Jaiotzetik klasiko bat zena

Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' nobelak 25 urte bete ditu, eta berrargitaratu egin dute. Joxerra Gartziak gidatuta, hari buruz mintzatu dira Lertxundi bera, Miren Azkarate, Itxaro Borda eta Beñat Sarasola
Beñat Sarasola, Itxaro Borda, Anjel Lertxundi, Miren Azkarate eta Joxerra Garzia, atzo, Martin Ugalde Foroan.
Beñat Sarasola, Itxaro Borda, Anjel Lertxundi, Miren Azkarate eta Joxerra Garzia, atzo, Martin Ugalde Foroan. JON URBE / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko urriak 26
Mende laurdena bete duen liburu batez hitz egiteko elkartuta, Joxerra Garziak solaskideei egindako lehen galdera: Non, noiz, nolakoa izan zen lehen irakurraldi hura. «Oraingo leku berean nengoen, unibertsitatean», ekarri du gogora Miren Azkarate EHUko irakasle eta euskaltzainak. «Urteetan izan dudan oroitzapena da sekulako gozatua hartu nuela, esku artean neukana beste gauza bat zela sentitu nuela, guztiz asebete ninduena». Hizkuntzaren aldetik batez ere. Maulen zela irakurri zuen Itxaro Borda idazleak: «Inpaktatu ninduen, nahiz eta ez nuen sobera ikusten zein helbururekin idatzia zen». Gerora, bigarren irakurraldi batean atera zuen bere ondorioa: «Konturatu naiz liburu hau, beharbada, hizkuntzarekin jolas bat dela, Iparraldeko literatur tradizioaren hainbat eta hainbat elementu sartzen dituena». 9 urte besterik ez zituen Beñat Sarasola idazle, EHUko irakasle eta literatur kritikariak liburua plazaratu zenean, eta geroago, 18-19 urterekin, irakurri zuen berak. «Gogoan dut Harkaitz Canori irakurri niola uda batean Tolstoiren Gerra y paz irakurri zuela, eta pentsatu nuen, zein da ba gure Guerra y paz?». Anjel Lertxundiren Otto Pette zen hura, Sarasolari «harridura» eragin zion liburua. 25 urte eta gero, liburua berrargitaratu dutenean, hari buruz hitz egiteko elkartu ziren hiru hizlariak eta Lertxundi bera atzo, Andoainen (Gipuzkoa), Joxerra Garzia gidari zutela, Martin Ugalde Foroak antolatutako mahai inguruan.

Lertxundik berriro irakurri du bere obra, eta «harritu» da tarteka «arrotz» sentitzeaz haren aurrean. «Baina gogoan dudana da, batez ere, inoiz ez bezala nire lanean, idaztean sentitu nuen plazera». Zerbait idazten hasia zela, aurrera nola egin ezin asmaturik zebilela, Kapitain Frakasa (Erein, 1991) sartu zitzaion tartean. Eta lan hartan aurkitu zuen bestearentzat bila zebilen ideia: pertsonaia nagusiari arrotz bat agertzea bidean, lagun edo etsai den ez dakiena eta kontzientzia harrotzen diona. Pertsonaiaren izena asmatzeak eman zion beste giltzetako bat: «Otto hitzak bi esanahi ditu: osaba eta otsoa». Barne kontraesanetan bizi zen pertsonaia gorpuzteko egokia. Eta hizkuntzarena izan zen hirugarren buruhauste nagusia Lertxundirentzat, «sinesgarria izango zen hizkera bat sortzea». Istorioa eraikitzeko ez zuela Erdi Aroaren inguruan apenas ikertu azaldu zuen, baina bai hizkuntzaren inguruan. Noiz eta Orotariko Hiztegia oraindik bukatu gabe, E hizkiaren bueltan zebilen garaian. Besteak beste, testu klasikoetan aurkitu zuen behar zuen hauspoa, eta, azkenerako, klasiko bat sortu zuen Lertxundik orain 25 urte, solaskide guztiek aitortu ziotenez.

Klasiko bat da orain Otto Pette, baina baita jada sortuberritan ere, Beñat Sarasolaren iritziz. Liburua argitaratu zeneko kritikak aztertu ditu, izan zuen harreraren neurria eman dezaketelakoan: «Hasieratik nabaritzen da klasiko bat den sentsazioa, klasiko bat zela jaioberritan. Batzuek aipatzen dute mugarri bat dela Lertxundiren literaturan eta euskal literaturan. Hizkuntzaren gaia ere komentatzen da». Liburuak izaniko harreraren beste datu bat, Joan Mari Torrealdairen Euskal Kultura Gaur liburutik Sarasolak ateratakoa: Otto Pette argitaratu eta hiru urtera, azken 25 urteotako liburu garrantzitsuenak zerrendatzeko eskatu zieten hainbat idazleri, eta bigarren lekuan jarri zuten, Obabakoak-en ostean. Argitaratu eta hiru urtera. «Esanguratsua da zelako inpaktua izan zuen».

