Beren historia idazten ez duten herriak

Errozabalgo inguruetan, hainbat oroigarri daude Karlomagno eta Errolanen omenez, baskoien kontra galdu zutenen omenez. Orreaga fundazioak deuseztatu egin nahi ditu, bertakoen historia aldarrikatzeko.

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Historia herritar guziek egiten badute ere, normalki irabazleek idazten dute. Hala ere, Orreagako gudua Karlomagnok galdu zuen, eta, kasu horretan, galtzaileak eskuratu ditu loriak. Ez zen soilik galtzaile; lur haiek konkistatzera joana zen. Iruñeko Erresuma sortu zen guda horren ondotik, gerora Nafarroako Erresuma bihurtuko zena. Baina dagoeneko ez da erresumarik euskaldunentzat, eta historia besteren esku geratu da.

La Chanson de Roland (Errolanen kanta) sonatuak goratu egin zuen Errozabalgo batailan hildako buruzagi haren irudia. Ibañetako gainean, bera da bataila hartan hil zirenen artean monumentua duen bakarra: 1967an paratutako monolitoa. Hori gutxi ez, eta Orreagan (Nafarroa) beste oroigarri bat du, berriagoa. 2011n jarri zuten Mario Bassi de Vergiateren eskultura han, nahiz eta ez dagoen oso agerian. Eta, jakina, Errolanen omenezko oroigarriak altxatu ziren tokian Karlomagno omentzekoak ere jarri zituzten.

Luzaideri Valcarlos izena eman zioten, Karlosen harana, eta hori erabiltzen da gazteleraz. Aymeric Picaud erromesak Codex Calixtinus delakoan idatzi zuenez, Karlomagnok han hartu zuen aterpe bataila gertatu zenean. Toponimoarekin batera, bestelako oroigarriak ere baditu buruzagi frankoak. Karlomagnoren siloa —Orreagan dagoen kapera— da haietako bat, eta Crux Caroli edo Karlomagnoren gurutzea bestea. Guda osoki gogoratzen duen monumentu bakarra dago: 1968an Nafarroako Diputazioak Orreagan paratutako harri handia.

«Hori non gertatzen da? Munduan oso toki gutxitan. Nik hori ikusi dut Eskozian, Katalunian, Tirolen, Flandrian eta AEBetan siuxen eta navajoen nazioan; hau da, herri txikituetan», azaldu du Xabier Irujo historialariak. Euskal Herrian ez da hori kasu bakarra. Adibidez, Concha jenerala Abartzuzako batailan hil zen, Lizarrari erasotzen. Bada, hantxe du bere omenezko oroigarria. Antzeko kasu gehiago daude.

Euskaldunen bertsioa

Errozabalera itzulita, Orreaga fundazioak urteak daramatza oroigarri horiek salatzen. Urtero, 778ko gertakariak gogoratzen dituzte: Iruñearen suntsiketa eta Errozabalgo gudua. Koldo Amatria Orreaga fundazioaren lehendakariak azaldu du haien jarrera: «Errolan inbasore bat izan zen. Baskoiek Karlomagnoren gudarostea garaitu zuten, eta, beraz, Errolanek ez du oroigarririk merezi». Hori kendu, eta haren ordez «Nafarroaren independentziaren alde borrokatu» direnen omenezkoa jartzeko eskatu du. Baina oraingoz ez dute instituzioen erantzunik jaso.

Amatriak uste du beharrezkoa dela gertatutakoa zabaltzea. «Nafarrek Nafarroako historia ezagutu behar dugu», orain arte Espainia eta Frantziaren bertsioa zabaldu delako, haren aburuz. Are, salatu du abuztuaren 15ean—Orreagako gudaren eguna— egiten den ekitaldi instituzional bakarrak frankoen bertsioa ematen duela, Errolanen kanta irakurtzen baitute Orreagan. «Hori kontraesan hutsa da».

Berdin Iruñearen suntsiketarekin. Azken urteotan, oroigarri bat jartzeko galdegin diote udalari. Ez dute erantzun. Hori ikusita, unitate didaktiko bat prestatzen ari dira 778ko guduaren inguruan, baina oraindik ez dute hori aurkezteko datarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.