Tasio Erkizia.

Euskarak determinazioa eskatzen du

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bzingen Zupiriak, EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, iragan abenduaren 4an hainbat egunkaritan argitaratutako artikuluak, nire uste apalean, merezi du laburki bederen baloratzea eta zenbait hausnarketa plazaratzea. Esandakoarekin ados egonik, uste dut falta zaiola zerbait oso garrantzitsua: etorkizunera begira jarriz, bistan ditugun berehalako erronkak eta erantzukizunak azpimarratzea.

Ilusioa aipatzen duzu, Bingen, eta ados naiz. Elkar mokoka aritzea ez da jarrera egokiena Euskal Herria euskalduntzeko. Besteen erruak soilik aipatzeak ere, norberaren ezintasunak eta akatsak alde batera utzirik, ez garamatza inora. Eta jakina, historiako okerrak eta errak errepikatzera mugatzeak bide laburra du. Jakitun gaude menpeko hizkuntza normalizatzea izugarrizko apustua dela gure Herrian, bereziki zaila. Legez ezarri digute euskara bigarren mailako hizkuntza izatea, eta, ondorioz, menpekotasuna «demokratikoki» inposatu digute euskaldunei. Egoera hori iraultzea ez da erraza, baina posible da; eta zu eta ni, gu eta zuek, horretan ari gara.

Munduko bazter askotan menpeko hizkuntzek beren aukera galdu badute ere, gure apustua normalizazioa lortzea da, euskararen etorkizuna urratsez urrats irabaztea, erdi galdurik dagoen gure ondare preziatuena berreskuratzea. Horretarako, ez dago esan beharrik, ezinbestekoak ditugula herritar askoren ilusioa eta ausardia. Hain zuzen ere, horri esker urrats handiak egin ditugu azken hirurogei urteotan, eta asko aurreratu dugu. Beraz, aurrera begira ere, egiten duguna baloratzen dakitenen baikortasuna, milaka pertsonak egiten duten esfortzua txalotzeak sortzen duen zirrara, ahalegin kolektiboak dakarren poztasuna eta ilusioa behar ditugu. Ilusioa da bizitzaren gatza eta piperra.

Bestetik, lankidetza aipatzen duzu, eta badakizu guztiz ados naizela. Lankidetza norbanakoen artean, elkarlana herri-eragile desberdinen artean eta lankidetza erakundeekin batera. Guztiok gara beharrezkoak eta bakoitzak dugu geure eginkizuna eta geure rola. Inor ez da sobera. Lankidetza hori, ordea, ezin da asmo onetan geratu, hitzetatik ekintzetara egin behar da salto. Eta horretan, bizi berri dugun Euskaraldia eredugarria da oso, hizkuntza ohituretan eragitea helburu, esatetik egitera jauzi egiten duen ariketa sozial ausarta. Gakoa da lankidetza errealitate bihurtzea. Eta horretan asko dugu egiteke, izugarri ikasteke. Euskaraldian egin diren urratsak eredugarriak dira, nondik jo eta elkarrengana nola hurbildu erakusten diguten ibilbidea markatzen baitute. Egunerokotasunean nola jokatu erakusten digute.

Bingen, zure artikulu horri nik ondorengo hitza erantsiko nioke: determinazioa. Euskara normalizatzeko, determinazioa behar da: aurrera begira urrats eraginkorrak egiteko helburu tinkoak marraztea; euskara bizirauteko borondate argia bezain ausarta erakustea; euskarak behar dituen erabaki irmoak hartzea.

Izan ere, gaztelera eta frantsesa nagusi diren herrian, ahalegin handiko hautua da euskaraz bizitzea. Euskaraz mintzatzea ariketa arrunt eta ludikoa bihurtu nahi dugu, baina beti ezin da horrela izan. Aldaparik gabeko tontorrik ez dagoen gisara, euskara berreskuratzeko bidean ere esfortzurik gabeko garaipenik ez dugu lortuko. «Euskarak diskurtso positiboak behar ditu» diozu zeure artikuluan, eta bat nator zurekin. Baina horrek ez gaitzala zurikeriara eraman, errealitate gordina eta irauli beharra ezkutatuz.

Aurtengo Euskaraldia bukatu da, baina urte osoko 365 egunak dira euskararenak; beraz, erronkak aurrera dirau. Herritar euskaldunok behar dugu kontzientziatu, hizkuntzaren etorkizuna geure eskuetan ere badagoela sentitu. Guztiok behar dugu jarrera bizkortu, arnasberritu, barrena astindu, bizi den motelkeria alboratu eta indarrak suspertu. Euskaraldian 180.000 herritarrek parte hartu dugu; hortaz, herritarren aldetik badago nahia eta gogoa.

Eta erakundeek, zer? Bere ardura propioak eta saihestu ezinak dituzue, hala nola berandu baino lehen euskara normalizatzeko plangintza estrategikoaherri-eragileekin adostea, zeina oinarrizkoa den euskararen normalizazioa lortzeko. Hots, enpresetan, komunikabideetan, eskolan zein unibertsitatean, esparru pribatuan zein publikoan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzen dizkiguten neurriak hartzea. Legealdi honetan ezagutuko al dugu? Gainera, Bingen, asko ote da gobernuak euskaraz funtziona dezan eskatzea? Duela gutxi, egunkari, telebista eta irratietako 300 profesionalek eskatu dute sailburu guztiak euskaldunak izatea. Sinesgarritasuna izateko, erakunde publikoak eredugarriak izan behar dira, eta, beraz, horrelako urratsak beharrezkoak lirateke.

Asko aurreratu dugu, baina etorkizuna dugu jokoan. Euskararen aldeko ilusioak, lankidetzak eta determinazioak blaitu gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.