Gillen Martinez. Ubarroietako kidea

«Jaiak gureak dira, eta, hortaz, guk antolatu behar ditugu»

Gillen Martinez de la Hidalga orain dela hiru urte sartu zen Ubarroiak kofradian. Haiei egokitu zaie Ezkila kapitaina aukeratzea: Groseko jai batzordeari eman diote aukera.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Beñat Torres Lete

2017ko abuztuak 13
Ezkila kapitainak eta Mattik eman zioten hasiera Aste Nagusi Piratari atzo, La Flamenkan. Gillen Martinez de la Hidalga Ubarroiak kofradiako kideak (Donostia, 1992) Mattiren absentzia azpimarratu du, haiekin ez dauden Sara Majarenas eta haren alaba Izar oroituz. Majarenasen ahizpa Haizeak bete du hutsune hori.

Kofradia gisa, lan handia izan duzue Aste Nagusi pirata aurrera ateratzeko.

Guk aurten diskordinazio taldea sortu dugu. Talde horren bidez, aktibo izan nahi duten horiek bildu, eta lan karga handiena beraien artean banatzen dute. Ubarroieko Whatsapp taldean ehun inguru izango gara, baina gero badugu hamar laguneko beste talde bat, non kuadrilla desberdinetako ordezkariak biltzen saiatzen garen. Urte guztian biltzen gara, bi astean behin.

Alde batetik, Ontziolara doan pertsonari laguntzen saiatzen gara, dezenteko lan karga izaten baitu, eta, gero, lantaldeak ere bideratzen ditugu, ekintzak prestatzeko. Talde orokorrak ere, ordea, bikain erantzuten du, Aste Nagusi piratan lan handia duten txandak hartuz.

Zuen kofradiak bereizgarriren bat duela uste al duzu?

Ez nuke esango. Agian badaude Traganarruak eta halako kofradiak, nahiko antzekoak direnak. Gure kasuan, auzo bat ordezkatzen dugu. Beste batzuek ideiak ordezkatzen dituzte: adibidez, Aingurak ekologia, edo Kalepozak feminismoa. Guk auzolana eta jai herrikoiak sustatu nahi ditugu. Ubarroietan gauden asko Groseko jai batzordean ere bagaude.

Aurten zuei tokatu zaizue erabakitzea nor izan den Ezkila kapitaina. Nola hartu zenuten erabakia, eta zertan oinarritu zineten?

Bilera batean erabaki zen. Kide batek proposatu zuen, eta aho batez erabaki zen. Aurten, Groseko jai batzordeari ematea erabaki dugu, urte osoan egiten duten lanarengatik. Ez hori bakarrik, abordatze txikian Ezkila Groseko guraso taldeak eramango du. Horiek ere lan dezente egiten dute. Aurten, danborradan, arrakasta itzela izan dute, ehun ume inguru atera dira eta. Haiei lan hori ere eskertu nahi izan diegu.

Arlo pertsonalari dagokionez, ekintzaile izateak Aste Nagusia baldintzatzen dizula esango zenuke?

Bai, noski. Piratek urte dezente daramatzate, eta ni parte izaten hasi nintzenean jada bazeuden. Ordutik, ez nuke esango Aste Nagusia piratarik gabe bizi dudanik. Gainera, ez nuke imajinatu nahi.

Zer mezu zabaldu nahi izan duzue aurtengo txupinazoan?

Jaiak gureak dira, eta, hortaz, guk antolatu behar ditugu. Hori aldarrikatu behar dugu. Ahal dela, herritik eta herriarentzat izan daitezela. Bestalde, Mattiren falta ere azpimarratu dugu, norbait falta izan zaigula erakusteko.

Ekintzaile gisa, ba al dago zerbait kezkatzen zaituena, Aste Nagusi piratari begira?

Pertsonalki, azken urteetan ekonomikoki oso zaila egiten ari zaigula, horrek kezkatzen nau. Zorra urtero handituz doa, ez gara kapaz murrizteko, eta hor konfrontazio bat ikusten dut ditugun balioen eta diru iturrien artean. Publizitatea jarriko bagenu, adibidez, dirutza aterako genuke, baina hori gure printzipioen aurka doa. Zaila da ditugun balioekin ekonomikoki aurrera ateratzea.

Herritarren artean zilegitasuna lortzen ari zarete, hala ere.

Bai, hala da. Hala ere, oraindik jende askok abordatzearekin bakarrik lotzen du Aste Nagusi pirata, eta konturatu beharko lirateke Aste Nagusi pirata osoan beste mila ekintza ere badaudela.

Partxe bat begian jarriz, nor bihurtuko zenuke pirata gustura?

Ubarroiei egiten zaigun kritika bat da, adibidez, batez ere Zurriola ikastolako jendea garela. Eskandalosakoei, berriz, gehienbat Manteo ikastolakoak direla egozten zaie. Eskola euskaraz egin duen jendea erraz sartzen da piratetan. Beste eskola batzuetara joan den jendearen falta nabaritzen dut. Ez ditut piratetan ikusten, eta ikusi nahiko nituzke. Guk donostiar guztiak jai hauen parte izatea nahi dugu, baita hain euskaldunak ez direnak ere. Hain euskalduna ez den jendeak gehiago parte hartzea nahi nuke, jai eredu hau hiri osoaren ordezkari baita.

Inoiz hausnartu al duzu zertan duzun antza ubarroiarekin?

Kofradia gisa sortu ginenean, adibidez, kolorea ere erabaki izan behar genuen. Hasieran, jendeak ez zuen argi ikusi urdin iluna izatea, baina orain ez du inork ezbaian jartzen. Izenarekin, berdin. Hasieran, uste dut inork ez zekiela zer zen ubarroi bat, eta hainbat puntu identifikatu genituen. Batetik, ubarroia nahiko animalia lapurra da; arrantza porturatzean beti ibiltzen dira zer edo zer lapurtu nahian, eta, orduan, piratekin joko hori egin genuen. Bestetik, kostaldean asko ikusten zen animalia bat zen, eta azkenaldian gutxi ikusten da, lur asko kendu diogulako. Alde horretatik, haren lekua ere aldarrikatu nahi genuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna