Urtea soilik aldatu da

Bera Berak 25-21 hartu du mendean Ro'Casa, bigarren zatian defentsan asko estututa. Donostiarrek lau puntura urrundu dute jada bigarrena

Leire Aramendia Bera Berako jokalaria, atzo, kontraerasoaren amaieran, atera jaurtitzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Donostia aldean seinale ona izaten da edozein kirol ekitaldi San Sebastian martxarekin amaitzea; garaipena etxean gelditu den seinale izaten da beti. Bada, atzo ere txaloka eta kantuan amaitu zuten Bidebietara joan ziren zaleek. Bi hilabete luze izan dira ligarik gabe, baina Espainiako Ohorezko Mailan ezertxo ere ez da aldatu. 2016an nagusi izan zen Bera Bera, ligako hamar partidak irabazita, eta atzo ere 25-21 hartu zuen mendean Ro'Casa bigarren sailkatua, asko sufrituta, baina defentsa estututakoan jokorik ederrena azaleratuta.

Kanariarrek huts egin zuten laugarren jardunaldian, Mavi Nuevas Tecnologias igo berriaren aurka (28-27), eta erabakigarri itxura zeukan atzoko lehiak. Bera Bera bi puntu aurretik iritsi zen partidara, eta lehen minutuetan nabarmen gelditu zen norgehiagokak zeukan garrantzia. Erasoan kontrolik gabe hasi ziren donostiarrak, eta, Trojaolaren golarekin 0-3ko partziala lortuta, Ro'Casa 3-5 aurretik jarri zen berehala. Leire Aramendiak erakustaldia eman zuen kontraerasoetan, baina Ro'Casak Silvia Navarro ligako atezainik onenetakoa dauka atepean, eta geldiketa bikainak egin zituen beste behin. Atepeko segurtasunari esker, 4-6, 6-8 eta 7-9 aurretik ibili ziren espainiarrak. Tarte horretan, Lujanek min egin zuen erasoko jokoan.

Alicia Fernandez, harrigarri

Orduan agertu zen Alicia Fernandez, erasoko joko biziarekin arerioaren defentsako lana ezerezean utzita, eta jaurtitako penalti guztiak sareetara bidalita —seitik sei sartu zituen—. Alicia Fernandezek berak azken segundoan sartutako golarekin, Bera Bera 13-12 aurretik iritsi zen atsedenaldira. Baina, Maria Gonzalezek sartutako golarekin, Kanarietako taldea 15-17 aurretik jarri zen, berriz ere (41. min.).

Defentsan estutu beharra zegoen, eta horixe agindu zuen Montse Putsek. Esan eta egin. Hurrengo hamahiru minutuetan, 7-1eko partziala lortu zuten etxekoek (22-18), eta gozatuz amaitu zuten partida. Silvia Navarro temati zela, saiatu zen Ro'Casa gutxienez puntu bati eusten (22-20), baina Leire Aramendiak kontraerasoan sartutako azken golak ezerezean utzi zuen erreakzio oro. Irabazteaz gain, lau golen alde polita lortu zuten donostiarrek. Aipagarria izan zen Maite Zugarrondok bigarren zatian atepean egin zuen lana ere, eta baita Esther Arrojeriak Ro'Casaren defentsa desorekatzeko izan zuen gaitasuna ere.

Zuazok, berriz, 23-26 irabazi zuen Leon azken sailkatuaren pistan. Espero baino gehiago sufritu zuten bizkaitarrek, etxekoak 20-17 aurretik baitziren partida amaitzeko hamazazpi minutu falta zirenean. 0-4ko partzialarekin, ordea, bere onera etorri zen Zuazo (20-21), eta 23-23kotik 23-26kora igaro zen azken bi minutu eta erdian. Hamasei punturekin, laugarren postuan sendo jarraitzen dute bizkaitarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.