Euskal presoak. Manifestazioa Bilbon

Kaleak gainezka, berriz ere

Milaka herritarrek Sareren deialdiari erantzun diote, eta «aurrera egiteko prest» azaldu dira presoen eskubideen alde. Frantziako espetxe politika aldatzeko iragarpenak markatu du mobilizazioa. (Bideoa albistearen amaieran).

Manifestazioa, aurrean Mirentxin gidarien furgonetak dituela, Bilboko Autonomia kale osoa betetzen.
Manifestazioa, aurrean Mirentxin gidarien furgonetak dituela, Bilboko Autonomia kale osoa betetzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2018ko urtarrilak 14

Herritarrek ez zuten huts egin, eta, urtero bezala, milaka lagunek —95.000 inguruk, antolatzaileek emandako datuen arabera— erantzun zioten atzo Sareren deialdiari; mukuru bete zituzten Bilboko kaleak, euskal presoen giza eskubideen alde «elkarrekin aurrera egiteko prest» daudela adierazteko, manifestaziorako aukeraturiko leloak aldarrikatzen zuen bezala.

Baina aurtengo deialdiak izan zuen berezitasunik, egun berean iragarri baitzen Frantziako Gobernuak baduela asmoa euskal presoak Euskal Herritik gertuko espetxeetara mugitzeko. Albisteak oihartzuna izan zuen eragile politiko eta sindikalen adierazpenetan, amaierako ekitaldi politikoan eta mobilizazioan parte hartu zuten herritarren gogoan ere.

Kike Amonarriz soziolinguista eta telebistako aurkezleari eta beatriz Talegon PSOEko zuzendaritzako kide izandakoari egokitu zitzaien Sareren izenean amaiera ekitaldiko agiria irakurtzea. Bakegileek eta, oro har, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak ETAren armagabetzearen auzian egindako lana eta Parisen abenduaren 9an antolatutako mobilizazioa goretsi zuten: «Gertakari hauek guztiek Frantziako espetxe politikan aldaketa ekar lezakete, eta horrek Espainiako estatua eta bere demokrazia agerian utzi».

Amonarrizek eta Talegonek nabarmendu zuten aurrerapausoak ez direla soilki Ipar Euskal Herrian gertatu. Gogorarazi zuten Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan gaixo larri diren presoen askatasunaren aldeko adierazpenak onartu dituztela, PP eta UPN ez beste indar politiko guztien babesarekin, eta sindikatu guztiek ere bat egin dutela eskakizun horrekin. «Aurrera goazen seinale da hori», esan zuten, eta pauso gehiago emateko «denon konpromisoa» eskatu zuten, «estatuak eta gobernuak ez baitira berez mugitzen; denon bultzada behar da mugiarazteko».

Hizlariek esandakoaren arabera, «oinarrizko eskubideak» dira auzian daudenak: gaixo handi diren presoak eta adinekoak kaleratzea, presoak etxetik gertuko espetxeetara eramatea eta gradu aldaketak ematea gizarteratzea ahalbidetzeko: «Espainiako Gobernuak bere legediaz harro hitz egiten du, baina sistematikoki urratzen du legedi hori», esan zuten. «Justizia trantsizionala eta memoria osoa» eskatu zituzten, «hamarkadak irauten ari den bortizkeria eta sufrikarioa» atzean uzteko.

Bere hitzaldiaren zati labur bat katalanez egin zuen Amonarrizek, eta «elkartasuna eta maitasuna» adierazi zien «Kataluniako preso politikoei». Haietako batzuen senitartekoek atzo Bilboko manifestazioan parte hartu zuten.

Mobilizazioa, euripean

Manifestazioa 17:45ean abiatu zen Bilboko Casilla plazatik, euripean; atertu gabe iraun zuen ibilbide osoan. Mobilizazioaren buruan, Mirentxin gidarien furgonetak joan ziren, asteburu guztietan presoen senitartekoak Espainiako eta Frantziako kartzeletara eramaten dituzten dozena bat ibilgailu. Horien ostean, ehun bat ume eta gazte zeuden, haur motxiladunak: presoen seme-alabak, edo gertuko senide bat espetxean dutenak. Haietako askok izar itxurako puxika moreak zeramatzaten eskuan.

Izan ere, presoen seme-alaben egoerak leku handia hartu du Sareren manifestazioan. Amaiera ekitaldian, haietako bik hitza hartu zuten: «Kartzelak gure haurtzaroaren zati bat lapurtu digu», esan zuten. «Denbora ezin da berreskuratu, baina oraindik garaiz gabiltza guk pairatu duguna belaunaldi berriek pairatu beharrik izan ez dezaten».

Haur motxiladunen multzoaren atzean, senideen blokea joan zen, Etxerat-en zapia lepoan eta presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurrak eskuan, eta, ondoren, pankarta nagusia, Prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea leloarekin.

Pankartari eusten ziotenak Sareren deialdiak lorturiko babes zabalaren adierazgarri izan ziren. Sareko eledun Begoña Atxa eta Joseba Azkarragarekin batera, han zeuden Iñaki Lasagabaster legelaria, Anaiz Funosas Bake Bideko kidea, Jerome Gleize Berdeak taldeko ordezkaria Parisko Herriko Etxean, Nahikari Otaegi preso ohia, Kepa del Hoyo preso galdakoztar zenduaren seme Peru del Hoyo, Kirmen Uribe idazlea, Xavi Sanchez Kataluniako ANCko buruzagi preso Jordi Sanchezen anaia, Elisabete Bizkarralegorra historialaria, Ramon Zallo EHUko irakaslea eta abar.

Haiekin batera, EH Bildu, ELA, LAB, ESK, Udalbiltza eta bestelako eragile politiko eta sindikalak zeuden. EAEko Ahal Dugu-ko Lander Martinez idazkari nagusia eta Nagua Alba ere egon ziren, baina maila pertsonalean.

Txaloak presoen umeei

Pankartaren atzean, eta manifestazioa noiz igaroko zain ibilbide osoko espaloiak betetzen, milaka eta milaka herritar zeuden, aterkia eskuan euritik babesteko. Manifestariek Euskal presoak etxera, Presoak kalera, amnistia osoa eta antzeko leloak oihukatu zituzten, eta txalo jo zuten manifestazioa pasatu zenean, bereziki presoen seme-alaben multzoaren aurrean. Errekalde zumarkalearen parean atzerritik etorritakoen taldea zegoen, oso jendetsua, nazio askotako ikurrekin.

Zabalburura iritsitakoan, geldialdia egin zuen manifestazioak, eta Sareren eledunek aukera baliatu zuten adierazpenak egiteko. Begoña Atxak eta Joseba Azkarragak esan zuten mobilizazioan bildutako jendetza «euskal gizartearen zati handi baten adierazgarri» zirela, euskal presoen auzia konpontzea «presazkoa» dela erantsi zuten, eta iragarri zuten «behar bestetan» joko dutela kalera giza eskubideen defentsan.

Apurka-apurka, manifestazioak ibilbide osoa egin zuen, euripean betiere. Manifestazioaren burua Bilboko udaletxe aurrera iritsi zenean, azken manifestariak oraindik Zabalburura heldu gabe zeuden. Eguraldiak behartuta, amaierako ekitaldia laburra izan zen, eta hizlariez gain, Maialen Lujanbio bertsolariak ere parte hartu zuen. Ekitaldiak iraun bitartean, udaletxe aurreko plaza eta zubia ez ezik, errekaren bi aldeak ere manifestariz beterik egon ziren.

Bideoa: Manifestazioa Bilbon (Julen Aperribai, BerriaTB).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna