Albistea entzun

HEMEROTEKA

Ez ditu mendekuak bultzatzen, itxaropenak baizik

Mario Patron - La Jornada

2022ko abuztuak 28

Abuztuaren 18an, Egiaren eta Justiziarako Sarbidearen Aldeko Batzordeko presidenteak Ayotzinapa auziari buruzko txostena aurkeztu zuen. [...] Eta, hartan, jakinarazi zuen aitzinamenduak izan direla ikasle desagertuak aurkitu eta justizia egiteko ikerketetan. Txostena bertze aukera bat da gobernuarentzat, biktimen aldeko urrats irmoak egin ditzan, eta, beraz, itzulingururik gabe aurre egin diezaion dokumentu horrek eta aitzinetik egindako bertze lan independente anitzek agerian utzitako errealitateari, eta eginahalak egin ditzan justizia egiteko eta halakorik berriz ez gertatzea bermatzeko.

Txostenean bildutako ondorio nagusien artean, nabarmentzekoa da 43 ikasleen desagertzea estatu krimena izan zela. [...] Ondorioztatu dute autoritateek hasieratik izan zutela ikasleen mobilizazioaren berri, batez ere armadak infiltratu bat zuelako. [...]

Txostena aurkeztu eta biharamunean bertan, bazter guziak inarrosi zituen Jesus Murillo Karam Mexikoko fiskal nagusi ohia atxilotu zutelako albisteak. Karamek koordinatu zuen «egia historikoarekin» bukatu zen ikerketa hura: «egia» hori, baina, arrunt gezurtatu da, frogak manipulatuz eta susmagarriak eta atxilotuak torturatuz eraikia baitzen. Torturak, desagertze behartua eta justizia administrazioaren aurkako delituak leporatuta hartu zuten preso Karam.

Jakin zen 80 agindu baino gehiago daudela armadako eta marinako kideak, poliziak eta estatu eta udal agintariak atxilotzeko, uste baita haiek berrets dezaketela estatu aparatu antolatu bat zegoela, eta abian paratu zela bai instituzioek ikasleen desagertzean parte hartze aktiboa izan zutela ezkutatzeko eta bai egia historiko deituriko azpijokoa eraikitzeko ere.

Ikasleak desagertu zirenetik ia zortzi urte pasatu diren honetan, ez dago Mexikoko Fiskaltza Nagusiaren erantzukizun instituzionala zalantzan paratzerik [...]. Zenbait txostenek erakutsi dute atxilotze arbitrarioak izan zirela, frogak manipulatu zirela, atxilotuak inkomunikatu eta tortura baliatu zela aitorpenak lortzeko; are, atxilotu bat exekutatu zutela ere dokumentatu da. Gainera, jakina da, batetik, perituen txosten zientifikoak manipulatu zirela, nola edo hala bat egin zezaten kasuaren hipotesi faltsuarekin, eta, bestetik, frogak faltsutu zituztela. [...]

Ayotzinapa auzian gertatutako horiek guziak kontuan hartuta, oinarrizko bi galdera sortzen dira: Mexikoko egungo Fiskaltza Nagusiak izanen ote du gaitasun teknikorik makroauzi bat eraiki eta hala agerian uzteko krimena gauzatu zuen estatu aparatu antolatuaren barrenak?; eta indarrean diren atxilotze aginduek [...] modua emanen ote dute frogatzeko zenbait lagunek eta instituziok egiturazko parte hartzea izan zutela desagertzeetan eta gezur historikoaren eraikuntzan, eta biak ala biak estatu krimen baten parte direla? […] Ikusi beharko da egungo gobernua aitzinekoa ez bezalakoa ote den egiatan: horretarako, kontuan hartu beharko da gaitasunik duen bere baieztapenei oinarri juridiko bat emateko, baina, baita ere, zenbateraino dagoen prest herrialdeak hain beharrezko duen erreforma juridikoari ekiteko, kasu eredugarri baten bitartez.

Kontrara, Murillo absolbituko balute, frogatuko litzateke gobernu honek ere helburu politikoetarako erabiltzen duela justizia, eta ez duela konpromisorik 43 desagertuen gurasoei egia argitzen laguntzeko, ez eta gure justizia sistemaren erreforma trantsizional bat egiteko ere. Bigarren galderari dagokionez, militarrak eta itsas armadako kideak preso hartzea lagungarria izan daiteke zehazteko zenbaterainokoa izan zen indar armatuetako kideen parte hartzea. [...]Horixe da dugun bide bakarra, egia jakiteko eskubidea zinez gauzatzearekin batera, estatu krimen delakoaren erranahia osotasunean ulertzeko, bai eta estatu krimen horri zer norbanakok eta instituziok bide eman zioten argiki jakiteko ere.

Bi galdera nagusi horien erantzuna argitu arte, ezinbertzekoa da nabarmentzea zein adoretsu eta duin jokatu duten gurasoek. Karamen atxiloketaren harira, hauxe adierazi zuten: «Ez gaitu mendekuak bultzatzen, itxaropenak baizik»; hau da, uler daiteke atxiloketa onetsi dutela, baina ez atxiloketa bera helburu dutelako, baizik eta hark egiara hurbiltzen dituelako; izan ere, se me-alabak hilda daudela jakinaraztea goiti-beheiti, gurasoak egia jakiteko duten eskubidea zinez bete ahal izateko beharrezkoa da haiei azaltzea seme-alabak nora eraman zituzten, nola hil zituzten eta non dauden.

Egungo gobernu federalak seiurtekoaren erdia behar izan du honaino ailegatzeko; ikusteko dago zinez sortuko ote dituen egia jakin dezagun beharrezkoak diren baldintzak, eta hautsiko ote dituen gure sistema ezaugarritzen duten isiltasun eta botere itunak bereziki, indar armatuen bilakaerari bide eman diotenak. Ia hilabete falta den honetan Igualako gau zorigaiztoko hura iragan zenetik zortzi urte betetzeko, ezinbertzekoa da gogora ekartzea 43 desagertuen gurasoek beren martxan lelo gisa erabilitakoa: «Lurperatu nahi izan gintuzten, baina ez zekiten haziak ginela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...