Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Zilbor hestearen grabitate eremua

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Proxima'



Zuzendaria: Alice Winocour. Aktoreak: Eva Green, Matt Dillon, Zelie Boulant-Lemesle. Herrialdea: Frantzia - Alemania. Iraupena: 107 minutu.

Hurrengoa, ondorengoa, hurbilena, geldialdi eskatua, datorrena. Proxima filmak zinema espazialean barneratuko gaitu espaziora joan beharrik gabe, hori guztia lurrean gertatuko baita, hemen, toki hurbilenean, Lurra planetan, edo agian, zintzoagoak izateko, esparru intimoenean, maitasun eta atxikipen emozionalean.

Alice Winocourren azken filma lasterketa espazialaz, amatasunaz eta lurrera loturik mantentzen gaituzten harremanez arituko zaigu. Espazioaz jardun izan zaizkigun pelikulen diskurtsoetatik aldenduz, zuzendariak hain hurbil/hain urrun dikotomian kokatuko gaitu, espazioa, helburuak eta helmugak, guztiz naturalak diren gakoekin uztartuz, esaterako, amatasunarekin eta familiarekin. Lasterketa espazialean parte hartu duten emakumeen aldarrikapena izango da filma, eta diskurtso ofizialetatik at mantendu den errealitateaz arituko zaigu: emakumea espazioan, amatasuna espazioan.

Eva Green eta Zelie Boulant-Lemesle aktoreek ama-alaben arteko zilbor heste luze eta itzel batekin inguratuko gaituzte, besarkatuko bagintuzte bezala; eta bien arteko harremanean nahastuko gara, momentu batzuetan itogarria izan daitekeen besarkada izango dena. Umeak ama begiratuko du, bere txikitasunetik mundua ulertzeko bere saiakeran, etengo ote den harremanaren minez, handiegia egiten ari zaion errealitatean. Amak, ordea, espazioan dauka arreta, neurgaitza zaion mugagabetasunean. Biak ikusiko ditugu txiki, biak handi pelikulan zehar, oztopo eta traba desberdinen gainetik aurrera egin nahian.

Ama eta alaba izango dira ume, baita babesle ere, galeraren beldurrak nola estutzen gaituen sentiaraziko digutelako. Helburuak helburu, laztasunean gertukoenen beharra nola estimatzen dugun ikusaraziko digute. Eta, era berean, nabarituko dugu nola babesak ematen digun konfortak geure buruari traba egiteko tranpa gisa ere funtziona dezakeen helburuak lortzerako eta aurrerapausoak emateko garaian.

Bizikletaz lehendabiziko aldiz ibili ginen aldian bezala, atzera begiratzea tranpatia izan daitekeelako; hau baita bide bakarra, zuk zure nortasunaz nik nereaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.