Bat etorri zen Itxaro Borda ere. «Otto Pette klasiko bat da, baina klasikotasunaren bidegurutzetik sortua da. Hastapenetatik genekien klasiko izango zela. Atenporala da». Lertxundik berak liburua argitaratu zenean ez zuela horren kontzientziarik izan adierazi zuen. «Ia txantxa bat bezala hartzen nuen hori». Bordak, ironiaz, jarraitu zion klasikotasunaren hariari, berrargitaratzearen harira. «Irakurle berriak behar baditu, pentsatu nuen klasiko hitz hori behar zela kendu, eta lan arraberritu bat proposatu irakurleari. Niretzat Otto Pette jolas bat da, jolas egiten du hizkuntzarekin, garai bateko kontuekin... Eta aurkezten bada alde horretatik, izan ditzake fan kultuak, eta fan inkultuak, ni bezala, hartuko dutenak joko bat bezala». Miren Azkarateren ustez, nahiz eta ez izan liburu «erraz bat» eta irakurlearentzat «oso exijentea» izan daitekeela iruditu, «klasiko hitza jarri edo kendu, badira liburuak benetan literaturaz gozatzen baduzu irakur ditzakezunak».

Atenporaltasuna

Bordak aurrez aipatutako atenporaltasunaren ideiari ere heldu zioten solaskideek, Otto Pette nobela historikoaren labelaren barruan kabitzen ote den eztabaidatzean. Garaiko kritikak irakurtzean, liburuak izan zuen harrerak ez ezik, beste zerbaitek ere eman zion arreta Sarasolari: «Kurioski, nahiz eta Erdi Aroan kokatuta egon, denek egiten dute irakurketa bat garai hartara, 90eko hamarkadara; iraganaz ari dela, baina duela 25 urteko gizarteaz ere ari ote den iradokitzen dute». Geroago sakondu zuen hasierako gogoetan horretan: «Berrirakurtzean hori egin zait interesgarriena. Hau da, badu jantzi moduko bat Erdi Aroko nobela historiko batena, baina agerikoa da beste zerbait dela. Irakurlea azkar konturatzen da garai historikoaz oso xehetasun gutxi ematen dituela, baina, hala ere, berehala sartzen zaitu mundu horretan. Azkenean, hizkuntza da nolabait sinesgarri egiten duena».

Bordak liburuan agertzen den gizarte egitura piramidala aipatu zuen. «Bada errege bat, Eliza, monastegiak, eta gero badira matxinoak. Hor da betiko gatazka, boteretsuak gehiengoaren kontra». Erdi Arokoa baino, Errenazimendu bukaerakoa jo zuen egitura hori, eta buhameen, matxinoen eta behe mailako populuen arteko elkartasuna ere hor egon dela beti azaldu. «Dispositibo sozial hori biziki interesgarria da; ez dut pentsatu Erdi Arokoa denik, Errenazimendukoa gehiago, baina atenporala da».

Egileak berak argi esan zuen: «Nik ez nuke inondik ere esango Erdi Aroko nobela bat dela». Liburua idaztean, hala ere, ez zuela duela 25 urteko giroa edo garaia azaldu nahi izan azaldu zuen. «Konfrontazio bat kontatzen ari bada, gertuen daukadana agertuko da aldez edo moldez. Alde horretatik, liburutik egin daitezke nahi adina estrapolazio, baina idaztean ez nuen hori buruan izan. Eragingo zuela zerbaitetan dudarik ez dut egiten, eta hala behar du gainera!».

Hizkuntza baliabideak

Otto Pette-n bestelako hizkuntza bat sortu zuen Lertxundik. Kontatzen zuen istorioarentzat sinesgarria. Bere literaturan ordura arte agertu gabea. Ahozko tradiziotik edaten zuena. Eta horretan ahalegin berezia egin zuela aitortu zuen Lertxundik; berak zehazki esan nahi zuen hitza topatzean, ezezaguna bazen ere, sartzearen alde egiten zuela, baina testuinguruan jarriz, irakurleak istorioa jarraitzeko modua izan zezan.

Solaskide guztiek goretsi zioten ahalegina. Azkaratek bereziki. «Hizkuntzak sinesgarritasun betea ematen dio liburuari. Oroitzapen hori utzi zidan, eta berrirakurtzean berriro liluratu nau».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna