Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Darwin maite

2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Eternitatea eztanda eta konbustioa izan zen. Iritsi zen bizia, eta biziraupen-borroka hasi zen. Zuk, Darwin, bizi-borrokaren eroaleari hautespen naturala deitu zenion. Oso elegantea! Ezin al zen izan bizi bat, zeinagatik borrokatzea ez baitzen izango nahitaezkoa? Zure hautespen naturalak ez ote zuen esan nahiko hautespen biolentoa? Susmatzen dut kalifikatzaile bigunduaren arrazoia. Ezin zenion Jainkoari esanarazi (oraindik): «Haz eta ugal zaitezte, elkar hilez eta janez. Aurrera bortitzenak!».

Zuk badakizu, Darwin, natura arrazoiaren oso aurrekoa dela. Ez dator natura adimenetik, adimena naturatik baizik. Eta hori, denboraren azken frakzioan. Frakzio horretantxe ere, adimena jaiotza baten ondoren garatzen da. Inor ez da jaio kulturaren batetik at. Horretan ikaragarria egin zenuen. Kultura batean jaio zinen, eta alderantzizko norabidean jarri gintuzun. Baina hor ere «lege naturala» izaten jarraitzen du arteko printzipioak: indar bat beste indar batek bakarrik mendera dezake. Fisikan nahiz edozertan. Gizadiaren aroan, beste indar hori izan daiteke (izan behar luke) indar arrazional bat, baina ez da libratzen indar bat izatetik. Nola ulertu behar da arrazional kontzeptua?

Borrokak ez dauka dohain magikorik. Indar guztiek dakite borrokan. Gaizki neurtzea galtzailearen akatsa da. Eta errua ere bai. Ezin diezu armiarmei gerra deklaratu, garaipenean zeure galera ere sartu nahi ez baduzu. Irabaztea galtzea baino probableago izateko moduan, edo gutxienez, aurreratzea atzeratzea baino probableago izateko moduan bakarrik izan daiteke indar bat arrazionala. Kontrakoa lege natural biolentoaren jarraipena baizik ez da. Argi dagoena da, Darwin, indarren printzipioa arrazionalki beteko bada, arrazoiaren indarra ez dela nahikoa, zeuk ere maiz frogatu ahal izango zenuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.