Gazteak. Hezkuntza

Ikasketak eta laneratzea: katebegi trabatuak

Formakuntzarik onena duen belaunaldia da, baina gazteak laneratzean trabatu dira. Baldintza kaskarrak dituzte, ikasten jarraitzen dute, eta asko gainkalifikatuta daude bete beharreko lanpostuetarako. Ikastetxeen eta enpresaren artean harreman estuagoa eskatu dute adituek.

Ikasle batzuk, selektibitateko proba egiten, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Gazteek azken bi hamarkadetan hamaika bider entzun duten esaldia izan da: «Ikasketa egokiak eginez gero, ongi ordaindutako lanpostu bat edukiko duzu; prestigiozko lanpostu bat». Horrela, sinetsi zuten goi mailako ikasketak egiteak lan egonkor eta on bat izatea bermatuko ziela, eta eurei buruz hitz egiten denean honako beste baieztapen hau ere entzun izan dute: «Zuena da formakuntzarik onena duen belaunaldia». Azken adierazpen horrek gutxi du gezurretik; Gaindegiak emandako datuen arabera, Euskal Herriko 30 eta 34 urte arteko gazteen %54k baitute goi mailako ikasketaren bat —unibertsitateko edo lanbide heziketako goi mailako titulazioa—. Europako Batasuneko batez bestekoa %40an dago. Hogei urtetik beherako gazte ia denak ikasten ari dira, eta, LABek egindako ikerketa baten arabera, hogei eta 24 urte arteko gazteen %84,7 goi mailako ikasketak egiten ari ziren 2015ean. Europako batez bestekoa %82an dago. Alegia, baduela oinarririk azken urteetan hobekien prestatu den belaunaldia gazteena dela dioen baieztapenak.

Ezin da gauza bera esan, ordea, ikasketak kalitatezko lanpostu egonkor batekin lotzen dituen baieztapenari buruz. Hego Euskal Herrian ikasketa eta jardun profesionalaren artean harreman estua dago, formakuntza amaitu eta hiru urtera gazteen %85ek ikasitakoaren araberako lanpostua lortzen baitute. Baina bertako baldintzak ez dira agindu zaizkienak bezalakoak izan. Behin-behineko kontratuen igoerak eta gazteen soldaten jaitsierak agerian uzten dute errealitatea kontrako norabidean doala. Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak hala baieztatu du: «Prekaritatea instituzionalizatu egin da, eta hedadura txikiko fenomenoa zena lan merkatuaren osagai garrantzitsua bihurtu da». Eta gaineratu du hastapeneko lan esperientzietako baldintza eskasak aldi baterako izateari utzi diotela, eta belaunaldi gazteentzat iraunkor bihurtu direla.

Lan baldintza horien eraginez, gazte askok ikasten jarraitzen dute, eta ondoren beteko dituzten lanpostuek eskatzen dutena baino kalifikazio handiagoa lortzen dute. Asempleo aldi baterako enpresen patronalak 2018ko datuak bildu ditu, eta, horien arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle okupatuen %59,4k euren lanpostuan behar duten baino kalifikazio handiagoa daukate, eta Nafarroan, %55ek. Txosten horren arabera, aldi baterako kontratua duten langileen artean dago gainkalifikazio tasa handiena.

Gaiaren inguruan kezka azaldu zuen Laboral Kutxak 2015ean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuari buruz argitaratu zuen txosten batean gehiegizko kualifikazioaren auziari buruzko gogoeta egin zuen, eta arazo bihurtu daitekeela azaldu: «EAE ez da gauza izan goi kalifikazioko biztanleria xurgatzeko behar adina enplegu sortzeko, eta gehiegizko kalifikazioaren indizeak gero eta handiagoak dira». Eta arazo hori are larriagoa da prestakuntza handia duten pertsonen artean. «Prestatzen jarraitzen dute, bereziki unibertsitate mailako gazteek; lan merkaturako sarrera atzeratzen dute aukeren urritasuna dela eta». Horregatik, pentsa liteke bi eragile egon daitezkeela gehiegizko kalifikazio horren atzean: gazteen lan baldintza prekarioak batetik, eta laneratzerako zailtasuna bestetik.

