Intsinis pinuen izurritea. Baso politika ezbaian

GORRIAK IKUSTEN ARI DA PINUA

Onddo batek eragindako gaitzak kinka larrian jarri ditu intsinis pinuak. Administrazioak eta egurraren sektoreak sailak salbatzeko moduaren bila badabiltza ere, ez dago jakiterik sendabiderik aurkituko duten. Beste eragileek aurrera begirako baso politikaz eztabaidatu nahi dute.
Intsinis espezieko pinudi bat Beizaman, Gipuzkoan.
Intsinis espezieko pinudi bat Beizaman, Gipuzkoan. GORKA RUBIO / FOKU

Iñaki Petxarroman -

2018ko urriak 7
Nahikoa da etxeko edo autobuseko leihotik begiratzea Euskal Herriko zenbait eskualdetako basoetan pairatzen ari diren egoera larriaz jabetzeko. Dothistroma pini eta Lecaonosticta acicola izeneko onddoek erasan diete intsinis pinuei, eta xingola gorria eta xingola marroia izeneko gaitzak areagotu eta zabaldu.

Duela urte batzuetatik ari ziren pinudiak jasaten gaitzaren erasoak, bereziki Gipuzkoan, baina aurtengo udan izan diren hezetasun handiak eta beroak inoizko gehien zabaldu dute izurritea. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, intsinis pinuen %35 inguru daude gaitzak kutsatuta. Haietako asko ezin izango dira leheneratu, beste asko botika egokiaren edo eguraldi baldintzen zain daude, irtenbiderik duten edo ez jakiteko. Sektoreko eta diputazioetako arduradunak saiatu arren, konponbiderik ez dute topatu oraingoz. Sendabiderik izango den ere ez dakite ziur. Nazioartean halako egoerak pasatu eta gainditu dituzten hainbat herrialdek ematen diete itxaropena, baina ez dago jakiterik Euskal Herrian posible izango den. Krisiak, baina, aspaldiko eztabaidarik handiena piztu du baso politikaren inguruan. Ñabardurak ñabardura, ia eragile guztiak bat datoz: ezin une egokiagoa da gogoeta sakon bat egin eta aurrera begirako baso politikari buruzko eztabaida mamitsu eta zabal bat egiteko.

Intsinis pinuaren erabilera intentsiboa eta monokultiboaren aldeko hautua egin dute azken hamarkadetan Euskal Herriko ardatz atlantikoan, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan. Kaliforniatik ekarritako zuhaitzek basoen %15 inguru betetzen dute gaur egun, baina oso modu ezberdinetan banatuta daude. Gipuzkoan eta Bizkaian gehien zabaldu den espeziea da. Nafarroan eta Araban aski mugatua da, eta Ipar Euskal Herrian alerik ez da.

Gorriak ikusi arren, batzuek ez diote oraingoz akaberarik ikusi pinudien aroari. Kepa Albizu Baskegur baso jabeen elkarteko zuzendaritzako kideak ez du itxaropena galdu: «Larritasunaz jabetuta bai, baina itxaropentsu gaude. Duela urtebete etorri zen Txileko aditu bat, eta aurten Zeelanda Berrikoak heldu dira gurera. Haiek antzeko egoerak pasatu dituzte duela 50 urtetik hona, eta gai izan dira aurrera egiteko. Beraz, egin behar dena eginez gero, hau kontrola daiteke».

Gipuzkoan dago egoerarik larriena, eta izurritearen lehen zantzuak ere herrialde horretan azaldu ziren duela urte batzuk. Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpururen hitzetan, «egoera kezkagarria» da, baina goizegi da esateko pinuarenak egin duen. «Sektorearen beste eragileekin batera (Neiker, Hazi, Baskegur, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak, Jaurlaritza) gaitz honi aurre egiteko neurriak hartzen ari gara. Ikerketak areagotzen, erresistenteak diren aleak aurkitu nahian eta beste espezie batzuen erresistentzia maila aztertzen». Tratamendu fitosanitario esperimentalak ere egiten ari dira, eta beste herrialdeetako informazioa jasotzen. «Ikertzaileek ez dute baztertzen tratamendu fitosanitarioen bidez gaixotasun honi aurre egin ahal izatea. Oraindik, baina, ez da aurkitu tratamendu eraginkorrik».

