Novaltia, 538 egun pankartarekin

Novaltiako langileak, kooperatibaren botika baten aurrean protesta egiten.
Novaltiako langileak, kooperatibaren botika baten aurrean protesta egiten. NOVALTIAKO LANGILE BATZORDEA Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko urtarrilak 10

Asteartean euria eta hotza egin zuen Bilbon. Egun ezin makurragoa izan zen kalean, pankarta baten atzean egoteko, baina Novaltia botiken banaketa kooperatibako langileek ez zuten kale egin elkarretaratzera. Astean behin edo bitan egiten dituzte protestaldiak Bizkaiko hiriburuan, eta beste lanegun guztietan enpresak Zamudion (Bizkaia) duen biltegiaren aurrean duten kanpalekuan biltzen dira. Gaur 538. eguna dute greba hasi zutenetik, eta eskaera nagusia argi dute: langile berrien baldintzak enpresak urteak daramatzatenekin parekatzea. Euskal Herrian indarrean dagoen grebarik luzeena da haiena, eta badakite gutxienez maiatzera arte iraungo duela.

Hogei dira grebalariak, langileen %40, eta, azaroan «albiste txarra» jaso zuten arren, animoak, oro har, onak direla azaldu du Ibai Carranza langile batzordeko kideak. «Egunak izaten dira, baina grebari ekin genion langile guztiek hor jarraitzen dugu. Badakigu arrazoia dugula». Albiste txarra epaitegietatik iritsi zitzaien, Bilboko epaitegi batek «lan eskubideen urraketarik handienen» salaketa ez epaitzea erabaki baitzuen.

Novaltiako langileek bi salaketa jarrita dituzte enpresaren aurka: aurrenekoa, 2019ko abuztuan eginiko lan ikuskatze arin baten ondorioz; eta bigarrena, azaroan epaitu ez zena, urraketa gehiagorekin. «Ezin dira alderatu, azaroko epaiketako gure txostena askoz landuagoa da, datu eta salaketa berri askorekin: lana Zaragozara [Espainia] eraman dutela, nagusiek gure lana egiten ari direla, ordu estra pila bat... Epaileak, baina, esan zuen auzi bera ezin dela bi aldiz epaitu. Eta ez da egia, salaketak ez dira berak. Badirudi ez duela lan egin nahi».

Azaroko erabakiari jarritako bi helegiteen erantzuna «maiatz alderako» espero dute; beraz, ordura arte iraungo du grebak gutxienez. Urte eta erdi daramate borrokan, 2019ko uztailaren 22az geroztik, erresistentzia kutxei esker irauten dute. «Bestela, ezinezkoa litzateke», onartu du Carranzak. Hogei langileetatik hemezortzi ELAko afiliatuak dira, eta bi LABekoak. Sindikatuen babesa jaso dute: «Ez arduratzeko esaten digute, kutxa horretarako dela. Borrokarako arrazoiak ditugula ikusten dute: eskatzen duguna ez da beste munduko ezer, enpresak hasieratik ez du negoziatu nahi izan... Greba luzea bada, ez da gu ez garelako mugitzen».

Oporretan, ordezkoak

Eusteak, baina, badu beste arrazoi bat, balio estrategikoko eskaera batzuk ere epaitzen ari baitira, eta aurrekariren bat ezar dezakete. Carranzak bat azaldu du: «2019an, ez genuen lan hitzarmena berritu, eta, aurrekoa luzatu beharrean, Espainiako aplikatu ziguten. Hori legez kanpokoa da. Ultraaktibitatea ez zuten errespetatu, eta hori garrantzitsua da lan harremanen markoan».

Beste gatazka puntu estrategiko bat grebalariak ordezkatzeko lorturiko zirrikitua da. Haien oporrak ordezkatzen ari dira aldi baterako lan enpresa baten bitartez. «Grebalari batzuen oporrak! Guk ez dugu oporrik pilatu», nabarmendu du, harrituta. «Gure balizko opor egunak estrategikoki kokatu dituzte sei hilabetez lauzpabost ordezko langile kontratatzeko. Pentsa, Angel Lapuente Jaurlaritzako Lan zuzendariarekin bildu ginen, eta onartu zigun hori legez kanpokoa zela».

Hilabete bukaerarako mobilizazio gehiago prestatzen ari dira, grebarekin jarraitzeko prest baitaude. «Bide guztiak agortu direla ikusten baduzu, agian berriak bilatu behar dituzu, estrategia aldatu… Baina, oraingoz, gu ez gara puntu horretara iritsi».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Kapitolioko kupula. Kongresua jokaleku inportantea izango du Bidenek. ©M. REYNOLDS / EFE

Tarte mugatua Bidenentzat

Irune Lasa

Ekonomia suspertzeko eta desberdinkeria murrizteko berehalako eta egiturazko neurriak hartu beharko ditu AEBetako administrazio berriak. Bizkor ibili beharko du.

Merkataritzan, atzera-bueltarik ez

I.L.

Donald Trumpek bere muga zergekin piztutako gerrak apaldu egingo dira, ziurrenez, Bidenen administrazioarekin, baina horrek ez du esan nahi harremanak aurreko egoerara itzuliko direnik.
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Funtsetarako lehia proiektuena izatea espero dut, Europak esaten duen bezala»

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak Europako funtsen banaketaz argibide gehiago ematea nahiko luke Azpiazuk. 2021ak zerga erreformaz gogoeta egiteko urtea izan behar duela uste du.
Pertsona bat, goi tentsioko linea baten ondoan. ©ELISEO TRIGO / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna