mahai gainean jartzen duten zantzuak agertzen hasi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza. Diagnostiko bat egin du Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza arloko estatistikak eta emaitzak oinarri hartuta, eta, haren arabera, aldaketarako urteak datoz. Batetik, jende aldetik daude berritasunak: irakasleen artean erretiro asko izango dira datozen urteetan, eta ikasleen soslaia ere aldatzen ari da urteotan —guraso migratzaileak dituzten ikasleak eta hezkuntza premia berezikoak, adibidez—. Bestetik, emaitzek jarri dute aldaketa premia mahai gainean: oinarrizko arloetan geldialdia nabari da, eta euskararen irakaskuntzan, apalaldia. Diagnostikoa hezkuntza legerako oinarria izatea nahi du Jaurlaritzak.

(klikatu infografia, handiagoan ikusteko)



Agintaldirako helburuen artean jarria du Jaurlaritzak hezkuntza legea. Denbora aldetik ez da bideragarria agintaldia bukatzerako legea onartuta egotea, ikusita nolako eztabaidak sortuko dituen. Hala ere, proposamena aurkeztu behintzat egingo du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. «Diagnostiko hau beharrezkoa da lan egiteko eta gogoeta egokia egiteko. Legea lantzen ari gara, eta espero dugu urtea bukatzerako aurreproiektua onartuta izatea».

Aurreproiektua aurkeztu ondoren, kontsultarako epea hasiko da, eta ondoren egingo du proiektua gobernuak. Legebiltzarraren esku geratuko da gaia azkenik: haren ardura da legea onartzea. Gobernuaren nahia da 1993ko legea gainditzea —eskola publikoari buruzkoa da—, betiere «orain arte eraikitakoa» oinarritzat harturik.

Lege horri buruzko eztabaida «datu objektiboen» gainean egite aldera landu du diagnostikoa Hezkuntza Sailak: datozen urteetarako erronkak zein diren aztertu nahi izan du. Ikasleei dagokienez, aldatzen ari da soslaia —guraso migratzaileak dituzte gero eta ikasle gehiagok—, eta jaiotza tasa ikusita, ikasle kopuruan beherakada izango da datozen urteetan —Haur Hezkuntzan nabari da ja—.

Irakasleei buruzko datuak ere ageri dira diagnostikoan. Desorekak daude. Bat, genero aldetik: lautik hiru emakumeak dira. Bestea, adinean: 50 urte baino gehiago dituzte irakasleen erdiek, eta 30 urtez azpikoak %3 soilik dira. Aldaketa handiak etorriko dira, beraz, datozen urteetan —jadanik hasiak dira, inoiz baino lan eskaintza handiagoak egiten ari baitira—.

Europako helburuak

Hezkuntzako jardunari dagokionez, Europako Batasunak ezarritako helburu gehienak beteak direla nabarmendu du Jaurlaritzak. Eskola uztearen datua, adibidez, nabarmentzekoa da: ikasleen %7 eskasek alboratzen dituzte ikasketak eskola graduatua atera orduko —Europak %10 du 2020rako helburutzat jarria, eta gaur egun, batez beste %11 da eskola uztea—.

Eskolako emaitzek eragin dute kezka urteotan, hala ere. Jaitsiera erakutsi dute ebaluazio diagnostikoek eta PISA azterketak. Bi aldeko txanpona agertu du PISAk. Batetik, maila apaleko ikasleen portzentajea txikiagoa da OCDEko herrialdeen batez bestekoarekin alderatuta. Bestetik, ordea, berdin gertatzen da maila altuko ikasleekin: herrialde horietan baino gutxiago dira. Jaurlaritzaren beraren ebaluazio diagnostikoek, berriz, erakutsi dute emaitzak kaskartu egin direla urteotan.

Euskararen irakaskuntzan ere nabari da geldialdi hori, nahiz eta D ereduan gero eta ikasle gehiago egon eta euskara etxean jasotzen duten ikasleak ere gehiago izan. Ebaluazioaren arabera, izan ere, 14 urterekin, ikasleen %45ek ez daukate nahiko euskara mailarik.

Hezkuntzara bideratutako baliabideak ere sartu dituzte azterketan; adierazi dute BPG barne produktu gordinaren %5 bideratzen dela hezkuntzara. 2013an jo zuen behea inbertsioak, eta gora egin du ordutik. Gogoan izatekoa da, ordea, gatazkak ez direla isildu. Itunpekoan, protestan dira eskola erlijiosoetan, eta publikoan, dei egin die ELAk Steilasi eta LABi. Gatazka horiek erabat baldintzatuko dute legearen bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.