ITZULERAREN GAKOAK:

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Iazko itxialdi gogorraren ondoren, emanaldiak antolatzen hasi ziren berriro, baina egoera ez da inondik ere eramangarria oraindik, managerrek diotenez: murru berri batzuk egonkortu egin dira, eta pandemiaren aurretik bazeudenak, marduldu. Hauek dira urte eta erdiko itxialdi eta murrizketek utzitako paisaiaren ezaugarrietako batzuk.

Hauspoa diskoen salmentari: Beherakada geldiezinezko joera hartua zuen diskoen salmentak azken urteetan, eta, lehengora itzuli ez den arren, kontzertuen desagerpenak eragina izan du, besteak beste, publikoaren eskaeretan. «Forbidden Colours diskoetxean diskoak kaleratzen jarraitu genuen, eta hasierako konfinamendu gogorrean inoiz baino binilo gehiago saldu genituen gure webgunearen eta Bandcamp-en bitartez», dio Irene Prietok, bertako kudeatzaile izandakoak.

Profesional batzuek musikaren mundua utzi dute: Hilabeteetako ezegonkortasunak eta ezjakintasunak musikaren arloko hainbat profesional bultzatu ditu sektorea uztera, baldintza hobeak dituzten lanei heltzeko. Hala dio Iñaki Egitegi Forbidden Colourseko managerrak: «Oztopo ugariz jositako ibilbidea egin behar izan dugu azken hilabeteotan, eta, tamalez, hasi ginen guztiak ez gara iritsi gaurko egunera». Horren lekuko izan da Panda Artists Management-eko Joseba Razkin ere: «Jende on askok ihes egin du».

Emanaldi gehienak, instituzioen menpe: Murrizketen ondorioz, ikuskizunak aretoen %20ko edukierarekin antolatu behar dituzte. Horrek «ezinezko» bihurtzen du «emanaldi errentagarriak» programatzea, Ginmusicako Sergio Cruzadoren arabera, eta, horrenbestez, «arlo publikoaren mende» dago antolakuntza, dioenez. «Baina instituzioak ez dira ausartzen kontzertuak egitera, ezjakintasunagatik eta izan ditzaketen ondorio politikoengatik». Analisi bera egin du Razkinek: «Udal askok beldurra dute, kontzertu bat egiteagatik herrian agerraldirik balego akabatu egingo lituzketelakoan; baina hori bera fabrika batean jazo bada, ez da ezer gertatzen, ekonomia delako».

Proiektu berrietarako aukera gutxiago: Kontzertuek, jaialdiek eta gisa horretako egitasmoek artistei ematen dieten «ikusgaitasunik» gabe, «zaila da proiektuak abiatzea», Cruzadok azpimarratu duenez. Esaterako, berak kudeatzen dituen Izarok eta Belako taldeak bira bana zuten iaz Europan eta Latinoamerikan; bertan behera geratu ziren, eta, gainera, mugak itxita daudenez, ez dakite noiz ekin ahal izango dieten berriro. Era berean, artista berriak ezagutaraztea ere zaila dela azaldu du Cruzadok: «Orain hiru proiektu ederrekin hasi gara lan egiten: Idoia, Lukiek eta Miren. Baina, aurrekontu eta datarik gabe, zaila da, atzeratutako iazko egutegiak proportzionalki banatzen ari direlako aurten, gainera».

Aurretiazko prekaritatea: Egitegiren hitzei erreparatuta, lehendik ere zaurgarria zen sektore batek okerrera egin du pandemiaren ondorioz: «Manager edo booker lanetatik bakarrik bizitzea ez da erraza, eta betidanik izan ditut bestelako diru iturriak. Edonola ere, pandemiak bistan utzi duena da musikaren industria egoera prekarioan dagoela». Prietok ere aparteko diru sarrerak behar izan zituen manager lanetan aritu bitartean: «Ezin dugu hortik bakarrik bizi. Ni kultura kudeatzailea naiz, eta beste proiektu batzuekin uztartzen nuen agente lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.