Koronabirusa

Positiboen gutxitzea zuhur hartu dute

mikel p ansa
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Positibo berri gehiago (422), eta heriotza gehiago (39) zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herriko administrazioek, baina beheranzko joera bat nabaritu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: bigarren egunez jarraian, gutxitu egin da positibo berrien kopurua. «Zuhurtziaz» hartu du Nieves Askunze Nafarroako Epidemiologia Zerbitzuko buruak; joera ikusteko, beste bizpahiru egun beharko direla zehaztu du. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua ere zuhur agertu da, baina esperantza agertu du kasu berriak «ordoki» batera iristen ari ote diren; alegia, egonkortzen ari ote den.

Atzo jakinarazitako datuekin, 8.648 pertsona kutsatu ditu koronabirusak otsailaren 28az geroztik. Horietatik, 441 hil dira. Herenegun jakin zen Baionako erietxean egondako bi gaixo ere hil direla; Lapurdiko aurreneko heriotzak dira [ZUZENKETA: ARS osasun agentziaren Pirinioetako buruak asteartean jakinarazi zuen Baionan gaixo bat hil dela, ez bi]. Prefetak eman zizkien datuak hautetsi batzuei, baina Ipar Euskal Herriko datu bereziturik ez dago berez.

Ospitaleetan egon dira edo daude 3.316 gaixo, horietatik 287 zainketa intentsibo unitateetan (ZIU), eta altak jaso dituzte, orain arte, 1.775ek. Murgak azaldu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 221 ZIU ohe daudela; horietatik 75 daude libre orain, eta beste 53 berehala prestatzeko aukera dute.

Zahar etxeetan dago kezka. Atzoko datuen arabera, Gipuzkoako zentroetan 11 gaixo hil dira, eta 107 adineko daude kutsatuta. Araban, 40 egoiliar hil dira, eta 212 kasu atzeman dituzte. Bizkaian, 85 egoiliar daude gaixorik, eta baita zentro horietako 31 langile ere; aldundiak ez du hildakoen berri ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.