Indarkeria matxistaren aurkako eguna. Justizia patriarkala

«Ez da argudiorik ageri txostenetan»

Alaba manipulatzea egotzi diote Amaiari, neskatoa bultzatzea aitarekin egon nahi ez izatera. Terapiara joatera behartu dute emakumea. Orain, guraso ahala kendu nahi dio senar ohiak.

Maite Asensio Lozano.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Surrealista da. Honetaz hitz egiten dudanean, iruditzen zait pelikula bat kontatzen ari naizela. Zentzugabea da. Eta oso bidegabea». Prozedura judizial konplexu batean murgilduta dago Amaia —izen asmatua da—, terapiapean, eta bi seme-alaben guraso ahala galtzeko arriskuan. 13 urteko alabak ez du aita ikusi nahi, eta epaitegiak amari egotzi dio neskatoa alienatzea. Haren kasuan, ez dago bortizkeria salaketarik tartean, baizik eta neskatoaren haserrealdi bat aitarekin, gerora txarto kudeatu dutena. «Gauza txiki batetik bola handiegi bat sortu dute».

Ia 50 urte ditu Amaiak, eta Bizkaiko herri batean bizi da, bi haurrekin: 13 urteko neska bat eta 8 urteko mutil bat. Orain dela hiru urte banatu zen umeen aitarengandik, eta «ia derrigortuta» sinatu zuen zaintza partekatua, egoera ekonomikoak baldintzatuta: «Etxea senar ohiaren izenean zegoen, ez nuen nora joan, eta mila euro irabazten nituen. Nire senar ohiak, ordea, amaren etxea zeukan, eta hirukoitza kobratzen zuen».

Baina zaintza sistema hori ez da gauzatu neskaren kasuan. Gurasoak banatu eta berehala okertu zen aita-alaben arteko harremana. Neskatoak, 10 urterekin, argi zuen amarekin bizi nahi zuela eta aitarekin asteburuak txandaka igaro, eta hala adierazi zuen. «Lehendik ere bazuen ezinegon bat aitarekin, haserre zegoen. Baina seguru nago lehen bi asteburuetan aitaren familiak presio handia egin ziola zaintzaren gaiarekin: esan zioten aitak agindu bezala antolatuko zirela. Eta alaba ito egin zen; ordutik aurrera, ez zuen haiekin itzuli nahi izan».

Gizonak ere ez zuen ondo kudeatu egoera hura: psikologoek aholkatu zioten pazientzia izateko eta alabari denbora emateko, baina «presio handiagoa» egin zion gazteari: «Lagunekin zegoenean, aita joaten zitzaion oihukatuz maite zuela, deseroso sentiarazten zuen... Eta, egun batean, bortxaz heldu zion kalean eta hormaren kontra atxiki zuen». Neskaren haserrea areagotu egin zuen horrek: ez du aita ikusi ere egin nahi.

Gatazka, judizializatuta

Hilabete batzuetara jarri zion senar ohiak lehen demanda Amaiari —gerora beste bi aurkeztuko zituen—, bisita erregimena urratzeagatik eta alabari zegokion elikagai pentsioa ez ordaintzeagatik. «Nolatan pagatuko nuen, alaba nirekin bizi bazen?». Garai hartan hasi ziren epaitegietako talde psikosozialekin elkarrizketan bai gurasoak, bai neskatoa. Adingabeen «babesgabetasun arriskua» neurtu behar zuten, eta berehala agertu zen GASaren mehatxua, hainbat txostenek jaso zutenez. «Amaren interferentzia» zegoela ondorioztatu zuten epaitegiko talde psikosozialek: «Deigarria da amaren jardun emozional eta hitzezko desegokia, adingabeak aitarekiko duen arbuioarekin lotuta [...]. Ez du ematen bien arteko lotura edo adiskidetzea sustatzen duenik. [Alabarengan] gurasoen rolean sartu izanaren zantzuak ageri dira, adingabea kezkatuta ageri baita nola erreakzionatuko duen amak [alaba] aitarekin biltzen bada».

Beste pasarte batean, txostenaren egileek «harrigarri» jo dute alabak «tristezia» agertzea gurasoen banaketaren harira, eta «kezkatuta» egotea amaren aldartearekin. Amaiaren ustez, ordea, alabaren enpatiak ez luke susmagarria izan behar: «Egoera ekonomiko latza igaro dugu, eta alabak ikusi nau kezkatuta, negarrez, sufritzen... Ikusi du bizilagun batek betetzen zigula hozkailua, eta neguan ezin genuela berogailua piztu ezin nuelako faktura pagatu. Berak ikusi du, nik ez diot ezer esan behar izan».

Neskatoaren «heldutasuna» goratu du amak, eta adierazi du ezaugarri hori agerian geratu dela prozesu judizialean: «Sei aldiz egon da epaitegian, epaileei eta psikologoei esplikatzen zergatik ez duen aitarekin egon nahi. Sei aldiz, ez duelako inork sinesten, bestela behin joanda nahikoa litzateke. Azkenekoan negarrez hasi zen, ezintasunez: 'Zergatik ez didazue sinesten? Nekatuta nago beti berdina azaltzeaz'».

Azken txostenetan, gainera, «okerrera» egiten ari da egoera, talde psikosozialen arabera, Amaiaren semeari ere eragiten ari zaiolako auzia. «Arrebarekin jarraitutasunez ez bizitzeak kaltea dakarkio mutilari; amaren diskurtsoaren eragina antzematen da, eta mutilak aitarekin duen harremana baldintzatzera irits daiteke», dio txosten batek. Zentzugabea da, Amaiarentzat: «Zertan oinarritzen dira umeak manipulatzen ditudala esateko? Ez da argudiorik ageri txostenetan; hipotesiak eta usteak baino ez dira».

Hipotesi horietan oinarrituta, baina, terapiara bidali dute ama, «guraso gaitasunak» lantzeko. Ulergaitza zaio andreari: «Txostenak dio aitak ez duela tresnarik alabarekiko harremana bideratzeko, baina, aldiz, ni bidali naute terapiara. Zergatik ez diote gizon honi erakusten nola hurbildu alabarengana? Alaba manipulatzeaz akusatu naute, eta orain haien asmoa da nik alaba manipulatzea, baina aitarekin joan dadin».

Salaketa larriagoa

Horrek guztiak eragindako tentsioarekin, atzera-buelta zaila du auziak. Eta ia hiru urte igarota, zaintza partekatua desegiteko garaia iritsi dela uste du Amaiak: «Alaba nirekin bizi da, eta semea ez da ondo moldatzen egunero bizitokia aldatzen». Kontraeraso bortitza egin dio senar ohiak, adingabeei tratu txar psikologikoak ematea egotzita, Amaiaren aurkako salaketa bat aurkeztu du zigor arloan, eta andreari guraso ahala kentzeko eskatu du, hau da, umeen gaineko eskubiderik gabe uzteko. «Horrek lagunduko al du aita-alaben arteko harremanean?», galdetu du Amaiak.

Sistema perbertso baten erdian dagoela sentitzen du. Irmo mintzatu da, lasai, baina ezintasunez: «Nire sentsazioa da justiziak alboratu egin nauela. Nor ari da nire seme-alabez arduratzen?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.