1929

Depresio Handia

2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Joan den mendeko finantza krisirik gogorrena eta luzeena izan zen, eta mundu guztian eragin zuen. 1929ko urriaren gertatu zen hondamendia AEBetako burtsan. Ostegun Beltza deitu zioten urriaren 24ari. Aurreko zortzi urteetan, %400 hazi zen Wall Streeteko burtsa, eta denek uste zuten ez zuela inoiz sabairik joko. Baina, 1929an, Dow Jones indizea beheraka hasi zen. Beldurrez, akzioak lehenbailehen saldu nahi izan zituzten, eta Ostegun Beltzean ia 13 milioi akzio saltzeko agindua eman zuten, baina ordurako ez zegoen eroslerik. Burtsaren hurrengo asteko saioak okerragoak izan ziren: urriaren 28a, Astelehen Beltza, eta urriaren 29a, Astearte Beltza. Izua hedatu zen, eta burtsa erabat hondoratu zen. Jendea itsumustuan joan zen bankuetara aurrezkiak ateratzea, baina ez zegoen dirurik —akzioetan eta kredituetan inbertituta zegoen gehiena—. 600dik gora bankuk itxi egin behar izan zuten, enpresa askok bezala, eta langabezia izugarri handitu zen. Lehen Mundu Gerraren ostean urre eredua desagertu izanak, AEBak gerra ostean ekonomikoki hondoratutako Europako herrialdeen hartzekodun nagusi bihurtu izanak eta Wall Streeteko espekulazio askeak zerikusi zuzena izan zuten 1929ko Ostegun Beltzean. Baina are beltzago eta ilunagoa izan zen crash-aren osteko Depresio Handia. 1933an Franklin D. Roosevelt AEBetako presidentea egoerari buelta ematen ahalegindu zen keynesianismoan oinarritutako New Deal pizgarri planarekin, baina ekonomia estatubatuarra ez zen suspertu Bigarren Mundu Gerra iritsi arte. Gerra negozio eta hazkunderako ezinbesteko erregai bihurtu zuen Washingtonek, AEBetako ekonomia berriro martxan jartzeko. Halere, Dow Jones indizeak ez zuen 1929ko maila berreskuratu 1954ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.