EAJk presoei egotzi die beren egoerak hobera ez egitearen ardura

Sortuk jeltzaleei esan die badakiela «espetxe politika aldatzea inoiz baino premiazkoagoa» dela, eta bide horretan lan egin dezala eskatu

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Presoen egoera hizpide izaten ari den astean, elkarri kontu eske eta ardurak elkarri egozten jarraitu dute EAJk eta ezker abertzaleak. Euskal presoen egoera trabatuta dagoela eta ez duela hobera egin esaterakoan bat egin dute biek; baina horren zergatia azaltzerakoan muturka segitu dute. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak astelehenean esandakoak errepikatu ditu Itsaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak: «Presoen inguruko elkarteak eta ETA bera erabat geldi daude eurek abiatutako bidean, eta Bildu, beste gai batzuk plazaratuta, egoera hori informazio gunetik ateratzen saiatzen ari da». Kutxabank-i buruzko eztabaida plazaratu izana jarri du presoei buruzko eztabaida isilarazteko nahiaren adibide gisa.

Aurrerapausorik ezaren erantzukizuna bere eremutik kanpo utzi du buruzagi jeltzaleak: «ETAko presoek eta ezker abertzaleak mugimendurik egin ezean, zaila izango da Espainiako Gobernua estututa sentitzea, ez duela mugitzeko asmorik ikusi baitugu».

Hasier Arraiz Sorturen presidenteak EAJri bezperan egindako kritikari ere erantzun die Atutxak: «Inola ere ez da inboluziorik izan EAJren diskurtsoan». BBBko buruaren hitzetan, EAJk «hasierako jarrerari eusten dioETAren amaieraren kudeaketaren inguruan, espetxe politikaren eta presoen egoeraren inguruan». Espainiako Gobernuari «eskakizunak» egitean ere, «bere betiko jarrerari» eutsi diola ziurtatu du.

«EAJ gezurretan ari da»

Bai EH Bilduk bai Sortuk «gezurretan» aritzea egotzi die Erkorekari, Atutxari eta EAJri —Erkoreak atzo berretsi egin zituen bezperan esandakoak—. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, Erkorekak «ondo baino hobeto daki presoak banakako eskariak egiten ari direla legediak aitortzen dizkien eskubideak eskatzeko; hau da, sakabanaketa bertan behera utzi eta Euskal Herrira itzultzeko, eta, baldintzak betetzen dituztenen kasuan, askatasuna lortzeko». Hori jakin arren «gezurretan» arituta, EAJ eta Eusko Jaurlaritza «euskal presoen eskubideak urratzen dituztenen ondoan» kokatzen ari direla esan du Arzuagak: «EAJk erabaki bat hartu du, PPrekin eta Espainiako Gobernuaren estrategiarekin bat egitea».

Indarrean dagoen legediaren arabera, euskal preso gehienek kalean egon beharko luketela ohartarazi dio Arzuagak, eta presoen eskubideak «ordainketa politiko baten menpe» kokatzea aurpegiratu dio. «EAJk arreta mediatikoa desbideratu nahi du bere politika ekonomikoak dakarren txikizioa ezkutatzeko».

Sortuk ere erantzun die Erkorekari eta Atutxari. EPPK-ko kideek Zaballako espetxera eramateko banan-banan eskatu dutela gogoratu du; horietako batzuek dagoeneko ezezkoa jaso dutela, eta «zuzenbidearekin bat egiten ez duten damu eskaerak» egin dizkietela horiei. «Urkulluk, Atutxak eta Erkorekak badakite euskal presoei legez kanpo ari zaiela ukatzen Zaballarako lekualdatzea». Sorturen hitzetan, ordea, jeltzaleek «nahiago dute gezurra esan, egiarekin aritzeak koherentziaz jardutea eskatzen dielako».

«Beste garai bateko modu eta diskurtsoekin» ari da hargatik EAJ, Sorturen begietan. Eta, haren ustez, horrek «agerian uzten du nahiago duela sakabanaketa eta indarrean dauden salbuespeneko neurri guztiak babesten jarraitu». Akusazio gogorrak egin dizkie, buruzagi jeltzaleei: «Espetxe politika aldatzea inoiz baino premiazkoagoa denean atzeraka aritzea, PP babestea eta giza eskubideen zapalketarekin jarraitzea». Jarrera aldatzeko, «mendeku politika kriminalak» babesteari uzteko eta «salbuespeneko politika guztiak ezabatzeari begira lan egiteko» eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.