Sarkozyrekin berriz

UMPko buru aukeratu dute presidente ohia, bozen %64,5 jaso ostean.Ikusteko dago orain zer eginen duen alderdiarekin 2017ri begira

Nicolas Sarkozy, gertukoez inguratuta, alderdiko presidentea hautatzeko botoa eman aurretik. I. LANGSDON / EFE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozy izanen du presidente hemendik aitzina UMP eskuineko alderdiak. Hala erabaki zuten atzo militanteek: botoen % 64,5 jaso ditu. Bruno Le Maire Laborantza ministro ohia gelditu da bigarren, bozen %29,2rekin. Eta hirugarren postuan, Herve Mariton, Frantzia hego-ekialdeko Drome eskualdeko diputatua (%6,3). «Ekintzetara igarotzeko ordua iritsi da». Sarkozyk UMPren «irteera berri bat» iragarri du hautatu berritan. Bihar alderdiko arduradunekin bilduko da, «batasun handi baterako» baldintzak adosteko.

Orotara 268.337 UMPko kide bozkatzera deituak zirela iragarria zuten. Horietatik, azkenean, %58,1ek parte hartu dute, 2012an baino gehiagok (%54).

Laugarren gisa bereko bozketa du alderdi politikoan, 2000. urtetik. Garai hartan, Jacques Chirac Frantziako presidente izateko kanpainarako zuten sortu, gaullistak, zentristak, liberalak eta kontserbadoreak elkartzeko asmoz. Lehenean, Alain Juppe hautatu zuten. 2004an, Nicolas Sarkozy, eta, 2012an, Jean-François Copek gaina hartu zion François Filloni, mila bozengatik, eta egoera kaotiko batean sartu zen alderdia. Azken aldian, François Fillon, Alain Juppe, eta Jean-Pierre Raffarin hirukoteak osatu zuen behin-behineko presidentetza, Luc Chatel idazkari nagusi.

Internet bidezko bozak izan dira aldi honetakoak. Ostiral gauean hasi, eta zenbait ziber-eraso eta arazo tekniko batzuk izan zituztela; balorazio ona egin zuten, halere, arduradunek. Dela dela, bozketa hasi aitzin ere, Sarkozyren garaipenerako duda gutxi zegoen. Izatekotan, duda bat bazegoen ehuneko zenbatera iristen ahal zen. Plebiszitu bat izanen zen edo ez. Horrek eraginen baitu ondoko hilabeteetako alderdiaren baitako liderren arteko indar jokoa. Azkenean, gehiengo osoa lortu badu ere, ez du hark espero zuen nagusitasunez irabazi. 2004an, %85ek eman zioten babesa.

2017ari begira

Guztiek 2017ko urteko Frantziako presidente bozei begira dituzte begiak. Duela zenbait egun, Bruno Lemaire hautagaiak gogoratu behar izan zuena lekuko: «Militanteek UMPko presidentea dute hautatu behar, ez presidentetzarako hautagaia».

Eta aitzin, printzipioz, UMPk2016ko primarioak antolatu beharko lituzke. Hori da hitzartu orain arte. Ikustekoa da orain Sarkozyk zer eginen duen zehazki. Izan ere, Sarkozy aski lausoki aritua da horretaz. Irekiak izanen diren, ala alderdikoak, adibidez. Juppek eta Fillonek jadanik ulertarazia dute mesfidati dabiltzala. Sarkozyk alderdiaren kontrola hartu eta primarioak bere onerako antolatuko dituela, horren beldur dute. Orain arteko iritzi neurketen arabera, Juppek eta Fillonek emaitza hobeak dituzte frantses populazio osoa kontuan hartzen duten inkestetan. Presidente ohiak, berriz, sostengu handiagoa du UMPko militanteak kontuan hartuz soilik.

Sarkozyri ez dutela bidea erraztekoa, hori argi utzia dute beste bi liderrek. Planoa ez da hark berak uste bezain erraza. Hasieran,2015eko utzia zuen bere itzulera politikoa. Azken puntan, fresko, indartsu, Frantziaren salbatzera etortzeko presidente ezin hobea, lagun higatuen ondoan. Baina azkenean, aitzinatu da. Aukera bat ere, agian, aktualitatea beste gisa batez okupatzeko. Azkenaldian justiziarekin dituen hainbat aferarengatik agertzen baita komunikabideetako tituluetan. Funtsean, UMP alderdia ere justizia arazoek ekarria dute behin baino gehiagotan lehen mailara. Horri begira, hain zuzen, Sarkozyk azaldu izan du alderdiaren izena aldatzeko asmoa ere balukeela. Irudi txar hori nolabait garbitzeko. Baina izenak izen, izana ez da izen aldaketa batekin ezabatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.