Blusa eta Nesken Eguna

Blusak, neskak eta baratxuri usaina kalera

Gasteiztarrak jai giroan egongo dira gaur, Santiago egunez. Nekazaritza eta abeltzaintza azoka izango da, beste hainbat jarduerarekin batera

Gasteizko baratxuri azoka, 2015eko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Blusa, neska eta baratxuri usain artean egongo da gaur Gasteiz. Santiago egunez, Blusen eta Nesken Eguna ospatuko dute hiriko kaleetan. Andre Maria Zuriaren festak hamar egun eskasera geratuko diren egunean, hamaika egitasmo egongo dira ikusgai hiriko hainbat lekutan: nekazaritza eta abeltzaintza azoka ere egongo da.

Azken urteetan, egitarauan ezinbesteko bihurtu da ardo upelen txapelketa. Hainbat jarduera egingo dituzte goizeko orduetan, baina upel lasterketak izango du ikusmira handiena. Aurten ere ez da faltako, eta laugarren aldia izango du lehiaketak jada. Guztira, 25 kuadrilla arituko dira lehian, ehun blusa eta neska baino gehiago, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez. Lasterketa, aurreko urteetan bezala, Plaza Berrian hasiko da, eta leku berean bukatu. Lau partaidez osatutako taldeak bitan banatu, eta, txandakatuta, bikoteek bira bana eman beharko diote ibilbideari. Lasterketari pertsonaia ezagun batek ematen dio hasiera, eta, aurten, Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon antzezten duena, izango da lehiari hasiera emango diona. Irabazleak 225 litroko ardo upela lortuko du.

Nagusien aurretik, umeek parte hartzeko aukera izango dute. Antolatuko duten bigarren aldia izango da aurtengoa, eta 10:30ean jarriko dute abian. Haurrek ehun metroko ibilbidea egin beharko dute. Nagusietan ez bezala, ez da egongo txandakatzerik.

86 baratxuri postu

Goizeko zazpietatik arituko dira baratxuri saltzaileak beraien urteko uzta saltzen, ordu luzez. Guztira 86 postu egongo dira, iaz baino lau gehiago. Espainiatik ere hainbat merkatari etorriko dira baratxuriak saltzera: Aragoitik, Errioxatik eta Kantabriatik. Corellatik (Nafarroa) Gasteizerako bidaia 40 urtetan baino gehiagotan egin du Manuel Izal baratxuri saltzaileak. 31 zenbakidun postuan jarriko da, goizean goiz. Gogora ekarri du orain lehen baino jende gehiago batzen dela, bai bere salmenta puntuan, bai orokorrean, eta «oso pozik» joaten dela Gasteizera.

Oso giro ona dagoela azpimarratu du Izalek; «tratu oneko jendea» biltzen dela merkataritza gunera, eta saiatzen dela «jasotako tratua neurri berean ematen». Errege atea, San Frantzisko kalea eta San Frantziskoko aldapa osorik hartuko dituzte postuek. Gaur tenperatura beroak espero dira Gasteizen, baina ez aurreko egunetakoak bezain beroak, eta «giro aparta» espero du Izalek, nahiz eta bere ustetan eguraldiak ez dion askorik eragiten: «Berdin da eguraldia txarra izatea. Nahiz eta euria egin, jende ugari bildu izan da aurreko urteetan. Ez da horren beldur izan behar».

Baratxuri azoka ez da, ordea, Gasteizen egongo den azoka bakarra. Nekazaritza eta abeltzaintza azokak ere bere lekua izango du gaur. Nekazariek Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusean jarriko dituzte postuak. Arabako 50 ekoizle baino gehiago egongo dira azokan, lurraldeko elikagaiak, edariak eta abereak joaten direnei ikusgai jartzera. Eguerdi aldera, beste azoka mota bati emango diote hasiera. Gaur hasi eta abuztuaren 9ra arte egongo den Andre Maria Zuriaren azokako postuak zabalduko dituzte. Aurten, 40 postu izango dira, eta eskulan eta artelan ugari egongo dira ikusgai eta salgai, Santa Barbara plazan.

Arratsaldean ez da etenik izango. Kuadrillek zezen plazarako ibilera egingo dute. Azken bi urteetan, Nesken eta Blusen Batzordeko kuadrillak eta Federazioko kuadrillak ordu desberdinetan abiatu ziren. Aurten ere, Federazioko sei kuadrilla aterako dira lehenbizi; ordu erdi geroago, Batzordeko hogei kuadrillen txanda izango da. Dato kalean hasiko dira. Ibilbide berbera errepikatuko dute itzuleran. Eta, joanean bezala, Federazioko kuadrillak Batzordekoak baino ordu erdi lehenago aterako dira.

Azken urteetan bi taldeen artean sortutako tentsioak ekarri zuen bakoitzak bere bidea egitea. Udalak kudeatu behar du egoera, haren arduretako bat baita kuadrillen diru laguntzak kudeatzea. Alde guztiek lan egiten dute jaiak ondo joan daitezen, baina udaleko iturriek aitortu dute nahiago luketela kuadrillek «elkarte bakarra osatuko balute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.