Futbola. Espainiako Kopako finala

«Neskek merezi dute»

1.500 zale inguru izango dira gaur Granadan Reala animatzen. Horietako batzuk atzo iritsi ziren jada, eta, horri esker, kolore txuri-urdina hasi da ikusten hiriko hainbat txokotan. Festa handia espero da gaur.

Zumaiatik joandako zale batzuk, atzo, Malagako aireportuan. Azpian, eskuinetik bigarrena da Xabier Letamendia. A. A. G.
ainara arratibel gascon
Granada
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Mila eta bostehun inguru izango dira gaur Granadako (Espainia) Los Nuevos Carmenes futbol zelaian Reala animatzen egongo diren zaleak. Horietako batzuk atzo iritsi ziren Granadara, eta beste asko gaur ailegatuko dira, kasu batzuetan gau osoa autobusean eman eta gero.

Atzo iritsi zen horietako bat da Xabier Letamendia zumaiarra.Malagako (Espainia) aireportuan zen beste sei lagunekin, kamiseta txuri-urdina jantzita. «Auto bat alokatu dugu Malagako aireportuan, eta hemendik Granadara joango gara». Sevillaren aurkako finalerdia amaitu bezain laster erabaki zuten Granadara etorriko zirela. «Mutilen taldearekin Manchesterren egon ginen, Txapeldunen Ligako finalean, eta neskek merezi zuten hona etortzea».

Onartu dute denboraldi honetan hasi direla zertxobait gehiago emakumezkoen futbola jarraitzen. «Anoetan jokatutako bi partidetan egongo ginen, eta, egia esan, giro oso ona zegoen, eta oso partida txukunak ikusi genituen. Polita da Reala hor ikustea».

Atletico Madril aurkari gogorra dela badaki, baina «itxaropentsu» dago. «Ziur nago jokalariek dena emango dutela. Guk festa honetaz disfrutatu nahi dugu, eta ahalik eta babesik handiena eman taldeari».

Pozik zegoen Maria Ezeiza donostiarra ere, Granadara iritsi berritan. «Emakumezkoen futbola jarraitzen dugun guztiontzat asteburu oso polita da hau, izugarria». Nahiz eta jakitun dagoen aurkariaren maila handiaz, itxaropentsu da, eta uste du Koparekin itzul daitezkeela. Argi du zertara etorri den. «Ondo pasatzera etorri gara, eta aukera eder hau gertutik bizitzera. Ea taldeak finala irabazten duen, eta Koparekin itzultzen garen».

Hainbat zale taldek deia egin dute gaur goizean Granadako alde zaharretik ibili ondoren estadiora joateko kalejiran, eta taldea iristen denerako bertan egoteko, babesa emateko.

Partida arrisku handiko izendatu du Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak, Frente Atletico zale taldeko kideak espero baitituzte Granadan. Espainiako Polizia arduratuko da segurtasunaz. Realeko zaleekin, berriz, lau ertzain izango dira.

Festa Trinitate plazan

Granadan ez ezik, Donostian ere festa izango da gaur. Izan ere, Realak zaleentzako gune bat prestatu du Trinitate plazan. 17:00etan irekiko dute, eta askotariko jarduerak izango dira finalerako giroa berotuz joateko: tailerrak, pailazoak, musika, jolasak... 20:30etik aurrera, finala ikusi ahal izango da han, eta, horretarako, hamazazpi metro koadroko pantaila erraldoi bat jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.