KRITIKA. Kursaal Auditoriuma. NDR Elbphilarmonie orkestra

Agur eta kaixo

Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Krzystof Urbanski. Egitaraua: G. Mahlerren 10. Sinfonia eta Wunderhorn-Lieder eta J. Brahmsen 2. Sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 22.

Hanburgo hiriko orkestrak Musika Hamabostaldian egin du geldialdia, eta gutxienez beste ordubetez entzuteko irrikan geratu naiz. Nire azken musika kritikako Egoki eta jator izenburua alemaniar hauei txertatzeko gura berbera izan dut: dena ongi, dena bere lekuan, baina zerbait falta zen une oro. NDR orkestrak hari talde zoragarria du afinazioan, soinuaren tratamenduan, kalitate itzela instrumentu bakoitzaren ekarpenean, baina emozioa ez genuen ez Gustav Mahlerren, ez Johannes Brahmsen obretan nabari. Krzystof Urbanski zuzendari poloniarrak ez zuen gehiegi lagundu sentsazio hori saihesten. Berriz ere egoki aritu zen, batuta garbiarekin, baina musikariak ez zituen beren aulkietatik altxarazi, eta orkestraren kalitate maila lasai asko abia zitekeen txundigarritasunerantz.

Bakarlari bat genuen egitarauan, eta ez nolanahikoa gainera! Christian Gerhaher baritonoak Mahlerren Wunderhorn abestiak maisutasunez erakutsi zituen, ahotsarekin nahi zuena egiten. Baliabide askoko urrezko ahotsa du alemaniarrak, eta Urbanski zuzenaren ondoan entzuleen bihotzeraino iritsi zen, emanaldiko txalo zaparradarik beroenak jaso arte. Hain ezaguna den Urlicht abestian, etenaldiei musikalki behar bezalako zentzua txertatu zien, eta Hanburgoko orkestraren epeltasunarekin batera, aparteko dotoreziarekin interpretatu zuen.

Haize egurrean, klarinete eta oboea emankor, haize metala talde soinu bikainean, eta biolak esanguratsu. Orkestra alemaniarrak jator biribildu zuen hain barnean sentitzen duen Brahms, baina emoziotik urrun; berriz ere, gehiago espero nuen. Hasierako Allegro non troppo, ez alai ez agudo, makalegi, eta azkeneko Allegro con spirito-ra arte ez genituen Hanburgoko kideak sutsu entzun. Amaieran, gure Agur Jaunak ereserkiarekin agur berezia eskaini ziguten, eta ni, aldiz, kaixo baten desioarekin geratu nintzen. Orkestra beranduegi iritsi zen gure bihotzetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.