kritika. Antzerkia

Logika ororen kontra

Matarile konpainiak Erriberrin egin zuen emanaldiaren irudi bat. VILLAR LOPEZ / EFE.
Agus Perez.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun

'Daimon y la jodida lógica'

Konpainia: Matarile. Zuzendaritza eta testuak: Ana Valles. Argiak, eremu eszenikoa eta musika-ekoizpena: Baltasar Patiño. Interpreteak: Ricardo Santana, Nuria Sotelo, Celeste, Alba Loureiro, Cristina Hernandez Cruz, Nacho Sanz, Jorge de Arcos Pozo, Neus Villa Jürgens, Ana Cotore. Lekua: Erriberriko Nafarroako Erregeen jauregia. Eguna: Uztailak 22.

Logikaren kontra dator nik berriz ere Daimon y la jodida lógica-z (Daimon eta logika madarikatua) idaztea, Bilboko estreinaldian ekin niolako gaiari. Azkuna zentroan izan zen, 2019ko urrian, eta bertan egon ginenetariko asko apur bat desorientatuta geratu ginen, beharbada agertoki erdiko zutabetzar haren eraginez —ez zen eremu eszenikoaren parte, eraikinaren egiturazkoa baizik, sinestezina izan arren—, baina gehienbat Matarile galiziar konpainia enblematikoak jauzi handia eman zuelako beste garai batzuetan izan zituen dimentsioak berreskuratzeko, distira estetiko eta planteamenduen bikaintasun berberekin betiere, balio horiek odolean daramatzatelako bai sortzaileek bai unean uneko kideek.

Logikaren kontra, beraz, baina era beharrezkoan, esanguratsua delako Erriberriko Antzerki Jaialdian horrelako estetika hiper-aurreratuko lan bat agertu izana. Harekin batera beste batzuk etorriko dira aurten —Kataluniako Intemperie konpainiaren Expediente K, Carta al padre, kasurako, edo Andaluziako Atalaya taldearen Madre Coraje—, eta jaialdiak ez die jada uko egiten euskaldun kutsuko piezei —aurten Burdina, iaz Kukairen Erritu...—. Onerako aldaketa, beraz, eta poza eman digu jaialdiaren izena ele bitan proiektatua ikusteak gazteluko horma batean, eta bai segurtasun arauak bai ikuskizunaren aurkezpena euskara txukunean ere entzun izanak.

Baina joan gaitezen harira, logikaren kontra doazelako gizonezko dantzari bat gona plisatuarekin agertu izana eta rol agerikorik jokatu ez duen akuilu-makuluen gaineko pertsonaia denbora guztian gora eta behera ibili izana, bere sonbrerua buruan eta Pinocchioren sudurra agerian. Era berean, ez du logikarik emakume batek ia biluzik baina begi bat adabaki batez estalita eramateak —estetika ezarriaren ikuspegitik behintzat—, logikarik ez duen bezala emanaldiak ildo argumentalik ez agertzeak eta erdi pertsonaia erdi pertsona erdi aktore erdi dantzari erdi musikari ziren izakiek diskurtso ezin koherente eta sakonagoak emanaldian zehar plazaratu izanak. Testu batzuk Ana Vallesek hainbeste maite duen Roberto Bolañoren ildotik etorri dira, eta beste batzuk, interprete batzuen sormenetik, eta programaturiko anabasa horretan ezin hobeki kokatu da Celeste izeneko antzezle transgeneroaren figura.

Dramaturgiak ere era bortitzean apurtu ditu azken mendeetako antzerkiaren legeak, zuzeneko musikaren —bateria, bi teklatu mota, biolina, tronpeta, gitarra elektrikoa...— eta argi-diseinu ahalmentsuaren gidaritzapean. Alde horretatik, bateria joleak rol nagusia jokatu du, eta askotan ezin izan dugu jakin interpreteen artean nor ote zen musikari eta nor antzezle. Arropa aldaketak ere —denak politak, denak neurrian probokatzaileak— etengabeak izan dira, antzezleek eremu eszenikotik ia irten gabe eman dituzte interbentziorik gabeko pausaguneak, eta dantza-pasarte ugarietan arrisku fisikoa nagusitu da beste ezeren gainetik. Horrela, eta sakontasun handiko irudi onirikoen artean igaro da Erriberriko jauregiko emanaldia, ikusleen txalo berotan bilduta amaitu dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.