Gerra Ukrainan. Potentzien jarrerak

ASTINDU GEOPOLITIKOARI ERANTZUNEZ

Errusiaren inbasioak posizionatzera behartu ditu nazioarteko erakundeak eta potentziak, eta, gerra hasi aurreko testuinguruarekin alderatuz, aldaketa batzuk izan dira bi hilabeteotan. EBk, esaterako, era bateratuan erantzun du, beste batzuetan ez bezala. Izan dira mugimendu gehiago ere.

Xi Jinping eta Vladimir Putin, 2019ko azaroan, Brasilian. JOEDSON ALVES / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Munduko testuinguru geopolitikoari astindu bat eman dio duela bi hilabete Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak. Nazioarteko erakundeak eta potentziak jarrera bat hartzera behartu ditu gerrak, eta joan den otsailaren 24tik hona izan dira aldaketa batzuk; nabarmenenak Europan, EB Europako Batasunak modu bateratuan erreakzionatu baitu, beste krisi batzuetan ez bezala. Munduan hartutako erabakiei eta harremanei dagokienez nagusi diren joerak aztertu ditu Felix Arteaga Elcano institutuko ikerlariak eta Nazioarteko Harremanetan doktoreak.

EB EUROPAKO BATASUNA
Instituzioek bultzatu dute erreakzioa

«Bruselaren erantzunak ezustean harrapatu nau; ez nuen uste modu hain asertiboan, zalantzarik gabekoan, iraunkorrean eta irekian erreakzionatuko zuenik», aitortu du Arteagak. Izan ere, aintzat hartu behar da EBk ez duela era bateratuan jokatu azkeneko bi hamarkadetan pairatu dituen beste zenbait krisitan: Atzeraldi Handiaren (2008) ondorengo euroaren krisian, eta errefuxiatuen krisian (2015), kasurako. Adituarentzat, «deigarria» izan da, gainera, talde komunitarioaren beraren instituzioek —«kontseiluaren presidenteak, batzordeak, diplomaziaburuak...»— hartu dutela erreakzioaren lidergoa, eta estatu kide bakar batek ere ez diela trabarik jarri hartutako erabakiei. «Inork ez du Errusia defendatu. Are, Alemaniak aldatu egin du bere kultura estrategikoa, eta hori erabakigarria izan da. Orain arte ez zuen gogo handirik izaten Errusiarekin konfrontazioak izateko, eta aldaketa horrek ekarri du beste herrialde batzuk ere mobilizatzea; adibidez, Italia».

«Eredu tradizionalaren aurkakoa» da klubak izan duen jarrera. «Gerra egoera bat dagoenean, herrialde bakoitzaren kultura estrategikoa, sentitzen duena eta desiratzen duena, oso desberdina izan ohi da». Oraingoan kontrakoa gertatzeko aldagai bat egon da. «Errusia etsai komuntzat hartu dute». Eta inbasioaren «elementu deigarrienetako batek» eragin du EBren erreakzio bateratua. «Ikusi da [Errusia] herrialde oso bat inbaditzeko gauza dela».

Elcano institutuko ikerlariaren iritziz, blokea motz geratzen zen orain arte: «Dena izan ohi ziren adierazpenak, posizio hartzeak, baina ekintza gutxi... Oraingoan, adostu dute zigorrak jartzea eta armak bidaltzea». Uste du jokabide horrek balioko diola konfiantza berreskuratzeko, eta etorkizunera begira erronka bat edukitzeko: «Errusiak esparruren batean amore ematen duenean barne kohesioari eta irmotasunari eustea».

NATO
Lurraldearen defentsara itzuliko da


Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 2019ko azaroan esan zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea «garun heriotzan zegoela». CIDOB Nazioarteko Gaien Bartzelonako Zentroko ikerlari Carme Colominak El efecto Putin (Putin efektua) artikuluan jaso bezala, 1989an Berlingo harresia erori eta bi urte geroago Varsoviako Ituna desegin zutenetik, NATOk bere burua berrasmatu eta testuinguru geopolitiko berri batera egokitu behar izan du. Arteagaren arabera, 1990eko hamarkadatik 2010era arte Errusiaren eta Mendebaldeko aliantza militarraren arteko harremanak ondo joan ziren, hein batean.

Gogoratu du 2010ean egin zutela Errusiaren eta NATOren arteko azkeneko goi bilera, Lisboan, eta orduan hitz egiten zela Afganistanen «terrorismoaren aurka» lankidetzan aritzeaz, armagabetze nuklearraz... Baina nabarmendu du bien arteko konfrontazio bat dagoela 2014tik. Hain zuzen, urte hartan anexionatu zuen Errusiak Krimeako penintsula. «NATOk unitateak hedatu behar izan zituen inguruetan, Baltikoko herrialdeetan, ordura arte presentziarik ez zuen lekuetan. Sarritan urratzen dira aire eremua eta itsaso eremua mugan dauden herrialde horietan».