Baina laneratzeari buruz datuek bestelakoa diote. Gaur-gaurkoz, goi mailako ikasketek baitaukate laneratzeko tasarik handiena. EHUko datuen arabera, 2017an ikasketak amaitu zituztenen %83,5ek topatu zuten beharra, eta Lanbide Heziketako goi mailako ikasketei dagokienez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %86ko laneratze tasa zegoen iaz. Nafarroan ere antzera: ikasleen %83k lortu zuten lana ikasketak amaitu zituenean. Ondorioztatu daiteke, beraz, gazteen gehiegizko kalifikazioaren erroa lotuago dagoela lan merkatuan topatzen dituzten baldintza kaskarrekin.

Espezializazio handiagoa

Paradoxikoa ere bada, ordea, gazteen gainkalifikazioa handia den aldi berean patronaleko arduradunek esatea ez dutela topatzen behar bezalako langile kualifikaturik. 2015. urte inguruan krisi ekonomikoa atzean geratzen hasi zen, eta lanpostu berriak sortuko zirela aurreikusten hasi zirenean esan zuten hori lehenengoz. Gaur, oraindik ere, gogora ekartzen dute hutsune hori badagoela. Esnaolaren arabera, halako adierazpenak ezin dira onartu: «Gazte tituludunek eskaini zaiena ikasi dute; horren arabera kontratatu zituzten, eta horren arabera kaleratu ekonomia okertu zenean; orain bide berriak urratu behar badira, denok onartu behar genuke horretara egokitzea».

Baina errealitatea hori da, eta Julen Elgeta Heteleko presidenteak hala onartu du. Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeen sarea kudeatzen du, eta egunerokoan ikusten du hori: «Gertatu izan da lan eskaera batzuk erantzun gabe geratu izana; paradoxa bat dirudi, baina ez dira eskaintzen diren lanpostu denak betetzen». Sara de la Rica EHUko katedradunak ere ikusten du hutsune hori agertzen ari dela: «Krisi garaian enpresa askok digitalizazioan sakonduz egin dute aurrera, eta, horietarako, langile profil digitalizatuak eta teknikoak behar dituzte orain; egia da aldaketa hau oso azkar etorri dela, eta, horregatik, kosta egiten da hutsune horiek betetzea».

Hutsune hori betetzea ez dagokie goi mailako titulazioa eskaintzen duten zentroei bakarrik. Hala dio, bederen, De la Ricak: «Egia da lan merkatua osoaldakorra dela, eta gaur balio duenak hemendik bost urtera ez duela balioko; horregatik, ezinbestekoa da formakuntza eskaintza enpresek behar izango duten profilera egokitzea». Hau da, unibertsitatean edo lanbide heziketan abiatutako heziketa enpresan bertan egokitu eta amaitu beharko litzatekeela dio. Hezkuntza dualaren gisako sistema bat zabaltzea eskatzen du, hain justu.

Ikasketa prozesua bi eremutan egiten du ikasleak hezkuntza dualean: ikastetxean ikasiz eta enpresan lan eginez. Elgetak ikasketa sistema hori defendatu du, lanbide heziketan duen arrakasta azpimarratuz. Eta ez da gutxiagorako, hezkuntza mota horretan ikasketak egin dituztenen %96k topatu baitzuten lana joan den ikasturtean, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera. «Ekainean zortzigarren promozioa eskainiko dugu, eta urtero hazi da ikasle kopurua; oraintxe bertan ez dago laneratze tasa hobea duen sistemarik». Esnaolak ere ikasketa prozesu hori defendatu du: «Laneratze prozesu eraginkorrak behar ditugu». Eta ildo horretan, Euskal Herriko ekonomiarako hobekien egokitutako hezkuntza sistema dela azaldu du. Haren esanetan, «bizitza sozialaren alderdi askok behar lukete ibilbide duala».

Industria berrirako egokitu

Enpresek duten beharretara egokitzeko prozesu horretan, lanbide heziketa 4.0 industriara egokitzen ari da. Hala ere, trabak ere badituztela dio Elgetak: «Ildo horretan multinazionalak daude batez ere; enpresa txikiagoak ez horrenbeste; ikastetxeak ondo bideratuta daude, baina erantzuna denei eman behar zaie, eta hemen enpresa txikiz inguratuta gaude». Dena dela, gazteen egungo prestakuntza eta etorkizuneko lanbideak uztartuko badira, «kultura digitalean» murgiltzeko prest egon behar dela dio Esnaolak. «Hori ez da mugatzen 4.0 industriara; gaur-gaurkoz formakuntza digitala gutxiengo industrial bati oso bideratuta dago, baina herri egitasmo bihurtu ezean ezinezkoa da hezkuntza mailan hurrengo urratsa prestatzea». Urrats hori eginda, akaso, ikasketen eta lan munduaren arteko arrakala txikituko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.