Jendearen kezka jaso dute basozainek ere. Urko Ibañez Bizkaiko Basozainen Elkarteko idazkariak aitortu du eurek ere ez dutela informazio askorik: «Gaixotasuna bat-batean iritsi zaigu, eta oraindik ez dakigu nola jokatu. Jendea urduri etortzen zaigu galdetzera ea zer tratamendu egin dezaketen eta abar, baina ez dakigu zer erantzun». Lasai egoteko eskatu die Albizuk: «Panikoan ez sartzeko eskatu diegu jabeei. Ez gaude ados pinuen inguruan orain ematen ari den mezuarekin, hau da, pinuak irtenbiderik ez daukala eta halakoekin».

«Jabe handien mesedetan»

Egoera larria da, baina. Zenbait eskualdetan —Bidasoaldean, Donostialdean eta Tolosaldean, esaterako— pinudien bi herenetik gorako afekzioa dago. Eta baserritar askok sailak botatzeko baimena eskatu diote administrazioari. Ataka horretan ikusi du bere burua Maite Aristegi EHNE sindikatuko idazkari nagusi ohiak. Bergaran dauka pinu sail bat, eta botatzea pentsatzen ari da. «Sail polita da, lan asko eman diguna, abelburuekin-eta garbitu izan duguna... Orain pentsatzen ari gara zer landatu pinudia bota ondoren: pagoa, gereziondoa...». Aristegik administrazioaren informazioaren falta sumatu du. «Duela gutxi bidali dute eskutitz bat, eta basozainek ere ez dakite zer egin. Beraz, baserritar asko bere kabuz ari da erabakiak hartzen, ondo jakin gabe zer egin».

Azken finean, Aristegik aitortu du baserritar askok «inertziaz» jokatu dutela pinudien aldeko apustuan. Horrek monokultiboaren gaitzak azaleratu ditu orain, «arrautza guztiak saski berean jartzea arriskutsua baita». Eta naturak bere bidea egin du.

Hala ere, jabe txikien eta handien arteko bereizketa nabarmendu du Aristegik. «Baserri txikia, nekazaritzari lotua egon dena, zainketan eta garbiketan aritu da, eta esfortzu bat egin du pinudietan. Baso politika egoki baten faltan, agian errazenera jo dugu, baina uste dut bereizketa hori egin behar dela».

Diru laguntzak ere, txikiengana baino gehiago, lur-jabe handiengana iritsi direla esan du Aristegik. Eta horretan bat dator Julen Villasante Kolore Guztietako Basoak plataforma ekologistako eleduna. «Lur-jabe handiak daude Bizkaian, eta ezagunak dira (Atutxa, Isasi...). Laguntzak ondo banatu dira, edo nork atera du etekin handiena hortik? Europak ezarritako irizpideen arabera egin al dira gauzak? Baliabide handiak badituzu, eta lehengo baldintza bertsuetan jarraitzeko ematen badira, ezin da beste baso politika bat martxan jarri». Eta horrek betikotu dezake lurraldearen zati handi batean elkarteak ikusten duen «basamortu berdea». «Bizkaian, pinu eta eukalipto sailak dira %75, eta antzeko egoera dago Gipuzkoan. Bertako basoa ia ezin da aurkitu, edo azalerak oso txikiak dira. Horrek esan nahi du benetako aniztasuna, berezkoak diren espezieak, ez daudela hor». Horrek kezkatzen du plataforma.

Publikoak vs pribatuak

Ikuspegi hori baino baikorragoa du Baskegurrek intsinis pinuen monokultiboak ekarri dituen onurei buruz. «Aniztasun handiko egoera daukagu, eta egoera nahiko orekatua da: basoen erdiak hostozabalak dira, eta erdiak koniferoak; erdiak baso publikoak, eta erdiak pribatuak. Babesaren aldetik ere, lurraldearen %40 babestuta dago. Kanpotik etortzen direnek esaten dute zorte itzela dugula, paisaje aberatsa eta ederra. 20.000 lanpostu daude zuzenean edo zeharka basogintzari lotuta. Askotan gertatzen da norberak ez duela baloratzen etxean daukan hori».

Askotan lotzen da pinuen edo eukaliptoen monokultiboa lurren jabetza pribatuarekin. Lotura horren okerraz ohartarazi du Villasantek. «Jabetza publikoko lurren %69an monokultiboko sailak daude Bizkaian». Hau da, udalek eta diputazioak ere jotzen dute ekoizpen eredu horretara. Villasanterentzat, ordea, «kezkagarriena» da oraindik ere eredu horrek ez duela goia jo. «Oso larria da, adibidez, Enkarterrin gertatzen ari dena. Mendi publikoak pribatizatzen ari dira eukaliptoz betetzeko. Mendi horiek baldintza batzuk betetzeko izendatu ziren publiko, baina eskakizunak ez dira betetzen, eta aldundiak ez du ezer egin horren aurka».

