Sasiak bazter utzita bidea ireki zuten emakume mendizaleak

Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Erreferenteen beharra azpimarratu ohi da, eta mendian ere badira emakume aitzindari anitz. XVIII. eta XIX. mendean mendira joan ziren lehenbiziko emakumeak aberatsak, burgesak eta izpiritu erromantikokoak izan ziren, Ana Diez de Ure historialari eta mendizaleak azaldu duenez. «Jakin-minak bultzatuta, emakume horiek eremuak hautsi eta mundu basa eta ezezagunetan barneratu ziren». Ann Lister izan zen Mont Perditora igo zen lehen emakumea, 1830ean, eta Vignemale mendira 1838an, Moskovako printzeari aurrea hartuta.

Aurretik, Marie Paradis Mont Blanc mendira igo zen; hori egin zuen lehenbiziko emakumea izan zen. XX. mendean igo zen Mont Blancera euskal emakume bat lehenbiziko aldiz: Loli Lopez Goñi. 1958. urtean izan zen, eta Cervinora ere igo zen. Hura baino lehenagokoa da beste euskal mendigoizale aitzindari bat: Raimunda Royo bilbotarra. Ehun mendien txapelketa osatu zuen lehenbiziko emakumea izan zen, 1930. urtean.

1975ean, Junko Tabei Everest mendira igo zen, eta, urtebete geroago, Trini Cornellana Shakhaur mendira, Afganistanen. 7.000ko lehenbiziko euskal gailurra izan zen hura. 1987an Everesteko espedizioan parte hartu zuen Cornellanak.

Lopez Goñi eskaladako bosgarren mailako zailtasuna gainditu zuen lehen euskal emakumea izan zen, eta eskalada sari batek haren izena du. Geroago, 1963an sortu zen Miriam Garcia Pascual eskalatzailea; «bere belaunaldiko onena» izan litekeela uste du Diez de Urek. 1988an igo zen Gran Capitanera. Indiar Himalaian hil zen, eskalatzen ari zela.

Edurne Pasaban da emakume alpinistetan ezagunenetakoa, munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea baita. 2001ean igo zen lehenbizikora, eta bederatzi urteren buruan osatu zuen erronka. Eskaladan aipatzekoa da Josune Bereziartu lazkaotarra. Haren markarik onena 9a/a+ zailtasuneko bide bat eskalatzea izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.