Oposizio tiroka isildua

Boris Nemtsov, Putinen aurkari zailduenetako bat, hil egin dute Moskun.

Ukrainaren alde agertu zen maiz.

Gaur protesta martxa du oposizioak
Errusiako Alderdi Errepublikanoko buruetako bat hil zuten, atzo, Moskun, Kremlinetik gertu.
Errusiako Alderdi Errepublikanoko buruetako bat hil zuten, atzo, Moskun, Kremlinetik gertu. PAVEL BEDNYAKOV / EFE

Mikel P. Ansa -

2015eko martxoak 1
Presioa nazioartetik datorkio Vladimir Putin Errusiako presidenteari. Boris Nemtsov, Errusiako oposizioko buruzagi ezagunenetako bat, tiroz hil zuten ostiral gauerdian, Moskun. Bizkarretik egin zioten tiro, auto batetik, eta zerraldo utzi, kalean. Gertaera argitzeko eskakizunak egin dizkiote Putini: Amerikako Estatu Batuek, Frantziak, Alemaniak, Erresuma Batuak... Estu hartu dute Kremlin. Putin bera ere gogor mintzatu da, oposizioko buruetako baten hilketak ekaitzaren erdian jarri duela jakitun: «Hilketa maltzur eta ziniko honen egileek merezi duten zigorra jasotzeko, egin behar dugun guztia egingo dugu». Bere hipotesia ere eman du: «Enkarguz eginiko hilketa bat ematen du, eta probokazio baten itxura du».

Nazioarteko gobernuburuek azalpenak eskatu dizkiote Putini, baina Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak izango du dolu handiena. Errusiako armadak Ukraina ekialdean egin dituen ekintzei buruzko informazioa zuen Nemtsovek, betiere Poroxenkok esandakoaren arabera, eta informazio hori zabaltzeko asmoa zuen. «Ukrainaren lagun handi bat zen Nemtsov, eta Errusiako patriota handi bat». Hitz horiekin agurtu du Poroxenkok.

Hilketari buruz ezer gutxi argitu dute oraingoz. Ukrainar jatorriko emakume batekin paseoan zihoan Nemtsov, ostiral gauerdia pasea zela. Kremlinetik gertuko zubietako batean zirela, auto zuri bat hurbildu, eta handik tiro egin zioten Nemtsovi. Lekuan sei balazorro aurkitu dituzte. Nemtsovi lau bala sartu zizkioten, bizkarretik, eta bertan hil zen. Ustez hilketarako erabilitako ibilgailua aurkitu dute, lekutik ez oso aparte. Beste daturik ez du eman oraingoz Errusiako Gobernuak.

Ukrainako ekinaren aurka

Nemtsovek 55 urte zituen, eta Boris Jeltsinen gobernuan lehen ministrorde izendatu zuten 1998an. Errusiako Alderdi Errepublikanoko presidenteetako bat zen. Errusiak Ukrainan eta Krimean izan duen jarrera argi salatu ditu azkeneko garaiotan. Atzo ehunka herritarrek agertu zuten dolumina, Nemtsov gogoratzeko argazkiak eta lore sortak utziz. Asteartean hilobiratuko dute.

Kremlinek Ukrainan egin dituen esku hartzeak salatzeko martxaren bezperan hil dute Nemtsov. Gaur dute martxa hori, Moskun, hango 15:00etatik aurrera. 50.000 pertsona biltzeko baimena eman du udalak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna