Donostiako 66. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Botere nahiak tradizioarekin talka egiten duenean

Narkotrafikoaren jatorriaz dihardu filmak. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Pájaros de verano'



Zuzendaria: Ciro Guerra eta Cristina Gallego. Herrialdea: Kolonbia-Mexiko-Frantzia-Danimarka. Iraupena: 125 minutu.

Kolonbia, 1970eko hamarkadan. Rafak Wayuu familia indigenetako kide batekin ezkondu ahal izateko ezkonsari bat eskaini behar du. Diru faltan, marihuana plantazioak dituen familiakide batekin batuko da AEBetako enpresari batzuekin negozioak egin ahal izateko. Egiazko istorio batean oinarritutako kontakizuna da, tradizioaren eta boterearenarteko borroka erakusten diguna.

Oscar sarietan Kolonbia ordezkatzeko hautatutako film honetan, narkotrafikoaren jatorria azaldu nahi izan dute Ciro Guerra eta Cristina Gallego zuzendariek. Baina hori baino gehiago, tradizioaz eta espiritualitateaz hitz egiten digu Pájaros de verano-k, eta garai berriek, botereak eta diru goseak nola egiten duten talka haiekin. Atalka banatuta, intentsitatean eta biolentzian hazten doan istorio bat da, eta familiak eta ohoreak garrantzi berezia dute.

Narkotrafiko thriller itxura du zuzendari kolonbiarren filmak, baina eman dioten ikuspuntu berri horrek asko aldentzen du egun modan dagoen gai honen inguruan egin diren gainontzeko proposamenetatik. Sinesmenen munduan murgiltzen gaituzte, lehen eszenak aurkezten digun ingurunean tradizioak indar asko baitu. Eta horrela, irudi iradokitzaile ugari dituen kontakizun honek era egokian landutako erritmoarekin garamatza bi indar hauen arteko borrokara: tradizioa boterearen aurka. Kultura oso bat txikitzeko ahalmena duen diru goseari kritika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.