NEURRI NAGUSIAK

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Soldatak

Igoerak. 2017tik aurrerako soldatak igoko dituzte: 2017an, %1; 2018an, %1,6; eta 2019an, %3. Igoera izango da 2020an ere: KPI + %2. Irakasleen hileko soldata honela geratuko da aurten: Haur eta Lehen Hezkuntzan, 2.362 euro; DBHko lehen zikloan, 2.506; eta DBHko bigarren zikloan eta Batxilergoan, 2.746. 2020ko abendurako pagatuko dute atzerapena.

Parekatzea. DBHko lehen zikloan ari diren irakasle lizentziadunek DBHko bigarren zikloko soldata kobratuko dute.

Lan karga

Ordu osagarriak. Lanaldian kontatuko dira lan pertsonalerako hiru ordu astean, zentroan egitekoak. Urtean beste 40 ordu zenbatuko dira ikastetxetik kanpo egindako lanagatik.

Administrazioa eta zerbitzuak. Urteko lanaldia 30 ordu txikiagoa izango dute: 1.555 ordu. Ordaindutako bi egun libre edukiko dituzte urtean.

Ordezkapenak. Espero gabeko bajen ordezkapenak hirugarren egunetik aurrera egingo dituzte; esperotakoenak, hiru egunetik gorakoak badira, lehen egunetik aurrera.

Esparru feminizatuenak

Hezkuntza laguntzako espezialistak. Urteko lanaldia 97 ordu murriztuko diete (1.293 izango dira), eta astean ordu eta erdi izango dute koordinazio lanerako. Lan egutegia zehaztu egingo diete, irailaren 1etik ekainaren 30era.

0-3 zikloko langileak. Urteko lanaldia 45 ordu txikiagoa (1.575 ordu denera), eta 125 ordu koordinaziorako eta formakuntzarako. Gutxieneko opor kopurua zehaztu dute Aste Santurako eta Gabonetarako.

Erretiro aurreratua

Ordezkoa, lanaldi osoan. Legezko baldintzak betetzen dituztenek aukera izango dute erretiro aurreratua hartzeko: lanaldiaren %25eko kontratua izango dute —lehen urtean pilatzeko aukerarekin—, eta ordezkoari %100eko lanaldiko kontratua egin beharko diote.

Lekualdatzeak

Irizpideak. Gelak ixtean postua galtzen dutenak beste leku batean jartzeko irizpideak ezarri dituzte. Postuak nola kendu, bi irizpide: boluntarioei eta denbora gutxien daramatenei. Postua lortzeko lehentasuna, denbora gehien daramatenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.