Reala 2-1 Getafe

Goseak ase ditu

Reala garaipenaren bidera itzuli da, Getaferi irabazita. Zubimendik debuta egin du

Mikel Oiartzabal atzo sartutako gola ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Willian Josek (21.min). 2-0. Oiartzabalek (54.min.). 2-1. Samu Saizek (89.min).Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Realeko Merinori, eta Rulliri; eta Getafeko Cabrerari, Matari, eta Samu Saizi. Bestelakoak. 19. 386 ikusle Anoetan.

Realak badaki zer den irabaztea. Atzo erakutsi zuen ez zaiola ahaztu hiru puntuak zakuratzen. Bazuen horretarako beharra. Azken hamar partidetatik garaipen bakarra lortuta ekin zion Getaferen aurkako partidari, baina bolada txarrari amaiera ematea lortu zuen. Non eta Anoetan, sasoi guztian trakets aritu ondoren beren zelaian.

Irabazteko gosez zelairatu ziren txuri-urdinak, eta jarrera horrek eman zien modua partida irabazteko. Neurketa katramilatsua izan arren, Imanol Alguacilen jokalariek ur nahasietan ondo moldatzea lortu zuten. Zalantzazko jokaldi asko egon ziren bi areetan, eta Jose Bordalas Getafeko entrenatzailea kaleratu egin zuten, epaileari bi penalti eskatu zizkiolako.

Hain justu, Realak penaltiz zabaldu zuen garaipenerako bidea. Txuri-urdinen aldeko lehendabiziko kornerrean, lurrera bota zuten Mikel Merino, eta Prieto Iglesias epaileak, VARaren laguntzaz, penaltia adierazi zuen. Ordutik aurrera, etxeko taldea hobeto moldatu zen zelaian, baina atsedenaldiaren aurretik ez zuen aldea handitzerik lortu, nahiz eta horretarako zenbait aukera izan zituen.

Bigarren zatiaren hasieran sartu zuen garaipena ekarriko zuen gola. Jokaldi ona egin zuen Barrenetxeak, eta harrobikoak Willian Joseri eman zion baloia. Brasildarraren erdiraketa ederki aprobetxatu zuen Mikel Oiartzabalek baloia sareetara jaurti eta aldea handitzeko.

Partidak nahastera egin zuen gero. Giroa bero zegoen, eta, nahiz eta Realak markagailuan bi golen aldea izan, Getafek estutu egin zuen, gol bat sartzeraino. Halere, ez zuen denborarik, eta Anoetan geratu zen Realaren salbazioa ziurtatu zuen garaipena.

Hiru puntuez gain, Martin Zubimendiren debuta izan zen beste albiste pozgarria txuri-urdinentzat. Sasoi honetan debuta egin duen hamargarren jokalaria da donostiarra. Azken hamar minutuan jokatu zuen erdilariak. Barrenetxea, berriz, hasieratik aritu zen, eta ondo aritu zen atzo. Zubietako harrobia osasuntsu dagoela frogatu zuten biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.