Ondare eta oinordetzen zergak

ONDARE ZERGA, JOMUGAN

2020an EAEko zerga sistema berrikusteko asmoa dagoen honetan, etorri da iradokizuna: ondare eta oinordekotzen zergak kentzea. Bizkaiko eta Arabako aldundiek argudiatu dute ondare handiak eta jarduera ekonomikoa Madrilera doazela, han aberastasunaren gaineko zerga horiek ia ez direlako pagatzen.
Hiru diputatu nagusiak artxiboko irudian: Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano.
Hiru diputatu nagusiak artxiboko irudian: Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2019ko azaroak 3

Asier Atutxa izan zen ondarearen gaineko zerga kentzeari buruz hitz egin zuen lehen ahotsetako bat, El Correo egunkariari joan den ekainean emandako elkarrizketa batean. Dagoeneko apaldutako sozietate zergaren onurak aipatu ostean, PricewaterhouseCooperseko Hego Euskal Herriko arduraduna guztiz ados agertu zen ondarearen gaineko zerga zama handia zela. «Zerga bidegabea da, jada zergapetutako aurrezki batengatik berriz ordaintzera behartzen zaituelako».

Beste argudio bat ere bazuen: «Begira, pertsonek errotzen dituzte enpresak, erabakiguneak. Eta enpresa bateko kontseilari ordezkariak sentitzen badu Madrilen fiskalki hobeto tratatzen dutela, Madrilera joango da. Gero, zuzendaritzako kide gehiagoren leku aldaketa bultzatuko du, eta akabo. Hori da egiazko arriskua», azaldu zuen Atutxak. «Kendu egingo zenuke [zerga]?», galdetu zion kazetariak. «Bihar bertan. Gainera konbentzituta nago, dakarren zerga bilketa askoz txikiagoa dela, errenta handiko zergadun gehiagori eutsiko bagenio jasoko genuena baino. Ez du gehitzen, kendu egiten du. Fiskalitateak herrialdearen ekonomiaren zerbitzura egon behar du».

Hori esan eta hilabete gutxira, antzeko argudio batzuk iritsi dira Arabako eta Bizkaiko aldundien ordezkarien ahotara. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak bota zuen lehen harria urriaren 14an: «Zergadun batzuk beste erkidegoetara joaten ari dira oinordetzen zergan gutxiago pagatzeko, eta araudia berrikusi behar dugu gure ingurunera egokitzeko». Hurrengo egunean Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak hartu zuen lekukoa, eta «gogoeta» egin zuen ondarearen gaineko zerga kentzeari buruz, «lurraldearen erakargarritasunaren» ikuspegitik.

Zergadun aberatsak Madrilera joaten direla diote. Madrilek %100eko hobaria egiten dio ondarearen gaineko zergari, eta oinordetzen eta dohaintzen zerga txikiagoa du salbuespenei esker. Andaluziako eta Gaztela eta Leongo eskuineko gobernuek ere salbuespen kopuruak handitu dituzte oinordetzen zergetan, eta, ondorioz, horiek askoz jende gutxiagok ordainduko ditu.

Kopururik ez

Baina zenbat ondare handi joan dira Euskal Herritik Madrilera ondarearen zerga edo oinordekotzaren zergaren erruz? Gipuzkoako Aldundiaren arabera, ez dira halakorik nabaritzen ari, ez zerga batean, ezta bestean ere. Arabako diputatu nagusiaren arabera, oinordetzen zergan ez da ihesaldirik izan.

Bizkaia izan da «joaten ari diren» zergadunak aipatu dituena, eta Unai Rementeria diputatu nagusia joandako zergadunak «berreskuratu» beharraz hitz egin duena. Baina Bizkaiak, oraingoz, ez du kopururik eman, ez du daturik eskaini oraindik, ez lekuz aldatutako zergadunen zenbatekoaz, ezta ogasunak arrazoi horrengatik diru sarreretan nozitutako galeraz ere.

Enpresaburuen ordezkariak izan dira ondarearen eta oinordekotzen gaineko zergak kentzearen alde agertu diren beste ahotsak. Confebaskeko presidenteak, Eduardo Zubiaurrek, aste honetan bertan ondare zerga deuseztea eskatu du, inbertsioari, ekintzailetzari, eta talentuak erakartzeko gaitasunari kalte egiten dien «anomalia» bat delako.

Eta PFEZa ere bai

Cebek-eko idazkari nagusiak ere «zentzugabeak» ikusten ditu ondare zerga eta halako «figurak». Francisco Javier Azpiazuren arabera, Bizkaiko patronalak «sekula ez du zalantzan jarri geure buruari emandako ongizate estatua», eta gastu sozialak Jaurlaritzaren aurrekontuaren %75 hartzea «herrialdearentzat ona da», enpresaburuek ulertzen dutelako «premia handien dutenei lagundu behar zaiela». Baina hori bai, Azpiazuren ustez, «politika sozialek bateragarri izan behar dute enpresa jardueren sustapenarekin».

Bizkaiko patronaleko buruak esan du fiskalitatea birpentsatu behar dela, «enpresentzat eta zuzendari taldekoentzat herrialde erakargarria egiteko», eta ondare zerga ez ezik, pertsona fisikoen errentaren gaineko egungo tasa marjinala (%49) ere auzitan jarri du. «Ondarearen gaineko zergak osagarri ideologiko bat du, birritan zergapetzen ditu lehendik ere zergak ordaindu dituzten errentak; eta ondare zerga edukitzeari gehitzen badiogu PFEZeko tasa marjinaletan diferentzial handia izatea, biak desberdintasun negatiborako elementuak dira gurekin lehiatzen diren beste erkidegoekiko, adibidez, Madrilekiko».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea maskararekin, Hendaiako tren geltokian. / ©Guillaume Fauveau

Leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki

Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi du heldu den astetik aitzina sartuko dela indarrean neurria Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Frantzia iparraldean eta Paris ingurunean foku gehiago agertu dira azken asteetan.

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburua agerraldi batean. ©David Aguilar

80 kasu gehiago agertu dira Hego Euskal Herrian

Andoni Rekondo Izagirre - Joxerra Senar

Azken 24 ordutan 58 kasu agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 22  Nafarroan. Beste pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz

Iruñeko Carlos III etorbidean, jendea maskara eramanez. Erabilera orokortzen ari bada ere, joera hori areagotzea bilatzen du administrazioak. / ©IÑIGO URIZ /FOKU

Kalean ere, maskararekin

Joxerra Senar

Maskara erabili behar da toki irekietan eta itxietan: gaurtik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bihartik Nafarroan. Hegoaldean, 80 kasu agertu dira, eta birusaren aurrean erne egotera dei egin dute.

Herritar bat maskara jantzita duela, artxiboko irudian. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Larunbatetik aitzinera maskara derrigorrezkoa izango da Trebiñun

Ainhoa Larretxea Agirre

Sei urtetik gorako herritarrek derrigorrez erabili beharko dute maskara leku ireki zein itxietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna