Estaturik gabeko nazioen autodeterminazioa

Josep Ferrer, Guillem Fuster, Teresa Garcia, Antoni Morral, Joan Josep Nuet, Alba Verges
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Katalanen prozesu subiranistak berriz piztu du eztabaida bat ezker mota guztietan: nazio auziari eta mugen berrikuste demokratikoari buruzko eztabaida. Debate horretan, kontuan hartzekoak dira herrien eskubide nazional eta kulturalen errespetua, herritarren ahalduntzea, subsidiariotasun printzipioa eta nazionalismo inperialisten salaketa.

Ezkerrak bere egin ditu kutsu nazionaleko borrokak (hizkuntza, kultura, autogobernua, autodeterminazioa...) zapalkuntza nabarmeneko egoeretan eta itsasoz haraindiko kolonialismoan. Dudak sortzen dira, ordea, gatazka Europakoa bada. Ez ikusiarena egiten zaie zapalkuntza edo jazarpen egoera horiei, eta ez da eztabaidatu nahi izaten; izan ere, eztabaidatuz gero, segur aski ondorioztatuko litzateke Europako nazio minorizatu horiek ere badutela eskubidea autogobernua izateko eta autodeterminazioaz baliatzeko. Kataluniari dagokionez, begi-bistakoa da Espainiako Estatuaren jarrera kolonialista (legedian, ekonomian, hizkuntzan...), Katalunia nazio bat dela ukatzerainokoa.

Orokorrago begiratuta, herritar europarren eskubideen artean sekula ez da jaso mugak aldatzeko eskubidea; muga horietatik gehien-gehienak gerretan eta oligarkien arteko hitzarmenetan zehaztu izan dira. Mugak aldatzeko eskubidea aldarrikatzeak bidea zabaldu behar dio herritarren ahalduntzeari, herrien Europara jotzeko, eta ez estatuen eta merkatuen Europara.

Subsidiariotasun printzipioari dagokionez, estatu ertain eta txikiak maiz aski aitzindariak izan dira dinamismoan eta garapen sozial eta politikoan, elkarrengandik hurbil egoten baitira erabakitze organoak eta erabakien eraginpeko herritarrak. Oligarkiek, ordea, justu kontrako eredua bultzatu nahi dute, hau da, nahiago dute botere politikoa urruti egotea antolamendu unitate naturaletatik, bai baitakite oinarriko gizarte mugimenduek nekez entzunarazten dutela beren ahotsa estatu handi-handietan. Katalunia bera da eredu dinamiko horren adibide bat.

Askotan, aurrejuzguetan oinarrituriko susmoak erabiltzen dira argudio gisa: internazionalismoa modu alderdikoian interpretatzen da; nazionalismoak deabrutu egiten dira, ezer bereizi gabe; eta aldarrikapen nazionalak eta sozialak elkarren etsai direla argudiatzen da. Internazionalismo aurrerakoiak, ordea, haurridetasuna aldarrikatzen du muga guztien gainetik. Gainera, ezkerrak ondo bereizi behar ditu nazionalismo inperialistak, haien kontra borrokatu beharra baitago, eta nazionalismo emantzipatzaileak, hala nola Kataluniakoa, ezkerrak babestu egin behar bailituzke halakoak.

Azkenik, eskubide nazionalak eta gizarte eskubideak bateragarriak ez ezik osagarriak ere badira; azken batean, erabateko autogobernua eta norberaren baliabideak erabiltzeko askatasuna ezinbestekoak baitira hobekuntza sozioekonomiko gogobetegarriak erdiesteko. Hain zuzen, oraintxe argi dago Katalunian independentismoa ezkertiarra dela nagusiki, eta ezkerra independentista dela nagusiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.