Alvaro Tejero. Eibarreko jokalaria

«Kostatzen ari zait Mendilibarren ideia barneratzea»

Alvaro Tejero eskuin hegaleko atzelaria sasoi honetako jokalari berrietako bat da. Onartu du hobetzeko tartea duela oraindik, eta horretarako ari dela lanean. Taldea «ondo» ari dela dio.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Alvaro Tejero Eibarreko jokalariak (Madril, 1996) ez zuen ondo amaitu asteazkeneko entrenamendua. Jose Luis Mendilibarrek estu hartu zuen, entrenatzailearen ustez atzelaria gaizki aritu zelako jokaldi batean. Tejero erantzuten hasi zen, baina Andoni Azkargorta bigarren entrenatzaileari erregutu zion Mendilibarri esateko oker zebilela (taldeko isilenetakoa eta lotsatienetakoa da Tejero). Lan saioa bukatu eta gero, burumakur eta bakarrik egon zen eserita harmailan, une batez. «Pentsakor geratu naiz entrenamendua amaitu ondoren, aztertzen zer gertatu den, eta horretatik ikasten jarraitu ahal izateko», esan du galderak erantzuten hasi aurretik.

Ikasten al da Atletico Madril bezalako talde handi bati irabazten? Ipuruan beti izan zarete galtzaile haren aurka.

Gauzak zail jarriko dizkigula garbi dago. Aurkari makurra da, baina saiatuko gara, etxean jokatuta, hiru puntuak ateratzen.

Real Madrileko harrobikoa izanik, beste edozeinen aurka jokatzea baino bereziagoa da Atletico Madrilen kontra aritzea?

Ez. Beste partida bat da niretzat. Beste edozein bezala hartuko dut, eta jarrera eta gogo berarekin aterako naiz jokatzera.

Nolakoa izaten da Madrilgo bi talde horien arteko derbia? Denak ez baitira berdinak izaten.

Eibarreko jokalaria naiz oraintxe bertan, eta burua hemen daukat; elastiko hau ari naiz defendatzen, eta ezin dizut gehiago esan. Beste talde horien inguruko gauzak ez zaizkit batere interesatzen.

Ados. Zer moduz dago taldea?

Ondo. Aurreko igandean, Espainiako Kopako partidan, sufritu egin genuen kanporaketa gainditzeko. Espero genuen zaila izatea, Cacereñok asko estutzen duelako bere zelaian, zaleen aurrean. Aparteko motibazioa eta gogoa ere bazituzten Lehen Mailako talde bati irabazteko, eta beste edozein partida bezala hartu genuen, gogo biziarekin. Taldea ondo ari da lanean, intentsitate handiz,;ealarunbatean [gaur] garaipena oparitzen diegun gure zaleei.

Eguneroko lanean ondo eta bizi aritzea ezinbestekoa da.

Hori gabe, jai dago. Esaten da entrenatzen den bezala jokatzen duela talde batek, eta hori da gure pentsamoldea. Bide horretatik jarraituko dugu, eta ziur naiz horrek emango digula aukera gure helburuak lortzeko.

Mendilibarren ezaugarririk handienetako bat da grina handiarekin eta bizitasun betearekin entrenatzea.

Entrenatzaile bakoitzak bere ideiak eta teoriak dauzka, eta horietara moldatzen saiatu beharra dago. Horretarako, lana egin behar da, ahalik eta lasterren barneratzeko entrenatzailearen ideiak eta planteamenduak.

Uste baino gehiago ari zaizu kostatzen Mendilibarren teoriak barneratzea? Azkenean, ez dira entrenatzaile asko atzeko lerroa hain aurreratuta jarri zaleak, adibidez.

Berriz esango dut: entrenatzaile guztiek dituzte beren estrategiak, eta ez da zailagoa batena edo bestearena barneratzea. Guk azkar harrapatu ditugu ideia horiek, taldeari ahalik eta ondoena laguntzeko.

Zer moduz ari zara barneratzen ideia horiek?

Kostatzen ari zait, egia esan, eta hobetzeko tarte handia daukat oraindik. Hori lortzeko ari naiz lanean eguna joan eta eguna etorri, hobetzen segitzeko, eta entrenatzaileari erakusteko nahi duenean izango nauela prest. Hori da nire pentsamoldea, eta nire bidea.

Liga hasieran, Mendilibarrek hasierako hamaikakoan jartzen zintuen, baina gero ez bolada luze batez. Athleticen aurkako partidan, beste hegalean aritu zinen, ezkerrean. Zer deritzozu orain egiten ari zarenari?

Oso garbi daukat, eta esan dizut lehen ere: lanean ari naiz, prest egoteko entrenatzaileak nire beharra duenerako. Jakina ahalik eta minutu gehien jokatu nahi ditudala, gainontzeko taldekideek nahi duten bezala, baina badakit beti ezin dela horrela izan, ez dagoela denentzako lekurik hamaikakoan. Hori dela eta, gure betebeharra da eguneroko lanean ondo aritzea, eta ez dago besterik.

Aurreko udan iritsi zinen Eibarrera, eta nolako taldea eta kluba aurkitu dituzu?

Talde eta klub sanoa, oso umila. Kide guztiak helburu beraren alde ari dira lanean, eta horregatik ari da Lehen Mailan jokatzen sei denboraldi hauetan. Espero dezagun bide beretik jarraitzea etorkizunean ere.

Eibarren filosofia eta Real Madrilena oso ezberdinak direla ia esan beharrik ere ez dago, ezta?

Real Madrilek munduan duen indarra denok dakigu nolakoa den, eta Espainian eta nazioartean daukan oihartzuna, oso handia da. Eibar klub apalagoa da, txikia, bestelakoa, eta lehen taldearen inguruan mugitzen da herri guztia. Pozik nago bertan, eta nire ekarpena egiten segitu nahi dut horrela izaten jarrai dezan.

Eibarreko jokalari askok esaten dute gustatzen zaiela kalean lasai ibiltzea, eta horretarako leku egokia dela herria, zaleek jokalaria errespetuz tratatzen dutelako. Zu ere horren zalea zara?

Bai. Ez naiz oso ezaguna oraindik. Norbaitek ezagutzen banau eta kasu egiten badit, ni pozik, eta bestela ere bai. Gustatzen zait jendeak animoak-eta ematea, polita da.

Real Madrilen haurra zinela hasi zinen, eta lehen taldearekin debutatu ere egin zenuen. Zinedine Zidane izan zenuen entrenatzaile bigarren taldean, baita lehenengoan ere denboraldi-aurrea egitera eramaten zintuenean. Cristiano Ronaldo eta beste jokalari handi guztiekin batera egin izan duzu lan. Zer da hori dena bizitzea jokalari gazte batentzat?

Gaztea nintzen, eta gaztea naiz oraindik [barrezka], eta poz handiarekin bizi izan nuen hura dena. Ilusioarekin, azken batean. Ametsa betetzea izan zen niretzat, baina iraganeko etapa bat da; joan zen hura dena, eta harro nago aukera hori bizi izanaz, baina orain Eibarren bakarrik daukat burua.

Zaila da horrelako klub handi batetik atera beharra?

Klub guztietatik joatea da gogorra. Esan nahi du beste batera zoazela, eta moldatu egin behar dela leku berri horietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.