Iruditzen zaio NATOk denbora bat daramala jada Errusiarekiko harremanak aldatuko dituela iragartzen, eta azken hilabeteetan dotrina militar bat landu duela, zeinaren arabera Errusia «mehatxu bat» baita. 2010ean Lisboan onartutako kontzeptu estrategikoarekin funtzionatzen du aliantzak oraindik: «Krisia kudeatzeko gaitasunak garatu, besteei lagundu, gatazketan parte hartu nazioarteko misioen bidez...». Baina NATOren hurrengo goi bileran, ekainaren 29an eta 30ean, Madrilen, beste kontzeptu estrategiko bat dira onartzekoak. «NATO lurraldearen defentsara itzuliko da. Orain, haziz joango da. Putinek asmatu du NATO indartzen, hain justu, kritika gehien egiten zitzaizkion alderdietan: gastu militarra, hedatze iraunkorra, lurraldearen defentsa...».

AEB
Gatazkakarreta galarazten dio

Gerrak ez ditu AEBak ekonomikoki Europa bezainbeste kolpatu, eta lehen olatuan ez dira errefuxiatuak hartzen ari. Nolanahi ere, Elcanoko adituak pentsatzen du Errusiarekin duen gatazkak «arreta galarazten» diola Washingtoni: «AEBek askoz ere gehiago begiratzen diote Txinari. Nazio, potentzia eta gizarte bezala prestatzen ari dira Txinarekin konfrontazio geopolitiko eta geoekonomiko bat edukitzeko». Orduan, Ukrainan gertatzen ari dena ez datorkio ondo. «Zenbat eta denbora eta baliabide gehiago eskaini Errusiari, orduan eta gutxiago izango du erronka nagusirako».

Donald Trump Etxe Zuriko maizterra izan zen bitartean (2017-2021), AEBek ez zuten gogorik eduki Errusiarekin zuten «etsaitasuna» handitzeko. «Ez ziren oso beligeranteak izan alde horretatik». Joe Biden aukeratu zuten herrialdeko presidente, eta aldatu egin zuten bai atzerri politika, bai NATOrekiko jarrera. «AEBak hasiak dira galtzen ari ziren sinesgarritasuna irabazten. Zalantza zen ea AEBak, zeinak Pazifikorantz begiratzen ari diren, gai izango ote ziren Europako beren aliatuak defendatzeko. Defendatu dituzte; beraz, sinesgarritasuna irabazi dute».

Arteagarentzat, Asia hego-ekialdean pentsatzen ari da Washington; ez zuen alferrik adostu AUKUS aliantza militarra Australiarekin eta Erresuma Batuarekin batera, iazko irailean, eskualdean Txinari aurre egiteko. «Europan ez bazion erantzuten Errusiaren desafioari, erantzun behar al zion Txinaren desafioari Pazifikoan? Japonia, Taiwan, Hego Korea eta Australia AEBei begira daude, ikusteko ea benetan aliatuak defendatzen dituen Errusiak bere aliatuekin egin bezala, ea konpromisoak hartzen dituen».

TXINA
Mendebaldearen erantzuteko gaitasunari so

Txinak esan izan du, batzuetan, prest dagoela gerran bitartekari lanak egiteko. Ukrainaren subiranotasuna defendatzen du, ez du Errusiaren inbasioa gaitzetsi, eta Kremlini jarri dizkioten zigor ekonomikoak kritikatu ditu. Pekin eta Mosku aliatu geopolitikoak dira. Nazioarteko Harremanetako doktorearen aburuz, gertatzen ari dena «aukera bat» da Pekinentzat, eremu guztietan irekita dagoen konfrontazio testuinguru batean «Mendebaldeko blokearen» erantzuteko gaitasuna ebaluatu ahal izateko.

