Frantziako hautagaiek informazio «faltsuak» geldiarazi ahalko dituzte

Oposizioak gogor kritikatu du Asanblea Nazionalak albiste faltsuen inguruan onartutako legea

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, herenegun, Statio F unibertsitateko campusean. LUDOVIC MARIN / EFE.
urtzi urkizu
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Frantziako Asanblea Nazionalak bi lege onartu ditu «informazioaren manipulazioaren» aurka borrokatzeko; oposizioko taldeek gogor kritika dute. Edonola ere, bi lege organikoek Frantziako Senatuaren azken onespena beharko dute. Legeak behin betiko onartzen badira, Frantziako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiek eta alderdi politikoek aukera izango dute epaileengana jotzeko «informazio faltsuak» geldiarazteko —bozen aurreko hiru hilabeteetako epean egin ahalko lukete—.

Lege proiektuaren arabera, bestalde, plataforma digital handiek —Facebook, Twitter...— gardentasuneko betebehar batzuk izango dituzte edukiak diru truke zabaltzen dituztenean. Testuan jaso dutenez, Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluak atzerriko estatu batek kontrolatutako emankizunak eten ahalko ditu. Hauteskundeetako emaitzak aldaraz ditzaketen «informazio faltsuak» zabaltzea galarazi nahi dute horren bitartez Frantziako Gobernuak eta Emmanuel Macron presidentearen alderdiak.

Azkeneko neurri hori «txantxa txartzat» jo du Jean-Luc Melenchonek, Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak. Alderdi sozialistako ordezkari Marietta Karamanlik, berriz, zalantzaz hartu du: «Asmo onek ez dituzte beti lege onak ekartzen». Oposizioko taldeetako hainbat bozeramailek «pentsamenduaren polizia» sortzeko saiakera ikusi dute lege berrietan. Les Republicains alderdiko Constance Le Gripek zailtasunak ikusi ditu legearen aplikazioan: «Epailearentzat karga handiegia irits daiteke, eta tartean instrumentalizazioak eta presioak egon daitezke».

Françoyse Nyssen Kultura ministroak, aldiz, ihardetsi du «premiazkoa» dela manipulazio saioen aurka erantzutea. «Proiektuan alor guztiak zaindu dira, eta ez da adierazpen askatasuna murriztuko», gaineratu du. Ministroak iragarri du, bestalde, prentsaren etikaren kontseilu bat sortuko dutela. Horren sorreraz arduratuko da Emmanuel Hoog, France-Presse agentziako presidente ohia eta Frantziako Ikus-entzunezko Institutu Nazionaleko zuzendari nagusi izandakoa.

Frantsesez, 'infox'

Oposizioko taldeek kritikak egiteaz gain, Anthony Bem prentsa eskubidean aditua den abokatuak kaltegarritzat jo ditu lege berriak. Bi lege proiektuak martxoan onartu zituen aurreneko aldiz Asanblea Nazionalak, baina uztailean atzera bota zituen Frantziako Senatuak. Orain, Senatuan berriro bozkatu beharko dituzte.

Bestalde, Hizkuntza Frantsesa Aberasteko Batzordeak erabaki du fake news itzultzeko infox neologismoa erabiltzea —information fallacieuse (gezurrezko informazioa) erabiltzea ere onetsi dute—. Frantziako Akademiako adituak azkeneko hilabeteetan eztabaidan aritu dira, eta infox neologismo berriak zer esana eman du azkeneko egunetan komunikabideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.