Ereduak du akatsa, Aristegiren ustez. «Baserritarrok badakigu, nekazaritzan bezala, basogintzan ere balioa erantsia eta aniztasuna nahitaezkoak direla. Eta, hemen, monokultiboa sustatu denean, horren aurka jo dugu. Eredua aldatzera jo behar da, eredua bera baita arazoa».

Beste baso politika batzuk badira, izan ere. Nafarroan dago bat. Basoen jabetza publikoa edo komunala nagusi da han, eta baita Araban ere. Horrek aukera eman du baso aniztasuna, fauna eta floraren aberastasuna eta, oro har, bioaniztasun handiko basoak egur ustiaketarekin bateragarriak izateko.

Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute bide horretatik jo. Aristegik gogoratu du aurreko agintaldian, Bildu Gipuzkoako diputazioan zela, ahalegin bat egin zutela lur publikoetan pinuak ordezkatzeko bertako zuhaitz espezieekin. Horrek gatazka handia eragin zion aldundiari egur ustiatzaile eta baserritar sindikatuekin (EHNE, ENBA...). Diputazioari «jarrera biozentristak» izatea leporatu zioten, eta Jon Peli Uriguen Landa Garapeneko diputatuaren dimisioa eskatu zuten, hark Julian Unanue Natura Inguruneko zuzendaritza kargutik kendu zuelako. «Hori izan zen hauteskundeak galtzeko arrazoi nagusietako bat, atez ateko kontuarekin batera», aipatu du Aristegik.

Bizkaian ere izan dira egur sektorearen presioak, antzeko politikak aurrera eraman dituzten hainbat udal edo eskualdeetan. «Gorbeialdeko iparraldean eta hegoaldean politika ezberdinak egiten dira, eta horrek isla dauka hango basoetan eta paisaian. Zergatik ez dira diru laguntzak ematen iparraldeko partean beste baso politika batzuk egiteko?». Gogoratu duenez, Urkiolan bere garaian erabaki zuten lurrak erostea, eta, denborarekin, «presioa dela eta», dinamika hori eten zuten. «Non geratzen da kontserbazioa? Non geratzen da naturatik hurbileko basogintza? Zergatik ezin da basoan ekoitzi eta, aldi berean, bertako aniztasuna eta bertako espezieak kontserbatu? Badaude adibideak inguruko herrialdeetan, adibidez Burgosen, eta, beste modu batera bada ere, baita Nafarroan ere».

Eukaliptoaren mamua

Pinudien izurriteak etorkizunean zer ekar dezakeen mintzagai dute basoen inguruko lanean ari diren batzuek eta besteek. Ibañez: «Jendeak badaramatza urte batzuk eukaliptoak sartzen, eta, orain, gaixotasun honekin, argiago daukate pinurik ez dutela nahi». Arrisku hori ikusten dute ekologistek ere. Villasante: «Batzuek orain arteko gauza bera egin nahi dute, baina beste espezie batzuekin; adibidez, Japoniako zedroarekin Gipuzkoan, edo sekuoiarekin. Baina beldurgarriena eukaliptoarena da. Gertatzen ari da Bizkaian, eta honekin are gehiago gertatuko da».

Bizkaian, gehien zabaldutako zuhaitz espezieetan bigarrena da eukaliptoa. 17.000 hektareatan dago, eta pagoa eta haritza baino ugariagoa da: «Basozainak esaten ari dira jadanik 20.000 hektareara irits daitekeela. Hori berehala arautu eta geratu behar da», dio Villasantek. Beste herrialdeetan guztiz bazterrekoa da eukaliptoaren presentzia, baina Gipuzkoan badira sail batzuk, eta 600 hektarea inguru hartzen du jadanik. Haien populazioa hazten ari da han ere.

Eukaliptoa nolabait ordezkatzen ari da pinua. Datu ekonomikoetan bila daiteke horretarako arrazoietako bat. Duela 20 urte 120 euro balio zuen pinudien metro koadroak. Gaur egun, 50 eurora jausi da. Pinudiek lan bat dute mantentzeko: inusketak, entresakak, garbiketak eta halakoak egin behar izaten dira, eta, haiek eginez gero, mendia nahiko garbi eduki daiteke. Eukaliptoetan askoz txikiagoa da esku hartzea. Ibañez: «Mila bat ale landatzen dituzu hektareako. Ongarri pixka bat botatzen duzu, desgloseren bat lehen urtean, eta hor geratzen da... Ez du behar ez indusketarik, ez entresakarik». Gainera, 15 urte betetakoan moztu, eta beren kasa ateratzen dira berriro zuhaitz berriak.

