Migrazioa. Harrera Euskal Herrian

Eragileek esan dute harrera zentro bat behar dela, eta erakundeak ados daude

Elkarretaratzea egin dute Bilbon, udalak ipinitako baliabideak eskasak direla salatzeko. Eusko Jaurlaritzak aitortu du gabezia badagoela. Bideoa albistearen amaieran.

Bilboko udaletxearen aurreko elkarretaratzea, atzo iluntzean.
Bilboko udaletxearen aurreko elkarretaratzea, atzo iluntzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko uztailak 5

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eskaera bi egin dizkio Bilboko Udalari. Eta, horretarako, astelehenean bilera egin zuten Iñigo Pombo Gizarte Politiketako zinegotziarekin. «Premiazkoa da bata. Astelehenerako behar genuen erantzuna: nora joan zitezkeen lotara? Udalak aterpetxe bat eskaintzea nahi genuen», gogoratu du Txus Blancok. 20:00ak pasata jaso zuen Pomboren erantzuna: Concha jeneralaren kalean Gurutze Gorriak erabiltzen duen aterpetxea utziko zieten. «Lagun gehiagorentzako lekua duela esan ziguten, baina 40 baino ez dira kabitzen; gainera, ez du dutxarik. Zinegotziak esan zigun dutxa publikoak hor daudela. Zabalakoak baino ez daude zabalik». Udalak jarritako baliabideak «eskasak» izan direla salatu du. Gogoratu du udalak neguan etxegabeekin erabiltzen duen aterpetxea dagoela, baina udan Donejakue bidea egiten duten erromesentzako izaten da. Beteta dago egunotan. «Beste eraikin batzuk proposatu dira; obra txiki batzuekin erabilgarri egongo lirateke. Baina oraindik ez dugu erantzunik jaso». Horregatik egin zuten bart iluntzean elkarretaratzea udaletxe aurrean. 19:00etan elkartu ziren, lo zaku eta kartoiekin. Lo kalean egingo dutela irudikatu nahi zuten, migratzaile hauetako askok ere hala egin behar izaten dutelako. Gaur eraikina inguratuko dute, kazolak jo eta astrapala eginez.

Bigarren eskaera bitartekari lanak egiteko da: udalak eta beste erakundeek —diputazioek eta Jaurlaritzak, bereziki—, harrera plan integral bat osatu dezatela nahi dute. Badaki eskumen batzuk Espainiako Gobernuarenak direna. «Penintsulara iristen direnean behar duten arreta jasoko balute, ez litzateke hemen arazorik egongo. Baina ez dute jasotzen, eta hemen eman behar diegu. Psikosoziala, osasun arlokoa eta lege arlokoa izan behar da». Badakite hein batean udalaren eskumenetik kanpo dagoela, baina beste erakundeekin elkarlanean plan bat osatu dezatela eskatu diote zinegotziari.

Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria Iñigo Urkullu lehendakariarekin elkartu zen atzo. Beste gai batzuen artean migrazio politikak izan zituzten hizpide. Lozak autonomia erkidego mailako ituna proposatu dio, eta Jaurlaritzak berak gidatzea nahi du. «Ezin gara esaten ibili hau nire eskumena da eta beste hau zurea; hau gu guztion eskumena dela esan behar dugu». Lehen pausoa eman du Espainiako Gobernuak. Gurutze Gorria da migratzaileei lehen arreta ematen dien erakundea erkideko guztietan. Atzotik, GKE horrek sortutako datu base baterako sarbidea izango dute euskal erakundeek ere, zenbat migratzaile eta nora iritsiko diren jakiteko; euren jatorria zein den, zer hizkuntza hitz egiten duten, zer adinetakoak diren eta zer behar dituzten jakin ahal izango dute.

Ekainaren 20tik 545 migratzaile iritsi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Datu hori du Eusko Jaurlaritzak. Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio zuzendariaren arabera, horietatik %95ek ez dute Euskal Herrian geratu nahi. Esan du 245ek baino ez dutela onartu aterpetxeetan lo egitea, eta onartu dutenetatik %5ek baino ez ditu egin hiru gau baino gehiago. Hiru hiriburuek dituzten baliabideak «gaindituta» daudela aitortu du. «Ez geneukan migratzaileei harrera egiteko zentrorik, orain arte ez dugulako beharrik izan». Iragarri du datozen egunetan baliabide gehiago ipiniko dituztela.

EAEko CEAR-ek ipini zuen zentro horren beharra mahai gainean. Cristina Barcena zuzendariak esan zuen bi hilabete igarotzen direla errefuxiatuek asilo eskaera egiteko zita eskatzen dutenetik lehen bilera hori dutenera arte. «Tarte horretan nonbaiten egin beharko dute lo».

«Koherentzia falta»

Blancok uste du errefuxiatuentzat ez ezik migratzaile guztientzat ere izan beharko litzatekeela. «Asko seguruenik pasadan egongo dira Bilbon, baina hemen dauden bitartean merezi dute aterpe bat. Askok behar dute atseden hartu eta lasai egon, hainbeste urtetako bidaia egin ondoren. Ezin dugu imajinatu ere egin hona iritsi aurretik zenbat sufritu duten». «Koherentzia falta» ikusten du erakundeen hitzen eta ekintzen artean «Eusko Jaurlaritzak esaten du harrera herri garela. Eta bagara, baina gero ez dugu ikusten hori euren politiketan».

Nabarmendu du herritarrek erantzun behar izan dutela, euren «kontzientziak hala aginduta». Baina ohartarazi du ardura hori ez dela eurena. «Aterpe falta horri udalak erantzun behar dio». Blancoren ustez, Bilboko egoera Euskal Herri osoan gertatzen da. Zierbenako kasua gogoratu du. Azken bi urteetan dozenaka gazte daude Bilboko portuaren kanpoko aldean atondu duten kanpalekuan, Ingalaterrarako ferryra sartzeko zain. «Erakundeek ez dute ezer egin, oztopoak jartzea ez bada. Eskualdeko herritarren eta plataformako kideen laguntza jaso dute soilik».

EH Bilduk txalotu egin du herritarren erantzuna. Eta erakundeei konpromiso bera eskatu die. Migratzaile eta Aniztasunerako Zuzendaritza bat sortzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, sail eta erakundeen arteko lana koordinatzeko. «Ez dugu esaten borondaterik ez dagoenik, baina erantzun arin eta egokia emateko gaitasun falta ere antzeman dugu», ohartarazi du Jasone Agirre legebiltzarkideak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna