Koronabirusa Italian

«Aste erabakigarriak»

Italiako lehen ministroak adierazi du birusa hedatzea geldiarazteko «sakrifizioen unea» dela. Gobernuak 25.000 milioi euroren diru laguntzak onartu ditu

Emakume bat maskara jantzita, Vatikanoko San Pedro plazan paseatzen, joan den larunbatean. ANGELO CARCONI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Italiak «Bigarren Mundu Gerraz geroztik ezagutu ez duen larrialdi egoera bat» bizi duela adierazi zuen atzo Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, Corriere della Sera egunkarian egin zioten elkarrizketan. Ez zuen krisiaren larria goxatzeko hitzik erabili. Ohartarazi zuen COVID-19 gaitzak ez duela goia jo oraindik, eta gogorrena iristeko dagoela. Italiak 25.000 gaixo inguru ditu koronabirusak jota, eta 1.800 baino gehiago hil dira. Contek nabarmendu du datozenak «aste erabakigarriak» izango direla birusaren hedatzeari eusteko.

Koronabirusaren hedatzea etete aldera, herritar guztien konpromisoa beharrezkoa izango da, gobernuburuaren esanetan. «Ezin gara erlaxatu. 60 milioi italiarrak behar ditugu irabazteko». Contek dei egin die herritarrei salbuespenezko neurriak betetzera, eta tentsioari eusteko eskatu die. «Sakrifizioen garaia da».

Italiako Gobernua ere «beharrezkoa den guztia egiteko prest» dagoela ziurtatu zuen Contek, eta, segidan, gobernuak 25.000 milioi euroko diru laguntza onartu zuela jakinarazi zuen.

Diru poltsa hori «lehen erantzuna» da, Roberto Gualteri Ekonomia ministroaren hitzetan. Contek berak aitortu zuen ez dela nahikoa izango, eta laguntza gehiago iragarri zituen. Gobernuak orotara 350.000 milioi euroko diru funtsa aktibatuko duela iragarri zuen, «Italiako sistema ekonomikoari, enpresei eta kaltetutako familiei» bideratzeko.

Italiak, 25.000 milioi euroko poltsarekin, bere defizit kalkulua aldatu behar izan du, %2,2tik %3,3ra, 2020. urterako. Laguntza poltsa horrek 3.500 milioi euro aurreikusten ditu osasun sistemarako eta babes zibileko zerbitzuetarako, eta 10.000 milioi euro enplegua babesteko. Horrez gain, hipotekak ordaintzeko luzamendua eta enpresen eta herritarren betebehar fiskalak atzeratzeaonartu du gobernuak. Koronabirusak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoentzako babes neurriak ere iragarri ditu; besteak beste, turismoari eta ostalaritzari begirakoak, eta lanera joan behar duten eta seme-alabak norekin utzi ez dutenentzako lan baimenak eta diru laguntzak hitzeman dituzte.

Italia oraingoz koronabirusak gogorren jo duen Europako herrialdea da, eta munduan koronabirusak gaixotutako herritar gehien dituzten estatuen artean bigarrena, Txinaren atzetik. Txinan ez bezala, baina, Italiak oraindik ez du lortu kutsatze hazkundea mendean hartzea. Hedatzeak hazkunde esponentziala du oraindik, eta datozen asteetako ahalegina erabakigarria izango da birusaren zabaltzea apaltzeko. Italiak 3.600 kutsatze berri jakinarazi zituen atzo, munduan atzeman direnen %25. Eta heriotzak 1.800 baino gehiago dira; hau da, koronabirusagatik munduan hil direnen herenak.

Egoerarik larriena Lombardian dute. Han daude kasu gehien, eta lurraldeko agintariek ohartarazi dute zainketa intentsiboetarako lekuak eta arnasgailuak falta zaizkiela. «Erreanimaziorako leku gehiago izango ez ditugun unea gertu dago», adierazi du Attilio Fontana Lombardiako presidenteak (Lega Nord). Lombardian behin-behineko ospitale erraldoi bat eraikitzeko aukera aztertu dute Italiako Gobernuak eta Lombardiakoak. Milango azoka pabiloia baliatuko lukete.

Osasun langileentzako maskara gabezia ere salatu dute Lombardian. Gobernuak erantzun du lanean ari dela «luze gabe» osasun langileen babeserako beharrezko materiala eskuratzeko. Horretarako, Luigi Di Maio Atzerri ministroak ezinbestekotzat jo zuen herrialdeen arteko «elkarlana». Italiako Gobernuan ezinegona eragin du Alemaniatik eta Frantziatik maskarak inportatzeko izan zituzten trabak. Parisek eta Berlinek bertan behera utzi zituzten traba horiek igandean.

Sendatu eta gero, bi aste

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du beharrezkoa dela sintoma arinak dituztenei ere testak egitea. Gaixoak identifikatzea eta haien kutsatze katea etetea ezinbestekoa dela ohartarazi du. Jakinarazi du, bestalde, koronabirusa gainditu duen pertsona batek gaitza kutsatzen jarrai dezakeela hurrengo bi asteetan. Horregatik, eskatu du bakartzea bi astez luzatzeko sendatu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.