Rachid Taha

Magrebeko musikaren ikur, etorkinen boz

Rachid Taha musikari aljeriarra hil da, 59 urte zituela. Magrebeko musika herrikoia, rocka eta elektronika uztartu zituen, eta lengoaia propio bat sortu. Kritiko azaldu zen beti Europako migrazio politikekin.

GAIZKA IROZ

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 13

Magrebeko musika eszenaren ikurretako bat, rai musikaren berritzaileetako bat izan zen, baina genero eta kategorizatze horietatik haragokoa izan da Rachid Taharen ekarpena, oihartzuna, itzala. Atzo hil zen musikari aljeriarra, Parisko bere egoitzan, 59 urte zituela. Familiak plazaraturiko ohar baten bidez zabaldu zen berria atzo: «Lyes semeak, familiak, gertukoek eta adiskideek eta Naive diskoetxeak tristura handiz azaltzen dute Rachid Taha artista bart hil dela, bihotzeko baten ondorioz».

Oranen (Aljeria) jaio zen, 1958an, baina 10 urte zituela Alsaziara mudatu zen, Frantziako ekialdera. 1980ko hamarkadatik aurrera, ibilbide arrakastatsua ondu zuen, musika genero zenbaiten uztarketa eta berrirakurketa propioari esker. Magrebeko tradizio musikala —rai-a eta Aljeriako chaabia, batez ere— rockarekin, punkarekin edota elektronikaren hainbat elementurekin antzaldatzen zuen.

Carte de Séjour taldea osatu zuen 1981ean, eta ezagun egin ziren Charles Trenet konpositore eta kantari frantziar klasikoaren —batzuek chanson-aren aita pontekotzat hartzen dute— Douce France piezaren moldaketarekin. Gero, bakarka ekin zion musika ibilbideari. Musika lengoaia original eta propio bat sortu zuen Rhoromanie (1984), Barbés (1991) eta Olé Olé (1995) lanen bitartez, besteak beste. Tahak ohiko bihurtu zuen beste artisten moldaketak egitea —bai arabiar tradiziokoak, bai rock anglo-saxoikoak—. 1997an, Ya Rayah chaabi aljeriarreko klasikoaren moldaketa egin zuen, musika elektronikoarekin eta ekialdeko doinuak gehituz. Mundu osoan sona hartu zuen kantu horrekin, eta ereserki moduko bat bilakatu zen Europan duintasunez bizitzea aldarrikatzen zuten etorkin magrebtarrentzat.

Disko berria prest

Aurten bertan, martxoan egindako elkarrizketa batean, Taha oso kritiko agertu zen Europaren migrazio politikaren inguruan: «Txarretik okerragora doa. Europa anti-arabiarra da erabat; arabieraz hizketan entzuten bazaituzte, esango dizute terroristen lengoaia dela. Atzeraka goaz. Interneti esker, orain badakigu nork gorrotatzen dituen arabiarrak, kalean ez baita hori hainbeste antzematen. Ez irratietan ez hedabideetan apenas dagoen arabiarrik; agian futbolean, baina hor ere gutxi. Frantziak ez du asimilatu Aljeriarekin gertatutakoa; kontrako-eztarrian geratu zaie». Ez zuen sekula Frantziako herritartasunik izan. 2008an emandako elkarrizketa batean azaldu zuen sekula ez zuela eskatu, «Aljeriako gerran militar frantsesek hildako osabaren omenez». Frantziako arabiar gazteentzako erreferente izan zen Taha, bere letretan ez baitzien muzin egiten ideologiari, faxismoaren aurkako bertsoaldiei.

Ahots kraskatu eta garratz berezia zuen Tahak, eta horrek ere kutsu desberdina ematen zion berak landutako rai-ari —generoa 1920ko hamarkadatik aurrera sortu zen—. 1997an, Carte Blanche lanean, bere kanturik arrakastatsuenak bildu zituen, eta Diwan-ekin (1998) rocka eta punk ukituak alde batera utzi eta tradizio arabiarrerantz jo zuen berriz ere. Alabaina, kolaborazio ugari egin zituen beste herrialdeetako hainbat musikari miretsirekin. Tékitoi diskoan (2004) The Clashen Rock The Casbah kantuaren bertsioa egin zuen. The Clasheko Mick Jonesekin, Brian Enorekin —Elvis Presley omenduz— edota Um Kulsum musikari egiptoarrarekin kolaboratu zuen, besteak beste. Orain artean kaleraturiko azken lana 2013ko Zoom zuen; Le Parisien egunkariaren arabera, beste disko baten grabaketa bukatua zuen, ordea. 2019ko hasieran argitaratzekoak dira lan berri hori.

Hilondoko diskoa izango da.

BERRIAk Tahari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen 2010eko uztailaren 13an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna