Sanchezek dio «zuri-beltzeko Espainia» ikusiko dela gaur Madrilen

Kristina Berasain Tristan -

2019ko otsailak 10
Espainiako eskuinak azken urteetako indar erakustaldirik handiena egingo du gaur Madrilen. Colon plazan elkarretaratzera deitu dute eskuineko alderdiek, Espainiaren batasunaren alde. Hauteskundeak orain! lelopean. PP Alderdi Popularrak eta C's Ciudadanosek antolatutako manifestazioa da, baina, azken orduetan, eskuinarekin lerratzen diren hainbat alderdik eta eragilek ere egin dute bat deialdiarekin. Vox, UPN, Foro Asturias eta UPyD alderdiez gain, Falange Espainolak, Hogar Social eskuin muturreko taldeak eta España 2000k babestu dute ekitaldia.

Pedro Sanchez Espainiko Gobernuko presidentearen hitzetan, «zuri-beltzeko Espainia ikusiko da» da gaur Madrilen. Gobernuburu sozialistaren arabera, «denboran atzera egitea» proposatu nahi du eskuinak, eta berak argi du zien den alternatiba: «Lurralde aniztasun eta berdintasunean elkartuta biziko den Espainia». PP eta C's alderdiei eskuin muturrarekin lerratzea leporatu die gobernuburuak, erradikalizatzen ari direla iritzita.

PSOE, Podemos eta IU alderdiek kanpaina bat bideratu dute gaurko deialdiari erantzuteko, #YoNoVoy izenarekin.

Zentsura mozioa

Kataluniako auziak eragin du eskuinaren erreakzioa. Sanchez «traidoretzat» jo dute independentistekin negoziazioak abiatu izanagatik. Pablo Casado PPko idazkari nagusiak «herrialde umiliatzea» egotzi zion Sanchezi. Albert Rivera C`s alderdiko presidenteak, berriz, arduragabekeriaz aritzea leporatu zion. Haren ustez, gobernua norabiderik gabe dago, eta, horregatik, amaitutzat eman du agintaldia. Javier Ortega Voxeko idazkari nagusiak, berriz, tesi horri eutsiz, adierazi du biharko manifestazioa «zentsura mozio loteslea» izango dela.

Generalitatetik ere jaso ditu kritikak Sanchezek. Negoziazioak presio politikoarengatik hautsi izana leporatu diote: «Eskuinari, eskuin nazionalistari eta eskuin ultranazionalistari men egitea».