«Gogoan hartuko du Europako Batasunean eta NATOn kohesiorik ote dagoen, adierazpenak gertakariekin justifikatzen dituzten, gizarteak erantzuten ari diren, alde edo kontra mobilizatzen diren...». Arteagaren iritziz, Txinaren eta AEBen artean gerta litekeen konfrontaziorako «probako agertoki bat» da Ukrainako gerraren eraginez gertatutakoa. Mendebaldearen erantzuna bateratua da. «Agertokia beste bat izan balitz, Txina arituko zen pentsatzen erraza dela aurrera egitea, prebentzioak ez duela hain handia izan behar, erantzuteko gaitasuna mugatuagoa dela...». Uste du «erlatiboki» geratu dela gatazkatik kanpo. «Ez dauka jokabide desafiatzaile bat. Ziurrenik, ez du jokatzen Errusiari gustatuko zitzaiokeen rola, gustuko litzaioke-eta esatea Txinaren babes militarra duela». Pekin, horrenbestez, «begira eta itxaroten» ari da.

ERRUSIA
Ez dago esaten duten bezain bakartuta


Mendebaldeak dio Errusia bakartuta geratzen ari dela. Arteagak azpimarratu du ez dagoela dirudien bezain bakartuta. Harremanak dauzka, batetik, energia saltzen dien herrialdeekin. Bestetik, beste herrialde batzuk Kremlinen «menpe» daude politikoki. «Bielorrusia, Kazakhstan... Erregimen horien barne egonkortasuna Errusiaren sendotasunaren araberakoa da. [Sobietar Batasuneko] errepublika izandako asko beldur dira, eta Ukrainan egiten ari denak balio dezake horiei ohartarazpen bat egiteko».

Gainera, kidetasun ideologikoagatik «bazkide sare bat» dauka Latinoamerikan. «Errusiak oso ondo egin du hori». Elcanoko ikerlariak nabarmendu du ezin dela esan Iran bere garaian, «zigorren aurretik», bezain bakartuta dagoenik Mosku. «Askoz ere baliabide gehiago dauzka, lurralde gehiago, eta sakontasun estrategiko handiagoa Indiarekin eta Txinarekin dituen harremanetan.

Arteagaren ustez, baina, «arazo bat» du Errusiak. «Babesten duten horiek interesagatik edo mendekotasunagatik babesten dute, ez elkartasunagatik edo herrialde gehiagok osatutako multzo bateko kide direlako». Azaldu du Kremlinek Asian babes hartzen duela, hura dela haren «atzeko jokalekua», han eutsi diezaiokeela... «Baina Mendebaldean ez egiteak arazo bat sorrarazten dio, ikuspegi oso inperialista duelako arlo guztietan. Hegoalderantz jo behar izatea, Mendebaldean lagunak edo bazkideak galtzea, zaila egingo zaio». Oroitu du Mendebaldean Kremlinen eraginpeko eremuetan zeuden herrialde batzuk «beste aldera» pasatu direla, eta Asiako batzuk ere Mendebaldera begira daudela, eta «nahitasunik eza» erakusten dutela.

«Pertzepzio horrek» bultzatu zuen Errusia, ikerlariaren esanetan, 2014an Krimeako penintsula inbaditzera eta orain gauza bera egitera. «Ukrainakoa erantzun bat da, ez soilik Ukrainari, zerbait egin diola uste duelako: ohartarazpen orokor bat da. Kezka du oraindik badituen lagun horiek guztiek alde egingo ote dioten».

MUNDU MULTIPOLAR BATERANTZ?
Txina, Errusia eta AEBak ezin dira maila berean jarri


Elcanoko ikerlariaren arabera, AEBak, Txina eta Errusia hartzea eta multipolaritateaz hitz egitea «erlatiboa» da, Errusia «soilik bere sateliteek» babesten dutelako. «AEBekin eragile gehiagok eta garrantzitsuagoek bat egiten dute, eta Txinarekin, egiazki... bakarrik dago». Hortaz, pentsatzen du ezin direla hiru herrialdeak maila berean jarri, multipolaritatearen kontzeptua baliatuz. «Ez dira parekagarriak. Txinaren botere ekonomikoa eta militarra handitzen ari da, baina, gaur-gaurkoz, AEBak dira potentzia dominatzailea».

Haren irudiko, «dimentsio guztietan» eduki behar da botere handia potentzia izateko: arlo ekonomikoan, teknologikoan, militarrean, sozialean... «AEBek badute, nahiz eta galtzen ari diren. Ikusiko dugu hamar-hamabost urte barru». Iruditzen zaio, beraz, aipatutako multipolaritatea «fikziozkoa» dela. «Konfrontazio geopolitiko bat dago, eta ez da hiruren artekoa, biren artekoa baizik: AEBen eta Txinaren artekoa».

Hori «areagotzen» denean, nazioarteko eragileek posizionatu egin beharko dute. «Eta hain zuzen, hori ikusteko balio dezake Ukrainako kanpainak: ea nola eragiten dion oraingo gatazkak hurrengo eguneko gatazkari, etorriko den horri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.