Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

'Mantangorri'

2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hamalau eta hogei urte bitarteko gazteen %69k ez dituzte euskal hedabideak kontsumitzen —duela 25 urte %44 ziren—. Asteon eman du datua Behategiak. Internetek irauli egin du komunikabideen egoera, eta, beraz, ezin da orain arte bezala jarraitu. Hizkuntza hegemonikoek erabateko indarra dute plataforma handietan, eta horri aurre egiteko har daitezkeen neurriak ez dira hartzen. Espainiako Diputatuen Kongresuan ostegunean onartu zuten ikus-entzunezkoen lege berria, eta Euskalgintzaren Kontseiluak argi esan zuen hizkuntza gutxituak ikusezin egiten dituela legea horrek. Eta ikusezin ez, ikusgai behar dute gazte eta haurrek euskara. Euskarazko erreferentziak behar dituzte, era guztietakoak. Eta euskararen biziberritzea estrategikotzat dutenek badute zertan inbertitu.

Anabasa horretan, 1.000. zenbakia atera du Mantangorri-k gaur. BERRIAk umeentzat egiten duen gehigarria Egunkaria-ren garaitik dator. Xingola izena zuen orduan; Mantangorri orain, eta helburu bera beti: haurrek eduki dezatela beren beharretara egokitutako komunikabide bat, euskaraz. Haurrak ere pertsona kritikotzat hartuko dituen gehigarri bat, gertatzen ari dena beren erara esplikatuko diena, eta ulertzen lagunduko diena. Euskaraz kontsumituko duten helduak izateko, euskaraz kontsumitzen duten gazteak behar dira, eta, gazte horiek edukitzeko, umetatik tresnak izatea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.