inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Beroa

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Bero handiko egunak datoz, bereziki Euskal Herriaren barnealdean, eta are nabarmenago hegoaldean. Eztabaida sortuko du berriro ere ea fenomeno horrek mundua jasaten ari den klima larrialdiarekin zerikusirik duen. Zientzialariek iragarri dute muturreko beroak eta horrekin lotutako lehorteak gero eta sarriago gertatuko direla, eta fenomeno horiek zuzen lotuta daudela klima aldaketarekin. Hots, CO2 isurketak eten ezean, gero eta maizago izango dira halakoak.

Zalantzan jar daiteke, agian, ea aste honetako beroa zuzen lotuta dagoen munduak bizi duen klima aldaketarekin. Baina inork ezin izango du zalantzan jarri Nafarroako tenperatura 1,2 gradu igo dela batez beste azken mende erdian, edota Pirinioetako glaziarren laurdenak desagertu direla azken hamarkadan. Uda bost astez luzatu dela ere frogatu dute zientzialariek, eta horregatik, besteak beste, lehen oso gutxitan ziren tenperaturak gero eta ohikoak dira udaberrian orain.

2020ko berotegi gasen isurketa datuak eman berri ditu Jaurlaritzak. Estatistiketarako baliogabetzat jo beharko litzateke urte hori, COVID-19aren ondorioz. Jaurlaritzak, baina, ziurtzat jo du isurketen beherantzako joera. Munduko datuek ez dute hori erakusten. Eta berdin du lehen Euskal Herrian kutsatzen zuten sektoreek gaur egun Txinan edo Vietnamen kutsatzen duten, baldin eta ekoizten dituzten produktuak bertan kontsumitzen badira oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.