Athleticek lehen garaipena lortu nahi du etxetik urrun

San Mamesetik urrun, zuri-gorriei gehiago ari zaie kostatzen jokoa sortzea. Balentziagak ordezka dezake gaur Yuri, Balaidosen

Iñaki Williams Leganeseko Kenneth Omeruorekin lehian . SEBASTIAN MARISCAL / EFE.
haritz gallastegi
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Athleticek gaizki ohitu ditu jarraitzaileak. Joan den sasoiko dinamikari jarraituz, txapelketako lehen sei partidetan hamabi puntu lortu zituen. Hala, min eman zion aurreko jardunaldiko Valentziaren kontrako porrotak. Dena den, zuri-gorrien denboraldi hasiera oso ona izan da. Berdin dio aurrean goi mailako talde bat duen, edo atzean sartzen den kontrario baten aurka jokatzen duen. Jokamolde desberdinak dituzten talde guztien kontra jakin izan du lehiatzen. Gaur, Balaidosen, erasoan baliabide dezente dituen talde baten kontra aritu beharko du.

Celta asko indartu da zelai erditik aurrera. Ez du pasatu gura aurreko sasoiko estutasunik, eta Denis Suarez, Rafinha eta Santi Mina berreskuratu dituela. Horiei Iago Aspas gehituz gero, argi dago edozein talderi min egiteko baliabideak dituela. Baina jokalari onek ez dute beti talde on bat egiten. Horretan ari da Fran Escriba.

Oraingoz, ez du lortu, eta ingurua hasi da urduritzen. Egonezin hori baliatzen ahaleginduko da Athletic, etxetik kanpo lehen garaipena eskuratzeko. Garitanoren taldeari gehiago ari zaio kostatzen San Mamesetik urrun jokoa sortzea, eta jokatutako partida guztiak berdindu egin ditu.

Garitanori jokalari garrantzitsu bat faltako zaio defentsaren ezker hegalean. Yurik liga osoan jokatu zuen, baina, aurreko larunbatean, Valentziaren kontra, min hartu zuen. Mikel Balentziagak bete dezake haren lekua. Athleticen oso ondo jardun duen futbolaria da, aspaldi jokatu ez arren.

CELTA-ATHLETIC

Celta. Ruben Blanco; Hugo Mallo, Aidoo, Araujo, Lucas Olaza; Rafinha, Okay , Lobotka , Denis Suarez; Iago Aspas eta Santi Mina.

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo, Balentziaga; Dani Garcia, Unai Lopez; De Marcos, Raul Garcia, Iker Muniain eta Iñaki Williams.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Balaidos (29.000 ikusle).

Ordua. 14:00etan.(Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.