Koronabirusa

Bigarren olatuko gaixo gehien dago orain ZIUetan

Koronabirusaren eraginez, 172 lagun daude ZIUetan erietxeraturik. Beste 1.881 positibo zenbatu dituzte Hegoaldean, eta bi lagun hil dira

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Asteotako kutsatzeak nabarmen ari dira eragiten ospitaleetan, eta egunetik egunera gero eta gehiago dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan erietxeratutakoak. Kopuruak goia jo du: 172 lagun dira, bigarren olatuko gehiena. Guztira, 882 gaixo daude birusarengatik ospitaleraturik.

Azken datuen arabera, birusagatik hildakoen emaria ez da eten. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 63 urteko gizonezko bat eta 89 urteko emakumezko bat hil ziren herenegun.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, beste 1.881 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian herenegun egindako zenbaketetan, bezperan baino 109 gehiago. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 19.027 proba egin zituzten, eta horien %9,9k eman dute positibo. Osakidetzak egindako testei dagokienez, %10en langara ailegatu da ehunekoa.

Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zuten kasu gehien: 671. Bizkaia du atzetik: 621 zenbatu zituzten herrialde horretan. Nafarroan, berriz, 420 detektatu zituen Osasunbideak, aurreko egunean baino 73 gehiago, alegia. Lurralde horretan, kasuak ugaritu egin ziren bezperako datuen aldean, baina, hala ere, apaltzea antzeman daiteke azken bi asteetan erregistratutako datuekin konparatuta. Izan ere, asteartean egindako probetan 340 kasu atzeman zituzten, baina, egun horretakoa salbu, gobernuak atzo emandakoa da urriaren 22tik izandako daturik onena. Halaber, beste behin, Arabako kutsatu kopurua nabarmen txikiagoa da Hegoaldeko gainerako lurraldeen aldean: 152 izan ziren.

Intzidentzia tasari dagokionez, Nafarroak dauka oraindik ere Hegoaldeko daturik makurrena. Zehazki, 100.000 biztanleko 1.077 laguni atzeman dirte birusa. Gipuzkoak ere gainditu du milakoa: 1.032koa da intzidentzia tasa. Bizkaian 632koa da, eta Araban, aldiz, 510ekoa. Han, tasa estreinakoz da 500 baino handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.