Kontuak badu ifrentzua, baina. «Eukaliptoa oso azkar hazten da, eta, horretarako, ur asko behar izaten du. Lurrean dagoen guzti-guztia xurgatzen du, eta dena lehor-lehor uzten du. Garbiketarik egiten ez denez, egur asko geratzen da mendian, eta, sua pizten bada, erregai pila bat geratzen da», ohartarazi du Ibañezek. Horrek asko arduratzen ditu basozainak. Izan ere, suhiltzaile lana egiten dute baso suteetan, eta hondamendi larriak izan dira eukalipto sail handietan, esate baterako, Galizian eta Portugalen. Beste alde txar bat ere badute eukaliptoek: bioaniztasunaren galera. «Eukaliptoetan ez da ezer egoten, ez animaliarik ez beste landarerik, eta horrek ere asko kezkatzen gaitu, guk baso biziak nahi baititugu».

Ez Bizkaian ez Gipuzkoan ez dira diruz laguntzen eukaliptoen landaketak. Lagundu izan dira, baina gaur egun jadanik ez. Soilik sastraka garbiketak lagundu izan dira, suteak prebenitzeko. Ez du nahikoa ikusten hori Kolore Guztietako Basoak plataformak: «Neurtu egin behar da zenbateko eukalipto hedadura behar dugun bertako kontsumoa asetzeko eta zenbat kanporako. Guk egindako kalkuluen arabera, 8.500 hektarearekin nahikoa litzateke. Norbaitek egin du kalkulu hori, edo pertsonen esku utziko dugu eukaliptoak sartzeko erabakia?», galdetu du.

Izan ere, hala egiten bada, suterik gertatuz gero eta, horrek ondorio larriak baditu, nork hartuko du horren erantzukizuna? «Itxaron behar al dugu hildakoren bat izan arte?». Maite Aristegik arriskua ikusten du beste monokultibo batean erortzeko: «Pinua botatzea erabaki dute baserritar askok, eta gero zer egingo dute sail horietan, hau da, eukaliptoa sartu? Horri buruz ematen den informazioa oso txikia da, zeren ez da esaten zer eragin txarra daukan bioaniztasunean eta lurraren kalitatean. Eta, gainera, eukaliptoek ere gaixotasuna daukate».

Pinudiak egurretarako eta papera edo kartoia egiteko erabiltzen dira. Eukaliptoa, berriz, paper fabriketara bidaltzen dute: adibidez, Hernaniko Zikuñaga paper fabrikara (Gipuzkoa) eta Kantabriara (Espainia). Baskegurrek ere ez du txalotu eukaliptoak sartzeko erabakia. «Jarrera arduratsua izan behar dugu. Pinudiak bota behar diren kasuetan ere uste dut ez daukala zentzurik orain dena eukaliptoarekin aldatzea». Gipuzkoako Aldundiak ez du arriskurik ikusten, oraingoz, eukaliptoarekin. «Pinua ordezkatzeko espezie zerrenda zabala dago. Bata edo bestea erabiltzeko, jabeak aztertu beharko ditu bere lursailaren baldintzak, norbere desioak, ematen diren laguntzak —eukaliptoa ez da laguntzen—, egurraren erabilera, mozteko epeak eta espezieak naturalki birsortzeko duen ahalmena».

Baso politika, noren esku?

Intsinis pinuaren gaitza garai garrantzitsuan etorri dela bat datoz eragileak. Baserrietan belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari da, eta jende gazteak ez ditu nahi basoak eta lurrak. Europan ere nekazaritza politika eztabaidatzen ari dira. Aristegi: «Oso momentu garrantzitsua da. Ez da adabakietarako garaia. Jendea ez bada inplikatzen eta gizarte osoa ez bada sartzen, alferrik da, zeren dauden legeak ere ez dira betetzen askotan».

Bizkaiko basozainek ere deia egin dute gizarte osoak parte har dezan baso politikari buruzko erabakietan. «Basogintzari buruzko erabakia ez dute bakarrik diputazioak eta baso jabeek hartu behar. Espainiako Konstituzioak dio gizarteak ingurumen osasuntsu baterako eskubidea daukala. Basoetako diru laguntzak gizartearen patrikatik irteten dira. Beraz, uste dugu guztiok parte hartu behar dugula eztabaida horretan, eta hor kontuan hartu beharko dugula jabeek dirua lortzeko eskubidea dutela, baina denon artean politika berri bat martxan jarri».

