Salbazioa ziurtatzeko derbia gaur Ipuruan

Eibarrek eta Osasunak hiru puntuak poltsikoratu nahi dituzte, jaitsieratik are gehiago urruntzeko. Jokatutako azken bi neurketak irabazi dituzte

Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Bolada gozoan iritsiko dira gaurko ligako neurketara Eibar eta Osasuna. Bi taldeek azken bi partidak irabazi egin dituzte, eta horrelako gozotasunari segida eman nahi diote. Derbia irabazita, biek urrats erabakigarria egin dezakete salbazioa lortzeko. Gipuzkoarrek, ordea, puntuak poltsikoratzeko behar handiagoa dute, jaitsieratik sei puntura baitaude. Nafarrek, berriz, 44 puntu eskuratuta, gaur ziurta dezakete salbazioa.

Duela lau aste Eibarrek salbazioa lortzea zaila zirudien. Baina jokatu dituzten azken lau partidetan zortzi puntu eskuratu dituzte. Orain, 35 puntu dituzte,eta arnasa apur bat hartzeko parada du Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak. Zaldibarkoaren arabera,denboraldiko «garairik onenean» daude. «Etenaldiaren ostean, ligako talderik onenetakoa gara». Mendilibarrek, ordea, bi jokalari garrantzitsu galdu ditu denboraldiko azken zati erabakigarrirako: Gonzalo Escalante eta Fabian Orellana. Biek taldea utzi dute, ekainaren 30ean amaitu baitzitzaien kontratua. Zelai erdian hutsunea sortuko duten arren, taldeko beste jokalariengan konfiantza osoa duela adierazi zuen teknikariak.

Alabaina, Osasunak ez du gutxiago izan nahi. Denboraldi osoan ederki erakutsi du edozeinen aurka lehiatzeko gai izan dela.Jagoba Arrasatek horri eutsi nahi dio, eta argi du salbazioa matematikoki ia ziurtatua duten arren, aurkariarekin ez dagoela fidatzerik. «Daukagun hamaikakorik onena jarri beharko dugu hiru puntuak lortzeko».

Neurketari begira, derbi «orekatua» eta «gogorra» izango dela espero dute bi prestatzaileek. Osasuna «izaera lehiakorra eta irabazteko gosea» duen taldea dela nabarmendu zuen Mendilibarrek. Arrasateren iritziz, talde «gogorra» da Eibar, Ipuruan jokatua are gehiago.

Partidarako bi entrenatzaileek txandakatzeak egitea espero da. Eibarren Jose Angel Cotek, Rober Correak eta lesiotik berreskuratu den Sergi Enrichek joka dezakete. Osasunan, berriz, Oier Sanjurjo, David Garcia eta Facundo Roncaglia taldera itzuli dira.

EIBAR-OSASUNA

Eibar. Dmitrovic; Correa, Bigas, Oliveira, Cote; Pedro Leon, Edu Exposito, De Blasis; Sergio Alvarez, Kike Garcia eta Enrich.

Osasuna. Sergio Herrera; Roncaglia, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Roberto Torres, Darko, Oier, Arnaiz; Cardona eta Gallego.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 19:30ean (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.