kritika. Musika

Pianoarekin nahikoa

Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa

Zuzendaria: Yannick Nezet-Seguin. Pianista: Yefim Bronfman. Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 24.

Yefim Bronfman pianista amerikarrak eskaini zuen Franz Liszten 2. Kontzertua aurtengo Musika Hamabostaldiko harribitxi bihurtu da. Pianotik proposatutako Liszta ez zen suziri tekniko galaktikoetara mugatu, eta hasieratik, Rotterdamgo orkestrari beste soinu leunago bat exijitu zion. Interpretazio umila, egia tantaz zipriztindutako egundoko kalitatea. Kursaal auditoriumeko Steinway pianotik bakarlari pila bat pasatu dira azken urteotan, baina Bronfmanek oparitu zigun soinua gutxitan jasotzen den horietakoa da. Gozamen horretan Yannick Nezet-Seguin zuzendaria ere partaide izan zen, piano jole jakintsu bat zuelako alboan.

Rotterdamgo orkestrako musikariak maila ikaragarrikoak direla argi asko nabarmendu zen, batez ere harizko instrumentuetan, kontzertino andere garrantzitsu baten magalean. Podiumetik zetorren show-an ez zuten parte hartu nahi, eta orain arte beren zuzendari nagusi izan den kanadarrari begi-bistan erakutsi zioten talentu handia dutela atril askotan. Bitartean Nezet-Seguin bere kontzertuan zebilen, beretzat zuzentzen, Wolfgang Amadeus Mozarten Haffner Sinfoniako Allegro spiritoso eta Minuetto ataletan baxuak ito arte, arnasketarik gabe. Orkestra honen elkar entzuna ez da sakonegia eta haize metalaren nota luzeek ez zuten adiskideen erantzuna entzuteko aukerarik eskaini.

Pianoaren erakustaldiaren ostean Nezet-Seguinek Piotr Ilitx Txaikovski berri bat asmatu zuen, bere 4. Sinfonian inongo arrazoirik gabeko artikulazioak proposatuz eta berriz ere aurrean zituen musikariak entzun gabe, dena azkarregi edota geldoegi, musikaren arnasbideak sentitu gabe. Fagotaren bakar hotsa zoragarria izan zen Andantino amaieran —oboeak ikas dezala— eta haize metalaren indarra zuzenegia jaso zen, soinu zabal handi baten kontra. Pizzicato-etan zuzendariaren proposamena dibertigarri jaso zen, nahiz eta abiadura kontzeptuetan trabak azaldu eta amaierako Allegro con fuoco hain kaltegarri den Presto eroan, musika eskalak gora eta behera sakabanatuz, ezer ulertu gabe. Orkestrakideak zuzendaria baino musikari hobeak direnean, epe luzera arazoak suertatzen dira, ea beste batean ekoizten duen soinua entzuteko gai den Nezet-Seguin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.