Funtsean, ados dira Kolore Guztietako Basoak plataformakoak horrekin: «Nondik datoz laguntzak? Europatik, Bizkaitik? Norena da diru hori? Denona, ezta? Beraz, denok hitz egin dezakegu horretaz. 1,4 milioi euroren laguntzak ematen dira Bizkaian, eta 3 milioi Gipuzkoan. Zertarako eta zer baldintzatan?».

Ekologistek uste dute basogintza publikoa sustatu egin behar dela. «Esate baterako, udalek baserritarren lur txikiak kooperatiben bidez kudeatu ditzakete. Enpresa publiko-pribatuak sortu eta kudeatu ahal dituzte, eta urtero errenta txiki bat ordaindu. Badaude formulak, baina horretarako borondatea behar da».

Aristegik ere berebiziko aukera ikusten du, eta momentua aprobetxatu beharko litzatekeelakoan dago. «Orain, Asiako zedroarekin ari dira esperimentuak egiten, eta bestela eukaliptoa izango da. Alegia, bertako espezieekin ez direnekin ari dira. Aldiz, ez dago ikerketarik neurtzeko ea bertako espezieek eraikuntzan eta beste zerbitzu batzuetan izan dezaketen ahalmena, ez administrazioaren eta ez industriaren aldetik. Biomasaren aukera ere hor dago, eta ikertu beharko da».

Horretarako, baina, borondaterik ez du ikusten, eta ihes egin nahi dio «dena zuri edo dena beltz» azaldu nahi duen irudiari: «Pinudiek garrantzia izan dute baserritarren errentak osatzeko. Pinudi zaharrak espezie batzuentzako bizileku bihurtu dira, eta bioaniztasun bat badute. Problema monokultiboa da. Hausnartu behar dugu zer nahi dugun. Jarri behar dira aukera guztiak mahai gainean, eta erantzuna ezin da utzi jabe handien interesen menpe. Eta lursail publikoek aitzindariak izan behar dute, orain baserritar batzuk ari baitira euren kabuz intxaurrondoak, haritzak, lizarrak, akaziak eta halakoak landatzen».

Ikuspegi horrekin ez dator bat Baskegur: «Baso jabe batek bere sail bat pinuz betetzen badu, zu nor zara esateko zer eduki behar duen hor, behar den moduko kudeaketa egiten badu?». Azken finean, espezieen arteko aldeez egiten diren balorazioekin ez dator bat Albizu: «Batzuek uste dute zuhaitz batzuk onak direla eta beste batzuk txarrak. Eta hori ez da horrela. Zuhaitzak ondo kudeatuta edo txarto kudeatuta egon daitezke. Ondo kudeatuz gero, intsinis pinuak oso ondo egokitzen dira gure lurraldera. Badira 150 urte landatu zirela lehen pinuak, eta hiru arlotan dakarte onura: sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki».

Izan ere, etorkizuna egur horiek lantzetik etorriko dela uste du: «Bioekonomia eta ekonomia zirkularra asko aipatzen dira, eta, produktu hauek ustiatuz, adibidez, papera lor dezakezu, eta horrek poltsak edo dena delakoak egiteko balio du. Horiekin saihets ditzakezu plastikoak. Eraikuntzan zura erabiltzen baduzu, saihesten duzu hormigoia edo burdina erabiltzea, eta, azken batean, karbono dioxidoa gordeta geratzen da eraikinean eta klima aldaketaren aurkako borrokan lagutzen duzu».

Gipuzkoako Diputazioak ere uste du beharrezkoa dela «gogoeta sakona» egitea. Hala ere, ez du uste baso politika bakarrik egur ustiaketara bideratu denik. «Bilatu izan da mendiaren ustiapen iraunkorra bultzatzea eta ekonomia, gizarte eta kultura alorreko jarduerak bateratzea». Esate baterako, bertako espezieak bultzatzen ari dela azpimarratu du: «Bertako basoa leheneratzeko, bi lan ildo ari da jorratzen diputazioa, nagusiki: herri mendietan landaketak egitea eta partikularrei laguntza handiagoak ematea bertako espezieak erabiliz gero».

Gipuzkoak %65 eta %80 bitarteko diru laguntza ematen du bertako zuhaitzak aldatzeagatik, eta Bizkaiak, %90ekoa. Lur pribatuak inoiz baino merkeago daude orain, jabe batzuek ez baitiete jarraipenik eman nahi pinudiei. Hala ere, bi diputazioek lur pribatuak berreskuratzeari atea itxi zioten duela urte batzuk. «Neurri hori berreskuratzea ere aztertu behar da, baita egoerak jarraituz gero jabeekin hitzarmenak egiteko aukera ere», adierazi du Aizpuruk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna